Begoña Errazti Eusko Alkartasuneko presidenteak gaur ziurtatu du Gobernu espainiarrak ´eskura dituen mekanismo guztiak´ erabiliko dituela ´hemen ez dezagun normalizazio politikoaz hitz egin´. Horregatik, Euskal Herriak bizi dituen ´egoera zailean´ aurrean, ´lasaitasuna mantentzearen´ alde agertu da.
ETBri eskaini duen elkarrizketa batean, EAko buruzagiak adierazi du Ibarretxe lehendakariak eginiko proposamenak EAEko azken hauteskunde autonomikoetan gizarteak agerturiko gehiengo nahia ´asetzen´ duela. ´Euskal hiritargoa da ekintza politikoa dugun muga bakarra´, esan du.
Bere ustez, proposamenarekin Eusko Jaurlaritzak ´agindu elektoral´ hori bete nahi duen bitartean, ´indar batzuek burua dute sartuta guk ez betetzea´. ´Ez doaz alderdi edo Gobernu baten aurka, baizik eta herri honen gehienen borondatearen aurka, eta hori onartezina da, arduragabetasun politiko larria da, eta zentzu demokratikoaren gabezia izugarria´, gaineratu du.
´Aurrera ateratzen saiatu gara, ahal dugun guztia egingo dugu eta euskal hiritargoak nahi duena lortzea eragozten dutenen erantzunkizuna bilatu beharko dugu. Onartezina da ikustea nola nazionalismo espainiarraren edota zentralismo madrildarraren zilegizko interesi erantzuten dieten indar politikoak argudio guztiak erabiltzen saiatzen aritzea, hauteskunde batzuetan euskal hiritargoak agindu duenaren aurka joateko´, azaldu du.
Hori dela eta, Erraztik nabarmendu du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak ahalegin bat egitea Ibarretxeren proposamena ´inbentaturiko zerbait´ ez dela eta Konstituzioak berak ere ´beste harreman marko bat egon daitekeela´ aitortzen duela erakusteko.
´PREZIO POLITIKOA´
´Hau akabua dela´ esanez popularrek eta sozialistek eskaintzen dituzten mezuak kritikatu ondoren, ezeztatu egin du Ibarretxeren ekimena indarkeria bukatzea lortzeko ETAri ordaintzen zaion ´prezio politikoa´ denik, ´ETArekin ez delako hori negoziatu´. ´ETAri ez diogu inolako protagonismo politikorik eman behar gure aldarrikapenetan´, gaineratu du.
Bere ustez, ETAren indarkeriak ´Euskal Herriari egiten dio min lehendabizi, eta batez ere ideia abertzaleei ikuspegi politikotik, sufrimenduaz gain, hori nahiko banatuta baitago gure herrian´. Hala ere, ordezkari popularrek eta sozialistek pairatzen duten ´presio dramatikoa´ nabarmendu du.
Azkenik, Sozialista Abertzaleak taldeak ordezkaritzarik ez badu ´guztiok´ galtzen dutela adierazi du, eta horregatik, ´arazoaren sustraira joatearen´ alde agertu da.
Jatorria: Begoña Errazti