Eusko Alkartasunaren Agiria Aberriaren Eguna,
abertzaleok gure nazioaren aitorpena egiteko hautatu dugun eguna, gure herriaren
egoerari buruz hausnarketa politiko eta soziala egiteko parada ezin hobea ere
bada, ezpairik gabe. Abagune bikaina nazio eraikuntzan oinarrizko helburu diren
eta Eusko Alkartasunaren xede eta jomuga osatzen duten nazio askatasuna aldarrikatzeko.
Nazioa, gure Aberria, justizia sozialean oinarriturik, pertsonen arteko berdintasun
erreala bermatuz, bizitza duin bat garatzeko behar diren ahalbideak bermatuz.
Gure Aberriak pakean eta elkarbizitza normalizatuan, politika normalizatu bat
eramanez aurrera jotzeko duen eskubide ukaezin eta ezinbesteskoa aldarrikatuko
dugu. Gure alderdiak hainbestetan esan duen bezala, ez baita herria eraikitzerik,
bakea eta justizia sozialik gabe.
Benetako demokrazia
batean, zilegizko diren ideia guztiak defendatzeko aukera egon behar delako,
mehatxurik gabe, askatasun eta errespeto osoz. Aukera hori bere osotasunean
eman ezean, ezin da erabateko demokrazia batez mintzatu.
Ezin da, beraz,
benetako demokrazia osoa dagoenik esan, gure herriak duen autodeterminazio eskubide,
berezko historia baten aldarrikapena, eta gisa honetako gure herriko zilegizko
hainbat ideia, planteamendu eta egitasmo aurrera eramateko eta berauek garatzeko
indarrean dagoen botereak bide eta bitarteko guztiak ukatzen dituenean. Eta
ezin da benetako demokraziaz mintzatu, ez eta herri demokratiko eta normalizatu
batez hitzegin, boterearen gehiegikeria alderdikeriazko etekinetarako erabiltzen
denean, eta indarrean dagoen botorearen morroi bilakaturiko komunikabideen erabileraz,
zilegizko diren ideiak oro plazaratzea ahalgabetu eta ukatzen denean.
Egoera ikusita,bakegintzarako
deialdia izan behar du, lehen lehenik, gure Aberri Egunak. Iragan urtean gure
herriko giro politikoa erabat gogortua zegoen, eta aurten ere bai, zoritxarrez,
ez baitira gauzak gehiegi aldatu.
ETAren ekintza
gaitzesgarriek, herriaren eraikuntza ez baino, herriaren suntsipena dakarten
bortizkeriako ekintzek, orduan bezala gaur ere, bere hortan darraite eta orduan
bezala gaur ere, giza ikuspegitik suposatzen duen aberrazioaz gain, estrategia
politikoaren aldetik, gure herriaren arerio politiko direnei aitzakia ezin hobea
ematen die abertzaletasunaren aurkako kanpainan jo eta ke jarraitzeko. Iaztik
hona, gizarteak ETAri behin eta berriro bakean eta era normalizatu batean bizitzeko
duen bere nahia adierazi dion arren, ETAk gizartearen borondateari entzungor
egiten jarraitzen du. ETAk gure Aberriari eraso egiten jarraitzen dio.
ETAri mezu garbia
bidali zion hiritargoak, joan den urteko Maiatzaren 13ko hauteskundeetan. Eta
mezu garbia bidali zien, baitere, nazionalismo espainiarra ordezkatzen zuten
PP eta PSOEri, eta berauen morroi lana egiten ibili zen EHri. ETAk eta PPk,
Euskal Herriko hauteslegoa heldugabetzat jo zuten, hauteskundeetan jasotako
jipoiaren ondotik; EHk, Mayor Orejaren mamua erabili zuen aitzakitzat, EHk izandako
boto galera ikaragarriaren justifikapen gisa. PSOEren arabera, berriz, euskal
hiritargoak, bere koldarkeria azaldu omen zuen, abertzaletasun demokratikoaren
aldeko botoa emanaz.
Esanak esan, hauteskunde
horien digestioa ez da oraindik bukatu. PPk eta bere gobernuak ez du bere estrategia
norabidez aldatu, orain arte euskal autogobernuarekiko erakutsi duen murrizteko
jarrera areagotuz jarraitzen baitu, eta gure autogobernuaren aurkako eraso zuzen
diren zenbait lege proposatuz, hezkuntzaren alorrean, bereziki. ETAk, bere aldetik,
bere estrategia armatu eroari eutsi dio. Eta polo baten zein bestean morroi
lanetan aritu direnak gora beherarik handienak jasaten ari dira. Batzuek, nazionalismo
espainiar zentralista eta urkoaren ukatzaileak euskal abertzaletasunaren aurka
izan duen fijazioa dela medio diskurtso propiorik gabe gelditu omen direlako;
besteak, berriz, estrategia armatuaren amaiera exijitu gabe, batasuna lortzea
baino bakartasunean erortzeko zorian aurkitzen direlako.
Erantzunkizunaren
ordua da, Eusko Alkartasunaren iritziz. Herriarengandik jaso genuen mezu garbiari
jarraiki, bakegintza eta normalizazio politikorako lanean gure onenak emateko,
elkarrizketarako bideak han eta hemen jorratuz, distentsiorako zubiak eraikiz,
eskenategi politikoaren muturretan kokaturik dauden egoskorrak herri bakezalearen
gehiengoaren nahikundearen maioritarioren arabera jokatzera behartuz. Eta lan
horretan denak, alderdiak eta gizarte eragileak, gizarteak, orohar, zer esana
badu eta izan behar du.
Justizia sozialaren
aldeko aldarrikapen garbia ere izan behar da Aberri Eguna. Alkartasuna balio
propiotzat duen gure alderdiarentzat, saihets ezina gertatzen baita, gaurko
egunean inposatu nahi zaizkigun sasi-liberalizazioa eta herrien eta pertsonen
arteko diferentziak. Globalizazioaz hitzegiten da asko, baina ezer gutxi alkartasunaren
globalizazioaz. Irailaren 11z geroztik mundu mailan segurtasunaz asko hitzegiten
den bezalaxe, justizia eta askatasuna segurtasun horren osagarri ezinbestekoak
ez bailiren.
Aberri bat aitortzen
dugu eta ozenki aldarrikatuko dugu berriro ere, datorren igandean, Gernikan,
Europan eta mundu osoan leku duen aberri bat. Europan eta mundu zabalean ordezkaturik
egon behar duen herri bat. Herri independiente bat Herri solidario bat. Guztion
eta guztiontzako herri bat.
Jatorria: Eusko Alkartasuna