Juan Jose Pujana Arza. Eusko Legebiltzarreko presidente ohia
Denbora gehiegi daramagu, Espainiako estatuan Euskal Herriarekin lotutako jarduera politikoari dagokionez, forman eta mamian, gertatzen ari den degradazio arriskutsu, pixkanakakoa eta, batez ere, arduragabea erabiltzen ari direla ikusten. Bertako edo kanpoko edozein begirale inpartzial jabetu ahal izan da zuhurtasuna, arrazionaltasuna edo gutxieneko objektibotasuna ez direla erabiltzen ari politika egiteko garaian. Euskal abertzaletasun osoa terrorismoarekin parekatzen ahalegintzeko eta nahasteko ageriko helburuarekin, gizarte-mailako hedabideen alde bakarreko manipulazio interesatua eta erdi egia bidegabeak, edo gezur biribilak zenbaitetan, euren burua «guk demokratok» bezala kalifikatzen dutenak lotsa politikorik gabe erabiltzen ari dira. Bestalde, arbuiagarria da biktimen atsekabeaz egiten ari diren erabilera eta manipulazioa. Zerbait esatearren, jarrera lizuna da.
Jakintzat ematen dugu testuinguru demokratiko batean gaudela, eta, zehatzago esanda, mendebaldean den askatasun testuinguru batean gaudela. Testuinguru horretan ezin dut ulertu aurreko legegintzalditik herria ordezkatzen duten erakundeak gaizkitzeko eta legez kanpo jartzeko, kasu honetan Lehendakaria, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza, egiten ari diren ageriko ahalegina. Alderdi Popularreko eta Sozialistako jaun-andreak, pentsatu al duzue zer gerta daitekeen gutxieneko errespetua eta ardura ez badago, eta ordezkariak biltzen dituen erakunde demokratiko horiek degradatzen badira? Euskal Herriaren zati hori nork ordezkatuko du?
Irailaren hogeita zazpian, Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorrari buruzko eztabaidan, Ibarretxe Lehendakariak, Hauteskunde-programan eta Legebiltzarrean bertan agindutakoari jarraiki, beste hainbat gauzaren artean, gure Autonomia Erkidegoaren Bizikidetasuna eta Normalizazio Politikorako Plana aurkeztu zuen. Bat etorri ala ez, Plan bat aurkeztu zuen, serioa, zehatza, modernoa, Espainia eta Europako antolamendu juridikoa errespetatuz eta, gainera, Herriko politikak eta gizarteak parte hartzeko aukera eskainiz. Bestalde, Plan horretan ez da jasotzen Euskal Herria titularra izan ez den puntu bakar bat. Horrenbestez, ez du bere eskuduntzetatik kanpo dagoen ezer eskatu.
Planaren garapenean inor ez da kanpo geratzen, eta egingo den guztia demokraziaren barruan burutuko da. Proiektuak, indarreko antolamendu juridikoan, ez du legerik hausten. Halaber, ez du independentziarako alde bakarreko deklaraziorik, norbaitek maltzurkeriaz aurkakoa aditzera eman badu ere. Proiektuan bertan berorri eusten dioten oinarri juridikoak zehazten dira. Ez da ezer aldatu behar: Konstituzioak Eskubide Historikoak babestu eta errespetatzen ditu, Abolizio Legeak eta euren ondorioak espresuki indargabetzen ditu, transferitzeko aukera ezartzen du, baita Administrazio Zentralarenak bakarrik diren eskuduntzak ere. Estatutua, bestalde, Euskal Herriaren naziotasunaren adierazpena da, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenek, eta 1966an Espainiako erresumak sinatu eta 1977an berretsitako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei buruzkoek, Proiektuan jasotako guztiari babes juridikoa eskaintzen diote. Hori guztiok dakite, baita Aznar jaunak, Rodríguez Zapatero jaunak, Estatuko Fiskal Nagusiak eta Auzitegi Konstituzionaleko Lehendakariak ere.
Zer erantzun dute hipernazionalismo espainiarra izenda daitekeen horren aldekoek? Argudio politiko edo juridiko bat bera ez. Deskalifikazioak eta irainak besterik ez, era guztietako mehatxuak eta arbuioa. Zer besterik esan nahi dute Aznar jaunak eta Rodríguez Zapatero jaunak hedabideetan egindako eta jarraian hitzez hitz errepikatuko ditudan adierazpenek? «Fanatiko batzuen txorakeriak», «legez kanpoko erregimen bat inposatzea», «zein lege betetzen diren eta zeintzuk ez aukeratzeko inongo eskubidea euren gain hartzea», «proiektu etnikoa», «erregimen baztertzailea inposatzea», «euren anbiguotasunetik sortutako erokeria», «terroristei argudioak emateko eta entretenitzeko baino balio ez duten ametsak», «abertzaleek beti badute terrorismoaren aurka borrokatzea baino zerbait garrantzitsuagoa egiteko», «Legea imintziorik gabe aplikatuko dugu, irmoki eta konplexurik gabe», «gure proiektua arriskuan jarri nahi duten guztiek gal dezatela edozein itxaropen». Esaldi goxo horiek guztiak Aznar jaunak esandakoak dira; Aznar bera, Palestinaren kasuan, eta guztiok dakigun bezala, «bakea lurraldeka» politikaren aldekoa zela, eta Kolonbiako gatazkan gerrillarekin eta narkotrafikoarekin elkarrizketatzeko eta bitartekari lanak egiteko prest zegoela ahaztu gabe.
Bere ardura hipernazionalista Aznar jaunari (honek eskatu ala ez berdin da) eskaini dion Rodríguez Zapatero jaunari ere eskerrak eman behar zaizkio, berak «ona eta koherentea euskal herritarrentzat» zer den jakin badakielako eta «euskaldun zuzena» izateko formula baduelako. Rodríguez Zapatero jaunak «gobernuari bere erantzukizuna burutu dezan eta erronka geraraztearren legea aplika dezan exijitzen dio». «Ibarretxeri, berehala zuzendu dezan eskatzen dio», eta Proiektua «onartezina, inkoherentea eta euskaldunen interesentzat negatiboa» bezala kalifikatu du, «irtenbiderik gabeko bidea da»…
Onargarria al da Espainiako politikaren ustezko arduradun nagusiek, adierazitako erregistro dialektikoetatik kanpo besterik ez eskaintzea? Ba al dago ergelkeria eta arinkeria handiagorik? Neure buruari behin baino gehiagotan galdetu diot zer gertatzen ari ote den Espainian euskal gatazka besterik aipatzen ez denean. Arrazionaltasunak zirkuitulaburra jasan eta guztiak okerrera egingo balu bezala dirudi. Logikoa ilogiko bilakatzen da, legala ilegal, argia ilun… Noiz arte hainbeste zentzugabekeria? Demagogiak saihestuta eta behin betiko, argi dago euskal gizartea, orokorrean, bakea eta guztiontzat askatasuna lortzen lehen interesatua dela eta ETA Francoren diktaduraren produktua dela.
Aitortu ala ez, euskal gatazka deitutako hori politikoa da, jatorria 1839ko urriaren 25eko Lege ezagunean duena. Lege horren arabera, lehen aldiz, halabeharrez, penintsulako lau Euskal Lurraldeak, euren nahiaren aurka, Espainiako Konstituzioaren barne sartu zituzten. Funtsezko gertakari hori onartzen ez duen edozeinek, noski, ez du arazoa konpontzeko legitimaziorik eta deskalifikatu egiten da. 160 urte baino gehiago irauten duen gatazka batek edozeini pentsatzeko arrazoiak eman behar dizkio, are gehiago arduradun politiko bati.
Behin eta berriz Konstituzioari eta Estatutuari errespetua eta leialtasuna argudiatu eta eskatu da, baina nork ez ditu errespetatzen etengabe? Ahaztu egin al dute O-23ko kolpe militarraren izpiritua gailendu zela, Loaparena zuzendu zuela eta gaur egun indarrean dela? Estatutuarekin zer egin da Gorte Nagusietan eta ondorioz Auzitegi Konstituzionalean? Ez al da Konstituzioan eta Estatutuan, horretarako ezarritako prozeduretatik kanpo aldaketarik egin? Estatuak bere aldetik hainbeste aipatutako «Estatutu Ituna» eteteko gaitasuna badu, beste aldeak ez al du betetzen ari ez direla salatzeko, eta ondorioz, edozein konpromisotatik libre geratzeko gaitasunik? Bidezkoa al da inbutuaren legea edo oker dagoena onartu behar izatea?
Arazoei errotik aurre egiteko unea iritsi dela uste dut, planteamendu zehatzak egiteko, elkarrizketari bidea emateko, demokrazia zabaldu eta sakontzeko, gauzak eta proiektu politikoak ez nahasteko unea. Euskal Herriak inoiz ez du onartu eta ez du onartuko indarrez ezarritako ezer, ezarpen hori Estatutik etorri edo ETAtik etorri berdin da, eta hori argi ikusi da azken 163 urteetan. Lasaitasunerako, hitzen desarmerako, eta erakundeak errespeta daitezen, deia luzatu behar da. Euskal Herria Nazio bat da, horrela aitortzen dute Konstituzioak eta Estatutuak, eta nazio bezala, bere jatorritik eta berezko izaeratik, eta ez inongo Konstituziotatik datozen eskubide hautsiezin, besterenezin eta kendu ezin daitezkeenen titularra da, bere inguruarekin bakean bizi nahi duen, baina inoiz inoren mendean bizitzea onartuko ez duen herria, are gutxiago bere baimenik gabe indarra erabiliz bada. Hori ezagutzen ez duenak edozer gauza esango du, baina ez du inolaz ere gure Herria ezagutzen. Demokrazia egunez egun, ez hitzekin bakarrik ekintzen bidez ere, egin eta hobetu behar da, eta trumoi-kutxa erabiltzeak ez du arrazoiarekin eta demokraziarekin zerikusirik, edozein ondorio izan dezakeen indar gordinarekin baizik.
Jatorria: Juan José Pujana