Datorren igandean abertzaleok, independentistok eta subiranistok hitzordua dugu Aberri Egunarekin. Euskal Herria Auñamendien bi aldeetan dauden zazpi lurraldez osatutako nazioa dela eta bertako biztanleok gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dugula defendatzen dugun pertsona guztiontzat data seinalatua da Aberri Eguna.
Aurten, gure herriaren zati batean, Aberri Eguna hauteskundeen kanpainaurrean ospatzen dugu. Euskal Autonomia Erkidegoak apirilaren 21ean egingo dituen hauteskunde autonomikoak aukera paregabea dira ziklo politikoaren aldaketa finkatzeko eta nazio eta gizarte eraikuntzan aurrera egiteko. Datorren legegintzaldiak, lortutako eskubide sozialak sendotzeko eta eskubide berriak lortzeko ez ezik, pultsio nazionala berreskuratuko den legegintzaldia izan behar du.
Ildo horretan, ezinbestekoa da autogobernuaren ponentzia berraktibatzea. Ponentzia horretan, hautestontzietan adierazitako agindu demokratikoari jarraituz eta gizartearen gehiengoaren iritzia errespetatuz, indar politikook gai izan behar gara estatus politiko berriari buruz akordio batera iristeko. Hala ere, gogoratu behar da aurreko legegintzaldian EH Bildu eta EAJ, eta partzialki Elkarrekin Podemosekin, oinarrien inguruan akordio batera iristeko gai izan ginela eta EAJ ez zela gai izan akordioa betetzeko, PSErekin duen aliantzari kosta ahala kosta eusteko bere interes alderdikoiak lehenetsi zituelako.
Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren (NFEBHLO) erreformak aukera paregabea eskaintzen digu Nafarroa Estatuarekin eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan nahi duen harreman mota erabakitzeko gaitasuna duen subjektu politikoa dela aitortzeko. Gainera, funtsezkoa da NFEBHLOren erreforma horrek autogobernua, foraltasuna eta eskubide historikoak blindatzea, Auzitegi Gorenak trafiko eskumenari buruz berriki emandako epaia bezalako eraso birzentralizatzaileak saihesteko.
Iparralden, hirigune elkargoa lorpen handia izan zen. Lehen urratsa. Orain, aitorpen nazionalean eta eskumen-esparruan aurrera egiteko garaia da. Korsikan Autonomia Estatutuarekin irekitako bideak agerian uzten du Frantzia zentralistan ere gainazalaren azpian estaturik gabeko herrien eta nazioen aldeko korrontea poliki-poliki aurrera doala.
Hain zuzen ere, aukera-leiho horiek baliatu behar ditugu orain arte Madrilek eta Parisek karez eta kantuz itxita izan dituzten eztabaidetan aurrera egiteko. Egoera politikoak lurraldetasunari eta nazio aitorpenari buruzko eztabaidan sakontzeko aukera eskaintzen digu. Arduragabekeria litzateke ez aprobetxatzea.
Hori dela eta, berebiziko garrantzia du igande honetan Aberri Eguna ospatzeak. Eusko Alkartasunak, Hegoaldean, Iruñean ospatuko du, Euskal Herria Bilduko gainerako kideekin batera, eta Iparraldean, Uztaritzen, Bagira ekimenak deitutako ekitaldian. Halaber, Eusko Alkartasunak sortu zenetik abertzaleen arteko elkarlanerako espirituari leialak izanik, Aberri Egunaren bezperan, martxoaren 30ean, Euskal Herria Batera plataformak Bilboko Campos Antzokian antolatu duen ekitaldi bateratuan ere parte hartuko dugu.
Euskal Herrian, 2024ko martxoaren 29an.