Sabin Intxaurraga. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua Sabin Intxaurragak Ibarretxeren plana goitik behera babesten du, gatazkaren korapiloa askatzeko giltza duela uste duelako. Hori lortzeko, bere ametsetako independentziak itxoin dezakeela uste du, baldin eta herriari autodeterminazio eskubidea onartzen bazaio. Ibarretxeren proposamenak ez ditu Sabin Intxaurragaren nahiak eta helburuak asetzen, baina, muga guztien gainetik, euskal gizarteari orain egin dakiokeen proposamenik egoki eta demokratikoena deritzo EAEko lehendakariaren planari.
Gizarte eragileen artean Ibarretxeren planaren aurkako kritikak nagusitu dira.
Eraikitzaileak direnean, kritikak onuragarriak dira, batez ere Ibarretxeren ekimena irekia denean. Hemen kontua da gizarteari eztabaida bat planteatzea gatazkari irtenbide bat emateko eta orain badu helduleku bat, orain arte egon ez dena.
Alde batetik, indarkeria eta askatasunen defentsa ahaztu izana egozten diote planari.
Ukaezina da bizikidetzarako gutxieneko baldintza batzuk ez direla betetzen, batik bat bizitza eskubidea eta mehatxatuen askatasuna, baina egia da baita ere beste eskubide batzuk ere urratu egiten direla, batik bat Alderdien Legearen bitartez eta hortik eratorritako beste eskubideak, adibidez elkartzeko eta manifestaziorako eskubideak.
ETA desagertu arte, plana alboratu behar dela diote konstituzionalistek.
Ez zait zilegia iruditzen ETAren indarkeria estrategia politiko bezala erabiltzea, ez da zuzena. Hemen gatazka politiko bat dago eta horri heltzen ez zaion bitartean, betiko izango dugu.
Bestetik, Batasunaren irudiko, ekimenak ez du Euskal Herria osoa aintzat hartzen.
Jaurlaritzaren esparrua autonomia erkidegoa denez, proposamena hortik abiatzen da. Baina planak beste herrialdeetarako lankidetzak planteatzen ditu egungo legeriak aurreikusten dituen aukerak baliatuta. Alde batetik, Nafarroarekin Foru Hobekuntzaren xedapen gehigarria baliatuta; eta Iparraldeari dagokionez, Europako Batasunak eskaintzen dituen ahalmenen bitartez.
Lurraldetasunaren printzipioa hautsi egiten du.
Bai, baina ezin da ahaztu herrialde bakoitzak herri kontzientzia ezberdina duela eta, ondorioz, ezin dela herri bat eraiki herritarren iritzia kontuan hartu gabe, bestela inposaketa zatekeen. Une honetan independentzia lortzea baino garrantzitsuagoa da ordenamendu juridikoan, herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izatea.
Confebask-ek ez du ekimena ontzat eman.
Euskal Herriko enpresariak sarritan aitzindari izan badira gauza askotan, politika gaietan berriz, ez dira inoiz aitzindari izan. Enpresariek egin dezaketen inbertsiorik onena elkarbizitzarako itun bat izatea litzateke, normalkuntza eta bakea ekarriko duen proposamen baten aldeko apustua egitea.
Ekimenak inbertsioak geldiarazi dituela esan dute.
Hori gezur hutsa da. Gezurrak baliatuta, beldurra zabaldu nahi izan dute. Gainera, lehendakariaren proposamenaren bitartez gure esparru ekonomikoa ez da hausten. Inork ez du esan eurogunetik kanpo geratuko garenik, ezta EBko kide ez garenik izango ere. Orain arte inbertsioak ekartzen saiatu beharrean, Madriletik beti ahalegindu dira inbertsioak aldentzen.
Ekimenak hiru koska gainditu behar ditu. Aurrena, Gasteizen gehiengo absolutua behar du.
Gauzak behar diren bezala azaltzen badira hori lortzeko aukera izango dugu.
Nondik aterako dituzue falta zaizkizuen boto horiek?
Ez dakit nondik, baina kontuan hartuta hau ez dela independentziaren aldeko plana, uste dut alderdi sozialistak historian zehar honelako proposamenak berretsi dituela eta ez dakit zergatik ez duen orain gauza bera egingo, nahiz une honetan horren aurka agertu den.
PPri eta Batasunari ez diezu aukerarik ematen.
PPk ez du ezertarako borondaterik oraingoz, baina Batasunari dagokionez argi ta garbi esan behar dut Euskal Herritarrok-ek su-eten garaian honelako proposamena baino urrutiago joango zen proposamenik ez zeukala buruan. Orain ez dugu su-etenik eta atzera bere politika maximalistara itzuli da. Ondorioz, Jaurlaritzatik datorren proposamen oro alboratzen du. Ni ziur nago, eta gainera lekukoak ditut, su-eten garaian honelako proposamenak mahai gainean izan zirela eta mahai gaineratu zituztenak EHko kideak zirela. Orduan ontzat ematen zena, orain akats larritzat jotzen dute. Hori izan da Ibarretxeren akats larriena: berak aurkeztea proposamen hori eta ez Batasunak.
Batasunak bere proposamena aurkeztu zuen eta ez da aintzat hartu ere egin.
Herri eraikuntzan sinesten dugunon oinarrizko printzipioa da herria herritarren babesarekin eraiki behar dela, bestela diktaduraz eta inposaketaz ari gara. Nik ez dut uste egokia denik nafarren edo arabarren edo Iparraldekoen iritzia kontuan hartu gabe bizikidetzarako itun bat egitea. Gogoan dut orain asko ez dela Nafarroako Batasunak berak esaten zuela ez zutela inoiz onartuko beste erkidegotik etorritako proposamenik.
Indar soberanisten metaketaren alde agertu zara, baina Batasunarik gabe.
Une honetan bizikidetzarako itun politiko berri bat behar beharrezkoa dugu, itun horren bitartez normalkuntza demokratikotik eta bake agertoki batetik gertuago egongo garelako. Horretarako ezinbestekoa dugu burujabetzaren alde gauden indar guztien lankidetza. Baina horretarako estrategiak adostu behar dira eta horretan indarkeriak prozesua oztopatzen du.
Nola jokatu beharko luke bloke horrek?
Bloke horren helburu nagusia gure erakundeetan lidergo argi bat lortzea litzateke. Lidergo hori nahikoa ez denez gero, gizarte eragileekin batera lan komun hau aurrera eramateko konpromiso sendo bat lortu behar da. Beti, herritarren iritzia kontuan hartuta. Nik argi dut autodeterminazio eskubidearen subjektua Euskal Herri osoa dela, baina eskubide horren aplikazioan kontuan hartu behar dira herrialde bakoitzaren erritmoak, egoerak eta dinamikak, bestela herri eraikuntza oinarri faltsuetatik abiatzen da.
Batasuna ez, baina EAJ tren horretara igotzeko borondatez ikusten al duzu?
Mementoz igo da. Egia da EAJ ez dela alderdi independentista bat, ezta ezkerreko alderdi bat ere, baina alderdi jeltzaleari aitortu behar zaio guk duela bi urte egindako itun politiko berri baterako proposamenetik gertuago dagoela, bere historia osoan zehar egin dituen planteamenduetatik baino.
Bigarren koska: Espainiako Kongresua. Koska zailagoa.
Hala dirudi, baina guk baino background demokratiko gehiago duten Estatu Batuek antzerako proposamenak onartu dituzte, besteak beste Ipar Irlandako kasuan. Downing Street-eko adierazpenari esker, irlandarrei autodeterminazio eskubidea aitortu zaie. Batasunari esan behar zaio: Downing Street-eko akordioa Ibarretxeren ekimenaren antzekoa da.
Kongresuak ezetza ematen badu, desobedientzia?
Hemengo eta Madrilgo erakundeen artean adostasunik ez badago, azken hitza euskaldunok izango dugu beti, gure erakundeetan geure kaxa erabakiz gure etorkizuna, lege proiektu baten bitartez . Orduan emango da gatazka juridiko bat.
Ibarretxek ez du konfrontaziorako ausardiarik erakutsi aukera izan duenean.
Guk uste dugu konfrontazio demokratikoa ez dela kaltegarria. Espainiako eta Euskal Herriko gehiengoak talka egingo dute, baina modu demokratikoan.
Hori da, beraz, Ibarretxek gordeta duen karta.
Hori litzateke ultima ratio. Baina hori erabiltzeko ez dugu gehiengo nahikorik EAEn.
Azken koska: indarkeriarik gabeko jokalekua, nola?
ETAk kasu egin behar dio gure herriaren gehiengoaren eskariari. Indarkeriaren estrategia politikoki antzua eta kaltegarria da eta etikoki onartezina. Baina egia da ETAri prozesuaren giltza ematen zaiola eta ez dut uste hori oso zuzena denik.
Estatutuaren 23. urtemuga dela eta, Ibarretxek ekitaldi bat deitu du biharko Bilbon.
Ekitaldia ez da izango Gernikako Estatutuaren urtemuga ospatzeko, baizik eta Ibarretxeren plana gizarteratzeko ekimena.
Hasieran ez zen hala planteatu. EAk aldarazi zion planteamendua.
Nahi duzun bezala, baina kontua da ez dela izango Estatutuaren gorazarrerako ekitaldia.
Konpondu dituzue desadostasunak EAJrekin?
Edozein familiatan gertatzen dira inkomunikazio arazoak noizean behin eta horren ondorioz sortu zen arazoa.
Ez ote da EAJrekiko aldeak markatzeko aitzakia?
Inkomunikazio arazo bat izanik normala da guk geure perfila babestu nahi izana. Gu independentistak gara eta EAJ ez, hori hala da eta hala esan behar da.
EAJko kide batzuk haserretu egin zaizkizu.
Ez da gustu kontua. Hori horrela da, bestela alderdi berekoak izango ginateke. Gernikako Estatutua bere garaian aurrerapausoa izan zen, baina une honetan iruzur politikoa da hogeita hiru urte igaro ondoren, oraindik bete gabe dagoelako.
Jatorria: Sabin Intxaurraga