Martin Aranburu parlamentaria. Erakundeen funtzionamendua ez da beti nahi genukeen
bezalakoa. Administrazioek, erritmo geldoan lan egiteaz gain, askotan bidegabekeria
asko egiten dituzte, funtzionamendu desegokiaren ondorioz maiz, eta bestelako
aldagaiak kontuan hartzen direlako beste askotan. EHUn antzerako kasu bat izan
da Francisco Letamendia eta Edurne Uriarte irakasleen arteko lehia dela eta.
Unibertsitateko irakasle ororen zilegizko helburua
da katedra lortzea; azken finean, urteetan zehar egindako azterketa, ikerketa
eta irakaskuntza lana saritzeko modu bat baita. Helburu horrekin, Edurne Uriartek
eta Francisco Letamendiak beren burua aurkeztu zuten Unibertsitatearen hauta
probetara. Horrelako kasuetan erabili ohi den prozedimenduari jarraiki, irakasle
bakoitzaren merituak aztertuko zituen epaimahai bat eratu zen; beronen bi kide
Unibertsitateak zuzenean hautatuta eta beste bi kideak zozketa bidez. Epaimahai
honen aburuz, Letamendia irakasleak ez zituen biltzen bigarren probara pasatzeko
behar adina meritu. Hala eta guztiz ere, Letamendiaren eskubidea zen epaimahai
horrekin bat ez etortzea eta ondorioz zegokion erakundeari, erreklamazio batzordeari
alegia, helegitea aurkeztea. Batzorde horren iritziz, Letamendia jaunak aurkeztutako
hamabost alegazioetatik bakarra zen kontuan hartzekoa, bertan esaten zena zuzena
baitzen: hain zuzen, epaitegiak emandako erantzunaren arrazoiak garatu gabeak
zirela eta bertan emandako azalpenetan sakontasun gehiago behar zela. Horren
ondorioz, epaitegiaren epaia baliogabetu egin zuten eta Letamendia jaunak katedra
eskuratzeko aukera izaten jarraitzen du.
Erraklamazio batzordearen erabakia publiko egin
zenetik, sektore politiko zehatz batzuen kritikak plazaratu dira eta Unibetsitatearen
eta bere ordezkari gorena den erre- ktorearen aurkako erasoak barra-barra izan
ditugu. Ukaezina da kritikek ez dutela curriculumean edo irakaskuntza proiektuan
oinarrituriko motibazio akademikorik, erabateko motibazio politikoak izan baitira.
Hori dela eta, egokitzat jotzen dut Unibertsitatearen eta bere ordezkarien aldeko
postura hartzea. Hain zuzen ere, erreklamazio batzordeko kide bakoitza gai izan
zen norberaren iritzi politikoak eta Letamendiari arrazoia emango liokeen epai
batek sortuko zituzkeen kritika piloaren beldurra alde batera uzteko, objektibotasunezko
arrazoi akademikoetan oinarrituz batzordekide denek aho batez epai berdina hartu
baitzuten: Letamendia jaunari arrazoia eman zioten. Batzordearen objektibotasunaz
gain, Unibertsitate ordezkariak ere txalotu nahi nituzke batzordearen alde agertu
izanagatik.
Denen helburua izan beharko luke kalitatezko
Unibertsitate despolitizatu bat lortzeak. Norabide horretan aurrerapausoa izan
da, nire ustez, batzordearen erabakia. Zorionak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna