1. Azkenik, zein politika
garatuko duzu gure erkidegoan, Sailburu andrea, 0-3 tarteari dagokionez?
2. Zein neurri hartu behar
dituzu, 0-3 tartea Eskola Mapan sartzeko, Eskola Publikoarekiko lehiakortasun
zintzo bati eusteko, hezkuntzan lan egiten duten profesionalen baldintzak hobetzeko
eta esparru honetan erakundeen arteko harreman-eremua antolatzeko?

1.- 0-3 urteko tarterako Planaren helburuak
0-3 urteko tarterako politika, gure erkidegoan,
seme-alabak dituzten familiei laguntzeko Erakunde arteko Planaren baitan dago.
Plan hori 2001eko ekainean aurkeztu zen eta berori garatu eta burutzea Justizia,
Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio. Lau neurri-multzo hauek biltzen
ditu:
- Familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren arteko
elkar ulertzeko neurriak
– Seme-alabak dituzten familiei laguntza-zerbitzuak eskaintzeko neurriak
– Neurri ekonomikoak eta zerga-mailakoak
– Sentsibilizazio-neurriak
Seme-alabak dituzten familiei laguntza-zerbitzuak
eskaintzeko neurriei buruzko bigarren multzoaren barruan, landa-zonetako eta
4.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako haurtzaindegien, haur-eskolen
eta adin-txikikoei arreta eskaintzeko zentroen inguruko neurriak daude.
Neurri horiek gauzatu ahal izateko, EAEn 0-3
urteko tarterako berariazko erregulazio-plan iragankorra eta esperimentala ari
gara garatzen. Aldi iragankor hori 2002/2003 ikasturtetik 2004/2005 ikasturtera
bitartekoa da.
Plan horren barruan, Justizia,
Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio 0-3 urteko tartearen koordinazioa,
ebaluazioa eta jarraipen orokorra egitea, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko
Erakunde arteko Planaren barruan. Helburua da seme-alabak dituzten familiei
laguntza-zerbitzuak eskaintzeko neurriek familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren
arteko elkar ulertzea ahalbidetzea. Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren
ardura izango da aukera-berdintasuna eta elkartasun-irizpideak bermatzen dituzten
familiei bekak ematea. Landa-testuinguruari eta 4.000 biztanle baino gutxiagoko
udalerriei dagokienez, hiru urtetik beherako haurrei arreta eskaintzeko neurriak
Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ardura izango dira. Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailaren ardura izango da 0-3 tarterako eskaintza erregulatu, antolatu
eta koordinatzea. Azkenik, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren ardura izango
da sailen arteko koordinazioa aipatutako planei dagokienez.
Modu berean, lanerako mahai bat antolatu da Foru
Aldundiekin eta Eudel erakundearekin batera, erakunde arteko esku-hartzean laguntzeko
eta berau koordinatzeko.
Eusko Jaurlaritzak bere gain
hartu du 0-3 urteko tarte hau arautzeko ardura, horretarako indarrean dauden
lege-aurreikuspenak jarraituko direlarik, bai LOGSE legean eta ekainaren 14ko
1004/1992 Dekretuan ezartzen den izaera organikoko oinarrizko araudiari dagokionez,
bai EAEko araudiak berak, Euskal Eskola Publikoaren legeak eta abuztuaren 11ko
236/1992 Dekretuak, EAEko Haur Hezkuntzako curriculuma arautzen duena, ezartzen
dutenari dagokionez.
LOGSE legearen arabera, Herri Administrazioei
dagokie etaparen plangintzaren koordinazioa eta eskola-postuen eskaintza egitea.
Horretarako, toki-korporazio desberdinekin, bestelako Herri Administrazioekin
eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu desberdinekin lankidetza-hitzarmenak
sinatuko dira.
Euskal Eskola Publikoaren Legearen 9. artikuluko
2. atalak xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Administrazioak, administrazio eta
gizarte-agente desberdinekin batera, zero urtetik aurrerako eskolatzea arian-arian
finkatuko du, hala eskatzen duten guztientzat, eta hezkuntza-arloei haur-eskolatzearen
aukeren berri emango die.
0-3 tartean ezartzen diren lehentasun-irizpideak
kontuan hartuko dira, indarreko lege-aurreikuspenen, sare publikoaren eta pribatuaren
arteko orekaren eta egungo fluxu demografikoen arabera. Gainera, landa-testuinguruetako
eta geografikoki isolatutako zonen beharrei erantzungo zaie.
Etapa honen borondatezko izaera kontuan hartuta,
zentroei emango zaizkien dirulaguntzen erregimen bat eta aukera-berdintasuna
ziurtatuko duten eta familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren arteko elkar ulertzea
sustatuko duten familiei laguntzeko beken politika bat aurreikusi dira, hartara,
familiek nahi duten seme-alaba kopurua eduki ahal izateko.
Zehazkiago, hauek dira 0-3 tartea erregulatzeko
Plan honen lehentasunez helburuak aldi iragankorrean:
1º. 0-3 tartean eskaintza publikoa sustatzea,
hitzarmen eta bestelako lankidetza-formulen bidez, Toki Administrazioekin, egungo
udal-eskaintzari eusteko eta titulartasun publikoko plaza berriak sortzeko asmoz,
Eusko Jaurlaritzaren eta Toki Administrazioen arteko partzuergoen bitartez.
Eskaintza publikoaren gehikuntza horren helburua bi sareen, hau da, sare publikoaren
eta pribatuaren arteko oreka handiagoa lortzea da.
2º. Familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren
arteko elkar ulertzea errazteko neurri desberdinak sustatzea, hala nola ordutegi
malguak, jangela-zerbitzua eta bestelako zerbitzu osagarriak.
3º. Landa-testuinguruko edo geografikoki
isolatutako zonetan esperientziak garatzea, hiru urtetik beherako haurrentzako
arreta-zentroen bitartez, testuinguru horretara egokitutako eskakizunak eta
baldintzak ezarrita.
4º. Familiei bekak emateko politika garatzea,
elkartasun-irizpideei jarraituz eta hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrentzako
eta gizartean eta kultura-mailan baztertuta daudenentzako arreta eta familia-motaren
(familia gurasobakarrak, familia ugariak, zaharrek zaintzen dituzten haurrak,
desegindako familiak, etab.) ondoriozko beharrak kontuan izanda.
5º. Hizkuntz ereduen eskaintza sustatzea,
hartara haurrek EAEko bi hizkuntza ofizialekin kontaktua edukitzeko.

2.- Egoeraren diagnostikoa
2001-2002 aldian
- Egun 613 zentro daude eta bertan hiru urte
baino gutxiagoko 21.357 haur dago; tarteen arabera, honako hau da haur horien
banaketa:
- 1.928 0-1 urteko tartean: %12
– 4.108 1-2 urteko tartean: %25
– 15.321 2-3 urteko tartean: %93
- Hezkuntza Sailaren mendeko zentro publikoak
293 dira, eta batez ere 2-3 urteko tarteko haurrei eskaintzen zaie arreta, hain
zuzen, 7.167 ikasle, edo lehen-zikloko guztizko eskaintzaren %34.
- 43 Udal Haurtzaindegi daude, 2.538 haurrekin.
Lehen-zikloko guztizko eskaintzaren %12.
- 85 Haurtzaindegi pribatu daude, eta guztira
4.120 haur biltzen dituzte. Eskaintza honen baitan BBK erakundeak Bizkaiko lurraldean
duen agerpena azpimarratu behar da, 1.240 plaza eskaintzen dituelarik. Lehen-zikloko
guztizko eskaintzaren %19.
- Azkenik, 192 zentro itundu daude eta bertan
7.479 haur dago eskolatuta, bereziki 2-3 tartean. Lehen-zikloko guztizko eskaintzaren
%35.
- 0-2 urteko tarteari dagokionez, %41 zentro
pribatuetara joaten da, %22 udal-titulartasuneko zentroetara eta %37 zentro
itunduetara.
- 2-3 urteko tarteari dagokionez, %47 Hezkuntza
Sailaren mendeko zentro publikoetara joaten da, %11 zentro pribatuetara, %33
zentro itunduetara eta %9 udal-titulartasuneko zentroetara.
- Hizkuntz ereduen arabera, honako banaketa hau
ikus daiteke:
– 2.026 A ereduan: %9
– 4.999 B ereduan: %24
– 12.961 D ereduan: %61
– 1.371 zehaztu gabe: %6

Ondorioak:
a) Eskaintzak lurraldeen arabera duen banaketa
ez da homogeneoa. Zenbait udalerritan ez da tarte horren eskaintzarik egiten.
Gasteizen udal-eskaintza zabalagoa da eta zentro publikoetan ez dago bi urteko
gelarik. Udal-eskaintza zabalagoa da Gipuzkoan Bizkaian baino.
b) Egiten den eskaintzari dagokionez, eskaintza handiagoa dago 0-1 urteko tartean.
c) Sareen arteko orekari eutsi zaio 2-3 urteko tarteari dagokionez, baina ez
da gauza bera gertatzen 0-2 tarteari dagokionez.
d) Aurreikusitako dirulaguntzen erregimenak 0-1 eta 1-2 urteko tarteen eskaera
areagotzea eragin dezake.

3. Baliabideak eta denboralizazioa
Eredua lantzeko orduan, nahastuta dauden eragile
guztiekin adostasunezko estrategia bat ari gara jarraitzen:
· Erakunde arteko Batzordea. Bertan ordezkatuta daude: Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Saila, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saila, Nekazaritza eta
Arrantza Saila, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila, Eudel, Euskal Udalerrien
Elkartea, eta Foru Aldundiak.
· Gizarte-agenteak. Bertan ordezkatuta
daude: sektorean ordezkariak dituzten Irakaskuntzako Sindikatuak, Euskal Eskola
Publikoko Gurasoen Federazioa, Gipuzkoako Haurtzaindegien Koordinakundea, irakaskuntzako
patronalak, Ikastolen Federazioa eta bestelako gizarte agenteak.
Egungo lege-esparruaren baitan, proiektu arau-emaile
bat ari gara lantzen; aipatutako proiektuan, 2002/2003tik 2004/2005era bitarteko
aldi iragankorrerako, xede 0-3 tartea arautuko duen Dekretu bat landuko da,
bai eta zentroei dagozkien Dirulaguntzen Agindu desberdinak eta Familientzako
Bekak ere.
Aurrekontu-mailako mugak eta gastu publikoari
eusteko politika direla eta, zentroei emateko dirulaguntzen portzentajeak proposatzen
dira. Zentroen eskaintzaren arabera, hau da, eskaintza publikoa izan (udalekoa
edo Eusko Jaurlaritza-Udalerriak Partzuergoen bidezkoa), irabazi-asmorik gabeko
erakundeen eskaintza izan, edo zentro itunduen eskaintza izan, dirulaguntza
desberdina izango da.
Xede dugun zikloaren borondatezko izaera kontuan
hartuta, eta zikloa doakoa ez dela kontuan hartuta, gastuaren zati bat familiek
ordaindu beharko dute, eta eskaintza publikoa edo pribatua izan, kuota bat ordaindu
beharko da.
Eskaintza publikoari lehentasuna ematea proposatzen
dugu, eta horretarako titulartasun publikoko plaza gehiago sortuko dira, Udalen
eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako partzuergo publikoen bitartez.
Familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren arteko
elkar ulertzea gauzatu ahal izateko, hainbat neurri sustatuko ditugu, bai egungo
0-3 tarteko zentroetan bai eta zentro sortu berrietan, ordutegia eta egutegia
zabaltzearren, familien behar zehatzetara gehiago egokituko den zerbitzua eskaintzeko
asmoz.
Modu berean, 0-3 Planean 4.000 biztanle baino
gutxiagoko udalerrietako adin-txikikoei edo geografikoki isolatuta dauden zonetako
adin-txikikoei arreta eskaintzeko esperientziak garatuko dira. Esperientzi horien
kasuan, Europako Batasunaren esparruan herrialde jakin batzuetan garatzen diren
antzeko formulak jarriko dira martxan.

Planaren denboralizazioa ondokoa izango da:
- Urria 2001 – apirila 2002: proiektu arautzailea
eta 0-3 Mapa lantzea.
– Maiatza-uztaila 2002: Dekretu Arautzailea eta Dirulaguntzen eta Beken Aginduak
argitaratzea.
– 2002/2003 ikasturteko lehen seihilekoa: Toki Administrazioekin hitzarmenak
eta partzuergoak formalizatzea.
– 2002/2003 ikasturtea: 0-3 zentroak abiaraztea.
– 2002/2003 ikasturtetik 2004/2005 ikasturtera: aldi iragankor horretan, 0-3
zentro berriak sortuko dira, 0-3 Maparen arabera.
Neurri horiei esker, gurasoek nahi duten zentroa
aukeratzeko duten eskubidea eta sare Publikoarekiko ‘lehiakortasun zintzoa’
bateragarri egiten dute. Ziklo osoan, kostuaren %30 gaindituko ez duen kuota
aurreikusi da. Aldi berean aukera-berdintasuna eta elkartasuna ziurtatzeko politika
garatuko da eta horretarako familientzako bekak emango dira, betiere familien
baliabideak eta premiak kontuan hartuko direlarik. Plazetarako sarbideari eta
doakotasunari dagokienez, lehentasuna emango zaie Oinarrizko Errentak eta Gizarte
Premietarako Laguntzak jasotzen dituzten familia gurasobakarrei. Era berean,
doakotasunari dagokionez, lehentasuna emango zaie familia ugarietako haurrei,
laneko errenta jakin baten arabera.
0-3 tartea arautzeko, ezinbestekoa da hezkuntzaren
sektorean lan egiten duten profesionalen egungo baldintzak arautzea eta hobetzea.
Sektore honetako profesionalen titulazioa, bai eta profesional-kopurua ere,
indarrean dagoen araudiak arautzen du, hortaz, tarte honi dagokionez, kalitatezko
hezkuntza-arreta bermatzen da. Gainera, helburu nagusia da zerbitzua hobetzea,
horretarako ordutegi malguak eskainiko direlarik, egungo eskola-esparrua gainditzeko.

ANJELES IZTUETA AZKUE
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETAKO SAILBURUA
Vitoria-Gasteizen, 02/01/17an

Jatorria: Eusko Alkartasuna