ETAren jarduera armatuaren amaiera; Katalunia eta Eskoziako subiranotasun prozesuak; Gure Esku Dago ekimena; lan harremanak erabat aldatu dituen krisi ekonomiko eta finantzarioa; Redondo-Mayor Oreja ofentsiba; legez kanporatzearen aroko PSEren Jaurlaritza; EH Bilduren sorrera; Nafarroako lau alderdietako gobernua; Iparraldean erakunde propioak sortzeko eman diren mugimenduak,… EAJ eta PSE Eusko Jaurlaritzan elkarrekin azkenengoz egon zirenetik eman diren aldaketetako batzuk dira horiek. Hala ere, EAJ eta PSEk egin duten eskaintza ordukoaren antza handiegia du.
“Gizarte aniztasuna”ri buruz hitz egiten dute Urkullu-Ortuzarrek, eta “zeharkakotasuna”ri buruz aritzen ziren Ardanza-Arzalluz. Baina zaila da Arriagako espiritua burura ez etortzea adierazpen horiekin. EAJk antzerkian bertan egin zuen asanblada eta gero hasi zen Arriagako espirituari buruz hitz egiten, eta jeltzaleen abertzaletasunaren “epeltasuna” –edo abertzaletasunetik aldentzea, hobeto esanda- eta Estatuarekin harreman onak ezaugarri izan zituen epeari buruz hitz egiteko erabili izan da.
Kontua da izen ezberdinekin bada ere, jokaera hori mantendu egin dela EAJn. Izan ere, Iñigo Urkulluk “gizartearen aniztasuna onartu” behar dela esaten duenean eta Arzalluzek “zeharkakotasunaren” alde egiten zuenean bide berdina erakusten ari ziren. Beraien ustez, PSE da aniztasuna edo zeharkakotasuna emateko gaitasuna duena, nahiz eta beraiekin lortzen duten gehiengoak gehiengo ez diren. Eta Estatuarekin harreman onak mantentzearena gertuago dugun “Espainia seduzitzea”rekin alderatu daiteke.
EAJ gutxitan aldendu da bide honetatik: Eusko Alkartasunak Juan José Ibarretxe Marko Politiko Berrirako Planera gidatu zuenean, edo Ajuria Eneatik kanpo egon zen lau urteetan.
Baina zer gertatzen da EAJk hautatzen duen zeharkakotasuna edo gizarte aniztasuna ez duenean gehiengo soziala osatzen eta mahai gainean garrantzi handiko erronkak ditugunean?
Marko politiko berrirako egiten duen proposamena legea onartzen duen euskal bidea dela azaltzen saiatu da EAJ azken egunotan. Baina errealitatean euskal-espainiar bidea da: euskal gizarteak etorkizunean zein formula juridiko-politikoa nahi duen esatera heldu daiteke eta Estatu espainolak mugak jarriko ditu.
“Ez naiz gauzatuezinak diren planteamenduetan egongo”, esan zuen Urkulluk ostegunean. Baina nork erabaki du gauzatuezinak direna? Eskozia eta Katalunian ez badira, zergatik Euskal Herrian bai? Euskal gatazka politikoarekin zerikusia duen ia guztia bezala, hor ere borondate politikoa da gakoa, gizartean erabakitzeko oinarria baitago.
Baina EAJren zuzendaritzak Euskal Herriarekin duen konpromisoa Nafarroan “baskismoa” deitzen den horretan du antza muga, herriaren ikuspegi folklorikoa baino gutxi gehiago.
Horregatik, marko politikoaren proposamena Madrilen mugatu zuten Kataluniako Estatutu horren pare geratuko da, Estatuak kataluniar gizartearen nahiari muga jarri zion horren pare.
Jeltzaleen zuzendaritzak duen jarrerarekin Gure Esku Dago bezalako gizarte ekimenek garrantzi handia dute, abertzale diren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei sigla eta alderdiei lotuta egon gabe lan egiteko aukera ematen baitie.
GEDren inguruan egingo diren galdeketek 2017. urtea markatuko dute hein handi batean eta erabakitzeko eskubidearen alde dagoen kolektiboa herri honen gehiengo anitza osatzen duena dela argi geratuko da.