Juan Oronoz Leitzako zinegotzia Juan Oronozek bilera bakarra egin du Euskararen Kontseiluan. Bere esanetan, Gobernuaren eta hark izendatutako kideen jarrera ikusita, nahiago kanpoan gelditu euskararen kontrako estrategian lagundu baino.
Federazioaren Gobernu batzordeko bileraren gai ordenean zure jarrerarena sartuta zegoen?
Ez zegoen sartuta. Hori sartu zuen batzorde sektorial horietako batek, informazio bezala. Pedro Tabar federazioko presidenteak halako hitzaldia egin zuen gaiaz, eta ondoren planteatu zuen nik defenditutakoa ez zegoela ados federazioak berak defenditutakoarekin. Federazioak dekretua eta babesteko erabakia hartu zuela, eta nik kontrakoa defenditu nuela.
Federazioak inoiz hartu du, beraz, erabakirik dekretuari buruz?
Bai. Federazioak bidali zuen inoiz bere iritzia dekretuari buruz, eta ados zegoela esan zuen orduan. Orduan esan zuten nik karguari ukoa aurkeztu behar nuela.
Dimisioa ez zizuten eskatu?
Ez. Tabarrek esan zidan estimatzen ninduela pertsonalki, baina nire jokaera ez zela egokia izan, eta borondatezko ukoa aurkezteko. Nik esan nion nire kontzientziaren arabera jokatu nuela, eta ordezkari sartu nintzela kontseiluaren helburua euskara defenditu, normalizatu eta etorkizuna zaintzea zelakoan. Eta dekretu hori onartuz eta lagunduz alderantzizko joera zela ikusten nuela, horrela ez zuela kontseiluak bere helburua betetzen, eta horregatik jokatu nuela jokatu nuen bezala. Hau da, koherentea izanda ez nuela arrazoirik ikusten ukoa aurkezteko. Baina esan nien ere beraiek ikusten bazuten gaia bozketan sartu behar zela, bozketaren emaitzekin ados egonen nintzela. Ateratzen zena atzeratzen zela. Eta bozketa planteatu zuten.
Izan zen beste interbentziorik?
Javier Iturbek [PSNko zinegotzia Iruñeko Udalean] esan zuen gai hau sartu behar zela eguneko gai ordenean, eta bozketa atzeratu behar zela. Beste bilera baterako utzi behar zela. Baina presidenteak esan zuen gaiak presa zeukala. Dakizunez, hilaren 30erako Euskararen Kontseiluaren hurrengo bilerarako deia egin dute, eta Tabarrek esan zuen bozketa bertan egin behar zela. Gehiengo garbia atera zen nire destituzioaren alde, eta 7 kontra.
Bertan izendatu zen ere ordezkari berria?
Bai, Pedro Tabarrek berak bere burua proposatu eta aurkeztu zuen horretarako, eta hala izan zen onartua.
Inork hitz egin zuen zure alde?
Hantxe propostu zen gaia mahai gainean uzteko, baina gehiengoak onartu zuen bozketa egin behar zela, eta hala egin zen. Nik esan nien kontseilua euskara defenditzeko zela, ez alderantziz jokatzeko, eta euskara ez zela euskaraz hitz egiten dugunona bakarrik. Lurralde honetako guztion ondare kulturala dela, eta, beraz, presidentearena ere bai. Are gehiago, ez badu euskara defenditzen, erakusten ari dela ez dela presidente ona.
Argudioetako bat izan da federazioko ordezkariak inoiz ez direla mahaitik altxatzen, baina Jose Maria Aierdik dimisioa aurkeztu zuenean ez zen ezer gertatu federazioaren barruan. Presioak izan dira oraingoan, beraz?
Pedro Tabar ez ohi da izaten hain zeken, eta ez nuen uste iritsiko zela iritsi den tokiraino. Hor presioak izan dira, eta ematen du badagoela estrategia gutxiengoak apurtzeko edo zanpatzeko. Ez baitzuten nire botoa behar gehiengoa lortzeko. Hau da, ni kontseiluan egon edo ez, nahikoak baziren beste aldean bere estrategia ateratzeko. Baina dekretua onartzeaz aparte, beren estrategia, hala ematen du bederen, bada gutxiengoak isilaraztea. Horrela jokatu dute.
Ze gogoeta egiten duzu?
Niretzat ez da izan sekulako disgustua. Nik nahiago dut euskararen aurkako estrategia ordezkatzen ibili baino, ordezkaritza horretatik kanpo gelditu. Alderantziz, koherentea izateko aukera eman didate.
Ez zara damutzen, beraz?
Dudarik gabe egingo nuke gauza bera. Ni ordezkari sartu nintzen euskararen erabilera eta normaltasuna defenditzeko, eta ikusten da dekretu honekin hain zuzen ere kontrakoa bilatzen ari dela. Esaterako, lehiaketetan euskara ez puntuatzeko, nahiz eta bertako hizkuntza izan. Hizkuntza arrotza bezala kontuan ez hartzeko proposatzen dute. Hori ez da bidezkoa.
Federazioan badira Nafarroa osoko udal erakundeak ordezkatuta, eta mendialdean badira euskaraz bizitzeko helburua duten hainbat udal, esaterako. Ordezkari berriak ze defendituko du kontseiluan?
Tabarren jokaera erosoa da: bere nagusiaren ahotsa da, eta hark ze estrategia esan, honek ez du eztabaidatuko. Tabarren esku baino, federazioaren jokaera da auzian gelditzen dena. Beraz eta Tabarren nagusiari galdetu beharko diogu, irudiz, hemendik aurrera federazioak ze jokamolde eginen dituen.
Alberto Barandiaran / egunkaria.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna