Eusko Alkartasuna, AB, Batzarre, Zutik eta Aralarrek izenpetutako Agiria MANIFESTUA
Aintzin
solasa
Lizarra-Garaziko
deklarazioaren inguruan bat egin genuen manifestu honen izenpetzaileek erantzunkizun
osoz jokatu behar dugula uste dugu. Garai haietan, akatsak akats, bide berri
asko ireki ziren. Gure jendearteari hitza emaiteko, Euskal Herrian demokrazia
sakontzeko, autodeterminazioaren aldeko dinamikak indartzeko baita gure nazioaren
eraikitzeko momentuan ere, bide horiek funtsezkoak izan ziren. Horregatik, Espainiako
eta Frantziako gobernuen eta sostengatzen dituzten alderdien egoskortasun eta
itsukeria, batzuen huts egiteak eta ausardiarik eza eta beste batzuek armak
berriz hartzea huts politiko larria izan ziren.
Gaur hiritargoaren
ilusioa berpiztu eta gure herria bizitzen ari den momentu latz hau gainditzeko,
beste eszenatoki batera joan behar dugu. Horregatik, gure herrian pairatzen
ari garen egoeraren aurrean:
- Euskal Herriak
duen autodeterminazio eskubidea defendatzen dugu; autodeterminazioaren eskubidea
nola gauzatu Euskal Herriko lurralde bakoitzeko populazioak definitu eta adostuko
du.
- Euskal Herriari
autodeterminatzeko eskubidea ukatzen dioten estatu espainiar eta frantsesari,
eskubide demokratiko hori errespeta dezaten eskatzen diegu. Demokrazia gehiago
behar dugu eta horretarako bi estatuek egindako mespretxu eta errepresioaren
hautuak, hainbat euskal talde eta alderdi legez kanpo utziz besteak beste, osoki
arbuiatzen ditugu, kontrako norabidea hartzen dutelakoan. Eskatzen diegu orain
arteko bide ukatzaile eta errepresiboair uko eginez, behingoz elkarrizketaren
bidearen aldeko hautua egin dezaten.
- Euskal herritarren
hitza eta erabakia errespetatuz, orobat eskatzen diogu ETAri su-etena deklara
dezala, distentsio garaia berri batez guztion arteko elkarrizketa jorratzeko
baldintzak lor ditzagun, eta halaber, alderdi abertzaleok nazio eraikuntzan
urrats azkarrak emateko ditugun proiektuak ados ditzagun.
- Gure nazioa egituratu
eta eraikitzeko lan horrek justizia sozialean oinarriturik egon behar du eta
bertan eragile sozial guztiek parte hartu behar dute.
- Euskal Herria
Europako partaide izan behar dela diogu, Herrien Europako partaide, Europa solidario
baten partaide Hirugarren Munduari irekia.
—
—
Indarrak
uztartzen, zubiak eraikitzen
Euskal Herrian
arazo politiko desberdinak badaude ere, oroz gainetik DEMOKRAZIA eskasia badago.
Horretarako demokrazia oraino gehiago murrizten edota herritarren borondate
eta esperantzak ukatzen dituzten jokaerek ez diote deus onik ekarriko Euskal
Herriari.
Demokrazia gehiago
behar dugu Euskal Herrian, erran nahi baita, Herri honetako jende guztiarekin
batera gure geroa libreki erabakitzeko ESKUBIDEA, AUKERA eta PROZESUA.
Manifestu
hau izenpetzen dugun indar politikook BAKEGINTZA eta normalizazio politikorako
proposamenak lantzeko engaiamendu hartzen dugu, bakoitzak bere ikuspuntu eta
oinarri ideologikoetatik ekarpenak eginez.
Manifestu hau izenpetzen
dugun indar politikook indarkeriarik gabeko BURUJABETZA PROZESUA sustatu eta
abiatzeko engaiamendua hartzen dugu. Gaurko kuadro juridiko-politikoa gaindituko
duen burujabetza prozesu honek gure lurraldeen kontzientzia maila, nortasun
nazionalaren aniztasuna, erritmo eta dinamika politikoak errespetatuko ditu.
Aurrera egiteko,
prozesu honek ETAren aldetik mugarik gabe eta berehalako su-etena ezinbestekoa
du bai eta indar abertzale eta demokratiko guztien aurrekorik gabeko elkarlana
ere. Oraindanik eskatzen ditugun bi baldintza horiek lortu artean, manifestu
honekin ados diren guztiak biltzen hasi nahi dugu, prozesuaren oinarriak jartzen
hasteko. Elkarlan hori indar bakoitzaren nortasuna eta elkargune anitz baten
arauak errespetatuz eramanen dugu. Elkarlan hori populazio guziari zuzendu beharko
zaio, izan dadin abertzale ala ez, euskal nortasunari atxikia izan dadin ala
ez.
Elkarlan honen
helburuak hauek izanen dira:
– Euskal gizarteari bere geroari buruzko ikusmoldea adierazteko aukera eman.
- Ikusmolde hori
eta honen ondorio guziak, espainiar eta frantziar estatuek errespeta ditzaten
lortu.
Izenpetzaileak
EA AB Batzarre
Zutik Aralar
Jatorria: Eusko Alkartasuna