Aurrekontuek, aurrez zehaztutako helburuak lortzearren finkatutako programen
balorazio ekonomiko eta monetarioa islatzen digute. Beraz, aurrekontuak osatzeko
erabili den teknikaren balorazio bat egiterakoan, honako bi ikuspegi hauetatik
aztertuko ditugu:
- ea programa guztiak era koherente batean, elkarren
arteko armonian jasotzen diren
– eta ea aurrekontuek ondorio ekonomikoa duten ekimen guztiak barnebiltzen dituen
Zentzu honetan, Eusko Alkartasunak, aurrekontuen
kalitate teknikoa ona dela uste du. Gure ustetan ez dago inolako utzikeria ez
eta egoki-gabetasunik.
Noski, zuen ikuspegitik hainbat programa berriren
beharra sumatzen duzue, eta barnebilduta dauden beste batzuk soberan daudela
uste duzue. Baina ezin daiteke haztatu ikuspuntu desberdinetik abiatzen garela,
aldarrikatzen dugun gizarte eredua desberdina bait da. Ondorioz, zuek proposatuko
zenituzketen programak beste batzuk izango lirateke. Honetaz eztabaidatuko dugu,
baina honek ez du zer ikusirik aurrekontuak aurkezteko teknikarekin, eta beraz
ez da arrazoi nahikoa aurrekontuak teknika ez egokiaz diseinatuta daudela egiaztatzeko.
Ez dira aurrekontu ilun eta demokraziaren kontrakoak,
Legebiltzarrari ez zaio informazioa ezkutatu eta ez da eztabaida uxatzeko inolako
ahaleginik egin, hori sinistu arazi nahi badiguzue ere.
Aurrekontuak hainbat tomotan jaso dira, denak
igorri dira legebiltzarrera, bai eta 2001.urteko aurrekontuen kitapenaren aurreikuspena.
Batzordean, sailburuen agerraldiak ospatu ziren. Bertan, galdetutako zalantza
guztiei erantzun eman zieten eta une horretan erantzunik ez bazuten, hurrengo
egunerako idatziz igorri zuten.
Beraz, ez da daturik ezkutatzeko inolako intentziorik
egon eta are gutxiago eztabaidari muzin egiteko. Ezin dugu ahaztu zuek izan
zaretela osoko bilkurarako egin den deialdi bakoitzari uko egin diozuenak. Eta
horregatik gaur arte ez dugu eztabaidatzeko aukerarik izan. Baina bakoitzak
jakingo du zein den bere erantzunkizuna.
Partehartze honen hasieran esan dut, aurrekontuak,
aurrez finkatutako helburuak aintzat harturik osatzen direla. Baina, helburu
hauek finkatzeko, ezinbesteko baldintza da azterketa ekonomikoa egitea, benetako
abiapuntua eta diagnostikoa zein den ezagutzea ezinbesteko baldintza da. Aurrekontuekin
batera, azterketa makroekonomiakoa igorri zaigu. Eta noski azterketa honek,
joan den irailaren 11an gertatutako atentatuek izan dezaketen eragina oso kontutan
du. Zentzu honetan 2002. urterako ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena zehazterakoan
zuhurtasun handiz jokatu da, jakin badakigulako, gertaera hauen ondorioz, ziurrenik
eskaeraren aldetik krisialdia etorriko dela: inbertsio, kontsumo eta kanpo eskaerak
jasan dezaketen murrizketagatik. Hazkunde ekonomikoa %3an aurreikusi da. Egia
da, azken urte t’erdian, hiru hilabeteko BPGren hazkundea kalkulatu den bakoitzean
gutxitzen joan dela. Ala ere, hazkunde ekonomikoa ematen da eta ezin dugu ahaztu
Euskal autonomia erkidegoa dela, bere inguruan, BPGren hazkunderik handiena
duen herria.
Zentzu honetan, Jaurlaritzak, egoera honi, bere
esku dituen tresna guztiak martxan jarriaz, aurre egingo dio. Adibidez: gizarte
gastua eta inbertsiorako ahalegina areagotuz, zikloaren kontrako aurrekontuak
aurkeztuz, defizit publiko maila batekin eta aurreko urteetan gertatutakoaren
kontra zor publikoaren jaulkia aurreikusiz.
Hemen ahalegin hau egin bada, ez da horrelakorik
gertatu Espainiar Gobernuak aurkeztutako aurrekontuetan, eta harrigarria da,
baita ere, edozein aldaketa egiteko duen kontrako jarrera, nazioarteko erakundeen
aholkuak ere ez ditu aintzat hartzen. Irailaren 11kako gertaeren ondoriorik
gertukoena mundu mailako ekonomiaren ziurgabetasuna dela onartzen badute ere,
badakizu zein izan zen Montoro jaunaren erantzuna? ‘los presupuestos no
incorporan ninguna decisión de ingreso o de gasto que sea perjudicial
para la actividad económica’. (noski, hori edozein egoeretan gertatzen
da, eta gobernuak ez du inoiz onartuko kaltegarriak diren neurriak onartzen
dituenik, bere ikuspuntutik indarrean dauden ekimnak egoera horretan eman daitezkeen
onenak dira) Jarraitzen du esanez, ‘El Estado presenta un déficit
del 0,5% del PIB que se compensa con un superávit de la Seguridad Social
en la misma cuantía y con equilibrio de las comunidades autónomas
y ayuntamientos’. (beraz, berak ez du neurrik hartzen eta erantzukizuna
besteei igorri die) Zuk pentsa Zenarruzabeitia andereak emandako erantzuna dela.
Ziur naiz erantzun hau asko kritikatuko zenuketela, argi geratzen delako ez
dagoela inolako erantzunik irailaren 11an gertatutakoak izan dezaketen eraginari.
Orain badakizue, zer pentsa dezakegun gainontzekoek alderdi popularrak eskaintzen
dituen soluzioen aurrean.
Itun ekonomikoa berritzeko sortu den eztabaida
eta liskarra baloratu aurretik, Espainiar Gobernuak, kupoarekin egiten duen
erabileraren inguruan gogoeta bat egin nahiko nuke. ‘Ventana Ekonomica’
aldizkariak argitaratzen dituen datuen arabera, esan daiteke Espainiar Gobernuak
Kupoaren bidez jasotzen dituen diruak, ondoren ez direla, berriro ere, inbertsio
eran, Euskal Autonomia erkidegora itzultzen. Alderdi Popularra gobernuan dagoenetik,
urtero, bataz beste, 47.100 miloi pezetatako inbertsioak besterik ez ditu egin.
Eta 97. Urtean inbertsioen kopurua 20.581 miloi pezetetakoa izan zen soilik.
Honek agerian uzten du Espainiar Gobernuak egoera hau mantentzeko duen interes
berezia. Egoera hau izanik, Jaurlaritzak, oraindik eskuratu gabe dituen eskuduntzengatik
beharrezkoa den kupoa ordainduko du. Aldiz, ez dago behar dena baino gehiago
ordaintzeko prest. Eta hau da benetako gakoa. Alderdi Popularrak, arazoa beste
arlo batetan dagoela sinistu arazi nahi badigu ere.
Ala ere finantza arloan ito nahi gaituztenak
badaude ere, sortu den egoera honek ez du aurrekontuen ziurgabetasuna sortzen.
Adostasunik ez badago ere, Aldundiek diru bilketa egiten jarraituko dute eta
aportazioen legea jarraituz, Jaurlaritzaren diru sarrera zehaztuko bait da.
Dagoeneko Euskal Finantza Kontseiluan erabakia hartu da gainera.
Edozein kasutan, esan daiteke, itun ekonomikoaren
berritzea zalantzan jartzen dutenak, unilateralki erabakiak hartzen dituztenak
direla eta berritzea adostasunaren ondorio izan behar duela onartzen ez dutenak
direla. Eta egoera honi ez nioke ‘precariedad política’ deituko,
guk egoera hau prepotentzia politikoa bezala definitzen dugu. Inolako borondate
politikorik azaldu ez duelako definitzen dugu horrela.
Jaurlaritzak bere jarrera egun indarrean dagoen
legedian oinarritu du. Gernikako Estatutua eta Itun Ekonomikoa arautzen duen
legea hartu ditu oinarritzat. Aldiz, Espainiar Gobernuaren aldetik jaso duen
erantzuna xantaia izan da. Itun Ekonomikoaren legearen jarraipena unilateralki
indarrean jartzea edo aldundiekin banaka negoziatzeko erabakia izan dira besteak
beste eman diren proposamenak. Jarrera hauek non dute oinarria xantaian ez bada?

Eta gai honekin amaitzeko, esan behar dut, itun
ekonomikoarekin gertatzen ari denak, Espainiar Gobernuak, autonomia erkidego
honi bere eskuduntzak murrizteko duen jarrera erabat garbi uzten duela.
Eta orain, aurrekontuetako programekiko egiten
diren kritikei erantzuteko hainbat argibide:
Pribatizazioak: hauek, berez, ez diote ezerri
erantzun zuzena ematen. Kudeaketa pribatua, kudeaketa publikoa baino hobea dela
esatea, dohaineko egiaztapen bat da. Bretaina handian tren garraio sistemarekin
gertatu dena adibide bezala jar dezakegu. Garraio sistema hau publikoa zen garaian
ondo zebilen, etekinak ematen zituen, eta pribatu zenetik, zerbitzu kalitatea
jaitsi egin zen eta gaur egun horrenbeste galera batu ditu, publiko egiteko
prestatzen daudela. Pribatizazioaren alde egoteko beste arrazoia, diru iturria
dela da. Baina Jaurlaritzaren politika ez da pribatizazioak erabiltzea finantziazio
sistema bezala. Ez du Espainiar Gobernuak egiten duena jarraitzen. Pribatizazioak,
interes orokorrerako ez ezik pertsona zehatz batzuen onurarako erabili ditu,
horre hor zer gertatu den Telefonika Endesa edo Repsol-ekin.
Enplegua: enplegu politiketarako aurreikusten
den diru kopurua, 2001. Urteko aurrekontuen kitapena oinarritzat hartuta, partida
hauek %40,7ko igoera jasaten dute. Gogoratu behar da baita ere, langabezia tasaren
garapena positiboa izan dela. Eta azken hiru hilabetekoan langabezia tasak gorantz
egin badu ere, ez da joan den urteko abenduaren mailetara iritsi. Joan den abenduan
langabezia tasa %16,4koa bazen egun langabezia tasa %11,5koa da. Emakumearen
langabezia tasaren garapena ere baikorra izan da eta gogoratu behar da emakumeak
kontratatzeko laguntzak ematen dituzten ekimenak aurreikusten direla.
Baina arlo honetan, garrantzitsuena, 20 urteren
ondoren behin eta berriz ukatzen zaigun transferentzia da. Eta eskuduntza hau,
Legebiltzar honek behin eta berriz exijitu du.
Ikerkuntza: egiten da. Nahiz eta berriro ere,
eskuduntza honen gabeziarekin topatzen garen, 20 urteetan zehar horrela ukatu
zaigulako. Arlo honetarako programa oso bat aurreikusten da, 11.450.114 euroz
hornitzen delarik.
Lanbide heziketa: aurrerapauso garrantzitsuak
eman dira, besteak beste, lanbide heziketarako euskal plana indarrean jarri
zenetik. Bere helburua, bizitza osoan zehar osotarako heziketa bat ahalbideratzea
delarik. Atal honetan Hobetuzekin gertatzen ari dena salatu nahiko genuke bai
eta Espainiar Gobernuak onartu berri duen lanbide heziketaren planak, euskal
planean duen eragina, honen eskuduntza murrizten duelarik.
Industria: Enpresa txiki eta ertanei laguntzeko,
bestek beste, Bideratu programa dugu. Beraien baliabideekin aurrera ateratzeko
zailtasunak dituzten industria alorreko enpresei zuzendutako programa da hau.
Osasuna: arlo honetan egiten den ahaleginak,
gobernuko gastua bere osotasunean hartuta baino,porzentualki, gehikuntza handiagoa
jasan du. Honela BPGren %4,2koa da osasun gastua, bere garrantzi erlatiboa areagotu
delarik.
Etxebizitza: 2001.urteko aurrekontuen kitapena
oinarri bezala hartuta, %30eko igoera jasan du. Eta sail honek beregain hartu
dituen konpromisoak zehatzak dira: babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko
lurra erosteko konpromisoa hartu da, alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa
ere hartu da. Eta guzti honetarako lurraren legea legebiltzarrera igortzeko
konpromisoa hartu da.
Arrazoi guzti hauengatik zuen osoko zuzenketari
gure kontrako botoa emango diogu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna