Atzo inauguratutako lindano gordailuan aisialdirako gune bat egiteko aukera dagoela azpimarratu du
Argalario mendiko lindano gordailuak segurtasun neurri guztiak betetzen dituela adierazi zuen atzo Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. «Argi eta garbi utzi gura dut lindano gordailu hau bizilagunentzat ez dela arriskutsua. Osasun eta ingurumen alorretatik begiratuta, berme handi-handia eskaintzen du», esan zuen Intxaurragak, Argalarioko lindano gordailua inauguratzeko ekitaldian.
Intxaurragak ez dauka zalantzarik Argalario mendiak eta inguruak ez dutela arazorik eragiten osasun aldetik. Hala, orain zazpi urte kontrolatu gabeko hondakin solidoen zabortegia izandakoan aisialdirako gune bat egin daitekeela azpimarratu zuen. «Hemengo agintariek Argalarion aisialdirako gune bat egin gura badute, horretarako aukera daukate. Ezkerraldeko Mankomunitatearen esku dago hori», argitu zuen.
1999 urtean hasi zen Ihobe, Jaurlaritzaren menpe dagoen erakunde publikoa, lindanoz eta bestelako hondakin toxikoz kutsatutako lurrak Argalario mendira eramaten. Bertan, hondakin horiek tratatu egin zituzten lehenengo, eta, gero, segurtasuneko gordailua egin zuten, atzo inauguratutakoa. «Urte hauetan guztietan bai Argalarion eta bai Loiuko gordailuan mundu zabalean dagoen teknologiarik onena erabili dugula ziurta dezaket. Gainera, Ibaizabaleko itsasadarraren alde bietan geneukan arazo larrienetako bat konpontzea lortu dugu horrela», argitu zuen Intxaurragak, Argalarion bakarrik 3.200 tona lindano garbi tratatu dituztela gogoratu eta gero.
Jatorria: Sabin Intxaurraga