Gaur goizean, Joseba
Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak
azaldu duenez, Justizia Administrazioak kudeaketa autonomoa eta osoa baliatuz
lortuko ditu eraginkortasunik mailarik handienak kalitatezko zerbitzu publiko
gisa. Azkarragak Eibarko Justizia Jauregi berria inauguratu du, gaur goizean.
Eraikin hori irekitzea Eusko Jaurlaritzak 1991n abiatutako Egoitza Judizialen
Planaren amaiera da. Planari esker, Euskadiko Justizia Administrazioko egoitzak
erabat zaharberritu dira azken hamarkadan.
‘Oso argi
utzi behar da gauza bat ?ñabartu du sailburuak?: hemen ez da amaitu gure
eginbeharra Justizia Administrazioan; oraindik, Azpeitiko eta Donostiako
San Martin kaleko barrundegiak zaharberritzeke baititugu, besteak beste’.
‘Egoitza Judizialen
Planari, zein Informatika Planari eta Zerbitzu Judizialen Kalitatearen Planari,
esker, Euskadin Justizia Administrazioa benetako zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa
da. Gauza bat argi dago, eta Madrildik aparte kudeatzen ditugun gainerako gaietan
egunero-egunero demostratzen ari gara: eraginkortasunik mailarik handienak
lortuko ditugu Justizia Administrazioaren kudeaketa autonomoaren eta osoaren
bidez’.
Bestetik, Joseba
Azkarragak aipatu duenez, zuzentzen duen saila dagoeneko planifikatzen ari
da planta judizialaren hazkunde berriak, baita datozen lege?aldaketen ondorioak
ere, Konkurtso-legeari eta Justiziaren aldeko Estatuaren Itunak jasotako
gertutasun-epaitegiei dagokienez, esaterako.
Sailburuak Justizia
Administrazioko funtzionarioen lana ‘duin egin eta profesionalizatu’
beharra dagoela aipatu du, eta horri dagokionez ‘legegintza honetan Administrazioa
etengabe gaurkotzea dugu helburu’ esan.
Azkarragaren ustez,
Justiziako langileen lekualdatzea Justiziaren aldeko Estatuaren Itunean
iragarritako berrikuntzekin osatu behar da. ‘Aginte Judizialaren Lege Organikoaren
erreformaren bitartez talde horren gaineko eskumen argia esleitu behar da, eta,
gainera, zehaztu beharra dago zein eskumen eta erantzukizun dagokion bakoitzari.
Horrela, eskumen handiagoen eskaera zilegietatik haratago, Autonomia Estatutuan
azaltzen den moduan, helburu gorena beteko dugu, alegia: justizia eraginkorra
izatea’.
Ildo horretan,
Azkarragaren aburuz, beharrezkoa da gogoeta egitea Justizia Ministerioak
iragarritako erreformaz, Gernikako Estatutuaren edukia errespetatuko dela ziurtatzeko,
azalean zein mamian errespetatu ere.
JAUREGI BERRIA

Eibarko Justizia jauregi berriak 4.931 metro karratu ditu. José
Miguel Martín Herrera arkitektoak zuzendu du obra, Carlos Arruabarrena
aparejadorearen lankidetzaz. Lanen kostua, guztira, 5.508.000 eurokoa izan da.
Eraikinean organo judizial guztiak ezarri dira: Lehenengo Auzialdiko eta Instrukzioko
epaitegi bi eta Lan Arloko bat.

Orobat, zerbitzu osagarri guztiak hartzen ditu: erregistroa eta herritarrentzako
informazioa, abokatuen, prokuradoreen, fiskal eta auzitegiko medikuen bulegoak,
baita judizio-aretoak eta bestelako bulego osagarriak ere. Txaltxa-Zelai eta
Juan Gisasola kaleek inguratuta dago orubea. Lehen leku horretan armak probatzeko
gunea zegoen. Eibarko Udalak hiritartu du lursaila Eusko Jaurlaritzako Justizia
Sailaren laguntzaz.

Jatorria: Eusko Alkartasuna