2003ko udal hauteskundeen ostean aurkeztuko dute txosten juridikoa, Erraztiren arabera
EA autodeterminazio eskubidea jasoko duen «estatutu berri bat» ari da prestatzen, proposamena mahai gainean jartzeko, Begoña Errazti EAko presidenteak atzo iragarri zuenez. Txosten juridikoa 2003ko udal hauteskundeen ostean aurkeztuko dute. Elgoibarren egin zituen adierazpenok, EAren egoitza inauguratzeko ekitaldian.
Proposatzen duten «bizikidetza ereduak» gizartearen aniztasuna aintzat hartuko duela esan zuen Erraztik, eta baita herritarren «autodeterminazio eskubidea» ere. Haren arabera, «eskubide besterenezina» da, eta EAk ez dio inoiz uko egingo eskubide horri. Euskal lurralde guztiek «erabiliko dute», Nafarroak eta Ipar Euskal Herrikoek ere bai, Erraztik dioenez.
Dena den, badaki Espainiako Gobernuak egitasmoa kritikatuko duela, PPk «autonomia erkidegoak ere onartzen ez ziren garaira bueltatu» nahi duela eta. Honenbestez, Espainiak eta Frantziak autodeterminazio eskubidearen gainean egungo jarrera «itxia» izaten jarraitzen badute, babesa «nazioarteko zuzenbidean» bilatu beharko dela nabarmendu zuen Erraztik, «bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna ukatzen zaion herri bat dagoelako».
Erraztiren esanetan, EAren helburua subiranotasuna lortzeko urratsak ematea da, eta «bete gabeko Estatutua eta indarkeria» gainditzea. Bere proposamen politikoa «elkarrekin bizitzeko, bakerako bidea egiteko eta normalkuntza politikorako beste modu bat» dela adierazi zuen, eta proposamen horrek ETAri «argudio politikoak kentzen» dizkiola.
Bestalde, EAJrekin «hartu-emana» badela aitortu zuen Erraztik, maiatzeko hauteskundeetan bi alderdiok batera aurkeztuko ote diren galdetuta; baina EArekin elkarlanean aritu nahi duenak «argi» izan behar du, haren arabera, «aurrerakada subiranistaren garaia dela».
Elgoibarko alkartetxe berriaren inaugurazioan izan ziren, besteak beste, Iñaki Galdos EAko Gipuzkoako presidentea, Rafa Larreina Antolaketa idazkaria, eta Onintza Lasa alderdiko Komunikazio idazkaria.
Jatorria: Begoña Errazti