Hona Eusko Alkartasunako alkate eta zinegotziek Kataluniako kargu publikoei babesa adierazteko Estatu eta Europar Batasuneko ordezkari politiko nagusiei bidalitako gutuna.
“Askatasuna, Giza Eskubideak eta Demokrazia defendatzen duzuenoi;
Nire herriko alkate edo zinegotzi gisa, espainiar gobernuak kriminalizatu eta atxilotu dituen kargu publiko eta 700 alkate baino gehiagori nire elkartasuna helarazi nahi diet. Demokrata naizen aldetik, larritua nagi zeharo Espainiak demokraziaren erlojua etengabe geldiarazi nahi duelako. Europar Batasuna mutu dago, bere kideetako batek, Espainiak, honakoak gauzatzen dituen bitartean:
- Gobernuburu ohi bat kriminalizatu du loteslea ez den galdeketa bat antolatzeagatik.
- Polizia indarrak erabili ditu bozka paperak eta hautestontziak konfiskatzeko.
- Gobernukideak kartzelaratu ditu.
- Egunkari eta astekarietan, inprentetan, alderdi politikoen egoitzetan sarekadak egin ditu.
- Parlamentuko lehendakaria auzipetu du Erreferendumaren inguruko eztabaida onartzeagatik.
- Adierazpen eta elkartze eskubideak murriztu ditu.
- Erreferendumaren inguruko informazioa azaltzen duen webgunea itxiarazi du.
- Alkateak auziperatu ditu Erreferenduma antolatzen laguntzeagatik.
Aurreko hamarkadan, Kataluniako gizarteak espainiar gobernuari eskatu dio, modu baketsu, argi, mailakatu eta demokratikoan, beraien eskakizunak aintzat har ditzala eta dituen arazoak konpontzea. Gizarte hau guztiz baztertua izan da, kontutan hartu gabea. Orain, eta estatu espainiarraren etengabeko erreakzio falta ikusita, milioika hiritar –europar- bozkatzea soilik eskatzen dute. Ez al da hau demokraziaren oinarria?
Europar Batasunetik kanpo dagoen edozein aberritan, jendea masiboki manifestatzen denean sistema demokratikoagoa eskatuz, EBak argiki azaltzen du demokraziaren eta oinarrizko askatasunen aldeko postura. Paradoxikoki, Katalunian gizarte –europarraren- eskubide zibil eta politiko hauek bermatu behar direnean, Europar Batasuna isiltasun zabar eta lotsakorraren atzean ezkutatzen da. Autodeterminazio eskubidea defendatzen duen Aliantza Libre Europarra (ALE) alderdi politikoko kide den Eusko Alkartasunako kargu naizen heinean, bere burua demokratatzat duen orori eskatzen diot urriak 1ean Katalunian bozkatzeko eskubidearen alde ager dadila eskatzen diot. Ez badugu ekiten eta gure lehentasunak defendatzen, demokrazia eta bere balioak albo batera uzten ditugu. Denok galtzen dugu, eta dena galtzen dugu.
ALEri eskatu nahi diot halaber EBko erakundeak deitzen jarraitzea, espainiar gobernuak kataluniar –europar- gizartearen eskubide zibil eta politikoen urraketaren aurka postura har dezaten, eta kataluniarren askatasun politikoa zaindu eta aintzat har dezaten. Espainiar gobernuari deia luzatzen diot Urriaren 1ean bozkatzea lagatzeko, eta Europar Batasunari demokrazia eta askatasun zibil eta politikoak defendatzeko.
Alkate edo zinegotzi naizen heinean, eginahalak egingo ditut Kataluniako alkate eta kargu publikoak kriminalizazio judizialetik babesteko, hauek guztion demokrazia defendatzen baitute. Eta zuk?
Adeitasunez”