Maiorga Ramirezek Nafarroako Gobernuari aurrezki entitate publiko bat sortzea aurreikusia duen galdetu dio
Nafarroako Parlamentuan EH Bilduko parlamentari den Maiorga Ramirezek gaur ospatu den Osoko Bilkuran Nafarroako Gobernuari galdetu dio “zein den bere prebisioa aurrezki entitate publiko bat sortzearen inguruan”. Maiorga Ramirezek adierazi du: “Nahiz eta akordio programatikoan ez den ikusten aurrezki entitate publiko bat sortzeko apustu argia bat, ez da haren kontrako jarrerarik antzematen”.
“Zentzu honetan EH Bilduk argi dauka behar beharrezko instrumentua dela. Botere publikoek kapitalismoak sortzen dituen arazoei aurre egiteko tresnak martxan jarri behar dituzte, eta horretarako finantzazioa ezinbestekoa da. Era berean hiritarrek eskubidea izan behar dute bere kudeaketa finantzieroak, gero etekinak gizarteari itzultzea helburu duen entitate batean egiteko. Aurrezki entitate publiko bat posible eta beharrezkoa da”.
EH Bilduko parlamentariari erantzunez, Manu Ayerdik, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak adierazi du momentu honetan bere lehentasuna “akordio politikoko konpromisuak betetzea dela“, eta hori izango dela gobernuak orain lehenetsiko duena.