Martin Aranburu
Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa argitasun izpirik gabeko iluntasun sakonean zegoen aspalditik murgilduta. Espainiako alderdi abertzaleek irteera politiko negoziatu baten alternatiba deuseztatu egin dute, euskal abertzaletasunaren eta zehazkiago ezker abertzalearen aurkako irmotasunak elektoralki emaitza onak ematen baititu. Bestalde, euskal abertzaletasuna egoera kafkiano batean murgilduta dago: Erkidego autonomoan gehiengo nabarmena izanik, eta Euskal Herri osoan indar politiko dinamikoa izateko ziurtasunarekin, ezinezkoa zaio oraindik ere komunean planteamendurik egitea euskal gizarteari, borroka armatuari buruz euskal abertzaleek egiten duten balorazio desberdinaren ondorioz. Espainiako alderdietan aldaketarik egongo ez delako ziurtasuna kontuan hartuta, herri honek aurrera egiteko duen aukera bakartzat euskal abertzaleen arteko lan komuna jotzen dut nik.
Abertzaleen batasunaren beharra abiapuntutzat eta helburutzat jota, bi elementu dira berau ezinezko egiten dutenak, borroka armatua eta «epeltasuna», alegia. Bada, bi oztopo horien desagertzearen atarian egon gintezke Erkidegoko Gobernuan dauden alderdi abertzaleek egin duten planteamenduaren ondorioz. Izan ere, marko juridiko-politiko berri baten lorpena hiru printzipiotan sostengatuko den prozesuaren emaitza izango da: prozesu irekia, legala eta demokratikoa izatearena alegia.
Irekia izango bada, gizarteko eragile guztiek euren planteamenduak ezagutarazteko aukerak izan behar dituzte. Euskal Herria askotarikoa da, askotarikoak dira errelitatearen irakurketak, eta uko egin behar zaio talde batek bere irakurketa aldebakarra besteei inposatzeari.
Era berean, euskal gizartearen zati garrantzitsu batengan subiranotasun, independentzia, marko juridikoaren aldaketa eta antzeko kontzeptuek sortzen duten beldurraz jabetuta, eta Europako Batasunaren oniritzia ezinbestekoa dela onartuta, marko legalak eskaintzen dituen zirrikituak aprobetxatu beharko dira, markoaren aldaketarako aurreikusten diren urratsak eman, eta, azken finean, agerian utzi Espainiako legeek ezeztatu egiten dutela herri honek demokratikoki bere iritzia eman dezan. Egoera horretan, Euskal Herriaren iritziari muzin egin eta Espainiak bere legalitatea aldatu ezean, nazioarteko erakundeek esku hartu behar dute.
Herri honen indar abertzale desberdinen planteamendu komuna garaile izango da epe luze edo ertainera. Indar hori geldituko duenik ez da. Aukera horren oztopo garrantzitsu bat desagertzeko bidean da. Nire ustez, beste oztopoa ere alde batera utzi behar dugu, elkarrekin, etorkizuna Euskal Herriarena baita.
Jatorria: Martin Aranburu