Eusko Jaurlaritzak ez ditu Araba eta Gipuzkoako emergentzietako zentro koordinatzaileak Bizkaira lekualdatuko, langileen iritzia kontutan hartuko duen zerbitzuaren egoerari buruzko azterketa egin arte. Konpromiso hori lortu du Eva Blanco, EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko Kontseilu Nazionaleko kideak gaurko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Araba eta Gipuzkoako zentro koordinatzaileak desagertu eta Bizkaikoan integratuko zirenaren iragarpenak sortutako kezkatik abiatu da Blanco gaur defendatu duen ekimena aurkezteko. “Gaur egun dauden aukera teknologikoekin koordinazioa ez da leku fisiko batean zertan egin behar”, azpimarratu du.
Blancoren ekimena oinarri hartuta Osoko Bilkuran aho batez onartu den transakzioa egin dute taldeek, eta legebiltzarkideak adierazi duenez, “erabat beharrezkoa da datorren urtean egingo den zerbitzuari buruzko txostenak lanean dauden pertsonen ekarpenak hartzea”.
Ekarpen Legea
Gai ordenaren beste puntu batean, Eusko Jaurlaritza Ekarpen Lege berria aurkezteko deia egiten dion ekimena babestu du Leire Pinedok. Eusko Legebiltzarreko hainbat legeen tramitazioan atzerapena dagoela kritikatu du Pinedok, eta “erakundeen behar eta eskumenen errealitateari erantzuten dion Ekarpen Lege berria” egiteko beharra azpimarratu du, “batez ere orain, tokiko erakundeak Finantza Kontseiluko kideak direnean”.
Legearen mamiari begira, EH Bilduk “herri politikak garatzeko tresnak eta udalen autonomia sendotuko duen” Legea nahi duela adierazi du Pinedok.