Teknologia berriak eskuetan hazi diren nerabeek ez dute arazo teknikorik horiekin aritzeko baina erabilerak sortu ditzakeen kalteak lehentasuneko gaia izan behar da, “natibo digitalak diren gazteak, natibo digital seguru, arduratsu eta kritiko izatea lortzeko”, Lore Martínez Axpe, EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez. Gaurko Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako Osoko Bilkuran Jaurlaritzak haur eta nerabeek teknologia digitalekiko duten erabilera egokia izan dadin hartuko dituen neurriei buruz galdetu dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari Martínez Axpek.
Gurasoen papera azpimarratu du legebiltzarkideak teknologia berrietan haur eta nerabeen “bidelagun digitalak” izatea beharrezkoa dela esanda. Hori ez dela egun gertatzen uste du Martínez Axpek: “Nerabeen %29,1ek bakarrik aitortu zuen bere gurasoek neurri edo arauren bat jartzen dietela ingurune digitalean mugitzeko”. Izan ere, gurasoek ingurune digitalean kontzientzia eta prestakuntza behar dute haur eta gazteei laguntzeko eta egun ez dutela esan daiteke.
Etorkizunean euskal gizartea ingurune digitalean segurtasunez eta bertan jasotzen dituen mezuekiko kritikoa izanda mugitu ahal izatea bermatzea Gobernuari dagokio, Martinez Axperen ustetan. Egun Jaurlaritzak egiten duena ezer gutxi dela azaldu du: Sare sozial eta Interneti buruzko informazioa duen “Zeuk esan” programa, adibidez, zaharkitutako informazioa du.
Teknologia berrien arriskuak ondo dokumentatuta daude. OME-k (Osasunaren Mundu Erakundea), adibidez Internet eta sare sozialek “erabilera problematikoa” izan dezaketela aitortu du eta UNICEF-ek argitaratu berri duen dokumentuak arriskuei izen-abizenak jarri dizkie. Internetak bideojokuekiko menpekotasuna sor dezake; sare sozialetan grooming, Sextorzioa, Sexting eta ziberjazarpena bezalako fenomenoak ematen dira; telefono mugikorrak nerabeen bizitza baldintzatzen du, 10etik 6k, mugikorrarekin lo egiten baitute eta 5etik 1 gauez konektatzen delako. Bestetik, Facebooken barne ikerketa-txosten askok baieztatu dute haur eta nerabeetan ondorio negatibo larriak dituela jakin da aurten ere.