Enpresen gizarte-aurreikuspenari buruzko jardunaldia Gaur goizean, Joseba Azkarragak, Eusko
Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak agertu duenez,
zuzentzen duen sailak ‘demografia, gizarte eta ekonomia egoera berriak
planteatzen dituen premiei aurrea hartu nahi die, etorkizuneko jubilatuek diru-sarrera
egokiak jasoko dituztela bermatzeko. Aztertzen eta bultzatzen ari garen
eredu berriak Gizarte Segurantzaren gizarte-aurreikuspen osagarriaren sustapena
berekin dakar’.

Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkarteak Bilboko Ercilla hotelean egindako
lan-jardunaldiaren inaugurazioan, Negoziazio Kolektiboaren baitan enpresako
gizarte-aurreikuspena orokortzearen alde agertu da Azkarraga, Euskadiko
herritar guztiengana aurreikuspen sistema pribatuak hedatzeko bide egokitzat
joaz. ‘Gure erronka enpresa txiki eta ertainetan dago’, zehaztu du
sailburuak.

Azkarragaren ustez, ‘Euskadi ezin da Europako gizarte-aurreikuspenaren
garapenetik aparte geratu. Kontuan hartuko dugu zelan taxutzen duten aurreikuspen
osagarria Europako Batasuneko herrietan; eta Euskadik era eraginkorrean eta
autonomoan hartu behar du parte horretan’.

‘Erretiro-sarien gaineko konpromisoen inguruko kontuak kanporatzeari dagokionez,
enpresa edo sektore bakoitzeko berezitasunak kontuan harturik, -gizarte-ekonomiaren
gaineko erkidegoko agintari gorenak azaldu du- malgutasunaren aldeko jarrera
defendatuko dugula nabarmendu nahi dut. Kanporatzea gauzatzeko baliabide
egokia dugu: Gizarte Aurreikuspeneko Borondatezko Erakundeak; eta hitzematen
dugu banan-banan baliatuko ditugula aurkezten dizkiguten proposamen guztiak,
eta enpresarako zein langileentzako dagoen irtenbiderik hoberenaz argibideak
eta aholkuak emango’.

‘Sailburu nauen Justizia eta Lan Sailean
garrantzi handiko erronka daukagu: Euskadiko gizarte-aurreikuspenerako politika
publikoaren eredua definitzea eta taxutzea. Beraz, gizarte-babesaren hiru zutabeek
bete beharreko eginkizuna zehaztu beharrean gaude. Hona zutabeok: derrigorrezko
gizarte-aurreikuspena (Gizarte Segurantza); enpresako gizarte-aurreikuspen osagarria,
enpleguarekin lotuta dagoena; eta banakako gizarte-aurreikuspen osagarria’,
esan du Azarragak.

Justizia eta Lan sailburuak Bizkaiko enpresaburuei azaldu dienez, ‘ereduak
hiru zutabeak izango ditu, hau da, bai derrigorrezko babes-sistema (Gizarte
Segurantza), baita borondatezko babes-sistema ere. Jakina, Gizarte Segurantzak
jarraituko du aurreikuspen-sistemaren oinarrizko elementua izaten, eta pentsioak
bermatzeko elementurik garrantzitsuena izango da’.

GIZARTE FOROA

Azkarragak gogorazi du, era berean, gizarte-eragileekin eta erakundeekin eratutako
Eztabaida Foroak helburu horiek definitzean duen eginkizuna. ‘Gogorazi
nahi dut Gizarte-elkarrizketa baliotsua dela berez, dauden arazoetan benetan
aurrera egiteko ezinbesteko tresna den aldetik. Gizarte egonkorra, anitza
eta egituratua lortzeko, ezinbestekoa dugu gizarte-elkarrizketa indarrean mantentzea’.

Gaur egungo gizarte-babeseko sistemaren ekonomia gehien desorekatzen duten
kontuez, Azkarragak hauek nabarmendu ditu: biztanleriaren zahartze arina;
bizi-itxaropenaren luzapena oro har eta jubilatuena bereziki; jubilatuen kopuruaren
hazkundea lana duten pertsonena baino azkarragoa izatea; eta kotizazio-oinarrien,
baliabide erabilgarrien hazkundearen segurtasunik eza, baita lan-merkatuaren
bilakaera eta eraldaketarena ere.

‘Langile-bizitza laburtu egin da, eta, horrenbestez, kotizazio-aldiak motzagoak
dira; hala, bizitza aktiboaren hiru aldietan aldaketak antzematen dira: beranduago
hasten da lanean, eta langile-ibilbidea ez da era jarraian garatzen. Langabezian
egoteko arriskua gero eta handiagoa da, lanaren eta erretiroaren arteko muga
lausotu egin da’, nabarmendu du Azkarragak.

Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko datuek islatzen dituzte bilakaera
horiek; izan ere, 1995ean 65 urtetik gorakoak ehuneko 15 ziren, eta 2050ean,
berriz, ehuneko 39 izatera helduko dira. Mendekotasun-ratioa, hau da, 65 urtetik
gorako biztanleen kopurua 20 eta 64 urte bitartekoen aldean, hiru halako izango
da 2050erako. 1980an jubilatu bakoitzeko, 7 landun zeuden EAEn; 2000n, berriz,
4 baino ez. Bizi-itxaropena nabarmen luzatu da, batez ere adin-tarterik handienetan.
Hala, gaur egun 75 urteko gizonezko batek 10 urteko bizi-itxaropena dauka, eta
adin horretako emakumezko batek 12 urtekoa.

Demografia piramide ‘estandarraren’ beharrean, ‘alderantzikatuko’
piramidea daukagu, eta, horrenbestez, lan egiteko adinean daudenek pentsionista
ugarien zamari eusten diote. Herri garatu gehienek izan dute bilakaera bera,
Japongo 1950eko eta 2030eko piramideak ikustea baino ez dago hori antzemateko.
Demografia aldaketa gogorrak banaketa-sistemak, pentsioak bermatzeko
formula bakar gisa, dituen zailtasunak azaltzen ditu.

Azkarragaren ustez, ‘sistema horretan gaur egungo langileek etorkizunean
izango duten pentsio publikoaren sistema hiru konturen baitan dago: etorkizuneko
langileen, etorkizuneko erabaki politikoen eta etorkizuneko hautesleen baitan.
Erkatutako kapitalizazio-formuletan erlazio bat ezartzen da kotizazioen eta
etorkizuneko prestazioen artean, eta mendekotasuna demografia-aldagaitik aparte
uzten da. Ongizate maila handia izateagatik nabarmentzen diren Europako herrien
aldean, bide luzea dugu ibiltzeke, hurrengo grafikoan azaltzen den moduan. Suitzan
edo Holandan, esaterako, aurreikuspen osagarria Barne Produktu Gordinaren ehuneko
100 baino handiagoa da; EAEn ez da ezta ehuneko 25 ere.

‘Horrela izanik, -zehaztu du Azkarragak- era berean, nabarmentzeko modukoa
da estatuaren aldean abantaila esanguratsua dugula; izan ere, estatuko ehuneko
5 eskas hori nabarmen gainditzen baitugu. Ikus dezakezuenez, Euskadi Alemania
edo Japon, esaterako, baino hobeto dago kontu honetan. Politika publikoaren
bidez etorkizunean herritar guztiek formula egokiak lor ditzaten ahalegindu
behar dugu. Aurrezteko gaitasunik ez duen herriaren sektoreak bereziki kezkatzen
gaitu, alegia: bi euskaldunetik bat’.

Azkarragak azaldu duenez, ‘dugun erronketariko bat, Europako Batasunarekin
batera, gizarte-aurreikuspen kolektiboa enpresa txiki eta ertainetara hedatzea
da. Enpresetako hitzarmen kolektiboetan jasotako gizarte?aurreikuspenak lagundu

egiten du langileen partaidetza enpresetan areagotzen, baita gizarte eta lan
egonkortasun handiagoa lortzen ere, eta horrek guztiak, epe luzera, emaitza
eta enpresa proiektu ‘osasuntsuagoak’ dakartza, gizarte zein ekonomia
ikuspuntutik’.

‘Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzatik, gure ideia politikoei jarraiki,
langileen ordezkariek Negoziazio Kolektiboaren baitan lortutako akordioen ondorioz
enpresetan eratzen den gizarte-aurreikuspen kolektiboa bultzatuko dugu,
gizarte, politika eta ekonomia eta herria erakundez hornitzeko interesik handiena
biltzen duen formula baita’.
Jatorria: Eusko Alkartasuna