Martin Aranburu – Eusko Legebiltzarkidea
Amnesty International erakundeak Errusian gertatzen den giza eskubideen urraketa azaltzeko eta salatzeko kanpaina jarri zuen martxan astelehenean. Horren bidez, AIk iritzi publikoaren kontzientziazio lan bat jorratu nahi du; alde batetik, Txetxenian gertatzen ari dena gogoraraziz, eta, bestetik, Errusian bertan milaka eta milaka biztanlek bizi duten zapalketa sistematikoa plazaratuz.
Sobiet Batasuneko sistema komunistatzat jotzea zuzena ote den ez da gaur hizpide, baina munduko bigarren potentzia militarrak, ustez komunismoan zegoela, giza eskubideen urraketa indibidualak eta kolektiboak egin zizkion bere biztanleriari; besteak beste eslaviar zuriak ez ziren etnien aurka, iritzi politiko desberdinak zituzten hainbat herritarren aurka eta sistemak onartezintzat jotzen zituen bizimoduak hautatzen zituztenen aurka. Gutxi dira gaur egun egia historiko hori ukatzen dutenak, joera ideologiko stalinista batzuk salbu, eta ezker eta eskuinaren gaur egungo debate ideologikoan oso erabilia da SESBeko egia latz hori ezkerraren aurkako erasoak egiteko. Zilegi litzateke ezkerrari erasotzea lehenaldian egindako akatsengatik, baina zilegitasun hori zalantzan jartzen da baldin eta argudio hori erabiltzen dutenek ez ikusiarena egiten badute eskuina denean egia latz horiek praktikan jartzen dituena. Gaur egungo Errusia aztertuta, non daude orain ezkerrari giza eskubideen urraketak leporatzen dizkietenak? Putin eslaviarra ez den herri baten genozidio sistematikoa egiten ari da egunez egun Txetxenian, eta, horretaz gain, Errusia zaristaren ezaugarrietako batzuk biziberritu ditu, adibidez, gutxiengo etnikoen, behartsuen aurkako torturak eta jazarpenak, espetxeetan dauden emakumeen eta umeen aurkako esplotazio eta eraso sexualak. Halere, ukaezina den errealitate horri komunismo adjektiboa gehitzerik ez dagoenez, ezinbestekoa da ezkutatzea, eta, agertuko balitz, ukatzea. Fidel Castrori prentsa askatasuna ez dagoela leporatzen dioten bitartean, onartzen dute Putinek hedabide denei informatzeko duten eskubidea ezeztatzea, Txetxenian sartzea debekatuz. Eta zer esanik ez, Milosevic gaur egun Hagako epaitegian badago, zein da Putin bertan ez egotearen aitzakia? Gure gizatasunaren alde, Kontzientzia bikoitz horren aurkako borroka egin behar dugu une oro eta leku oro.
Amnesty Internationalen gaineko gogoeta helarazi nahi dizuet artikulua amaitu aurretik. Akatsak akats, lasaigarria da nazioarteko erakunde garrantzitsu batek azterketa parametro berdinak erabiltzea egoera guztien analisia egiteko garaian, salatu behar dena salatuz. Batzuek asko eskertzen dugu bere lana, eta ildo berean jarrai dezala eskatzen diogu.
Jatorria: Martin Aranburu