Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza Sailak lan istripuen aurka bultzatzen duen planaren baitan diren enpresetan 2002.eko urtarrila eta azaroa bitartean izandako lan-istripuei buruzko datuak kaleratu ditu, osalan.net web orriaren bitartez.

Dagoeneko hedabide zein herritar ororen esku dauden datuon arabera, hobera egin du egoerak, 2001ean jasotakoekin alderatuz, baita EAEko gainontzeko enpresekin konparatuta ere. Nolanahi ere, lan-istripuen aurkako borrokan egiten ari diren ahaleginei eutsi eta bizkortzeko konpromisoa berretsi du Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza Sailak, bere lehentasunik oinarrizkoenetako horretan bait datza.

Honez gero, Osalan-go web orrian eskura daitezkeen datuei dagokienez, hauexek lirateke azpimarragarrienak:

· Planean sartutako enpresetan ?2002ko irailaren 30erako, EAEko 266.000 langile biltzen zituztenak? izandako istripuen kopuru osoa gutxitu egin zen, ehuneko 17,04 gutxitu ere: hala, 2001ean, 26.418 izan ziren; 2002an, berriz, 21.917. Hau da, 4.501 istripu gutxiago gertatu ziren.

· Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren planean babestutako enpresetan, heriotza eragindako istripuak ehuneko 60 gutxitu ziren 2002ko urtarrila eta azaroa bitartean, 2001eko denboraldi beraren aldean; izan ere, 2001ean 57 hildako izan ziren eta 2002an, ordea, 23; nahiz eta planak iaz 2001ean baino 33.000 langile gehiago hartu dituen.

· Era berean, urteko lehenengo hamaika hilabetetan istripu larriak ehuneko 30,08 gutxitu ziren guztira; izan ere, 2001ean, 256 istripu larri izan ziren; 2002an, berriz, 179. Halaber, istripu arinak ehuneko 16,82 urritu ziren: 2001ean, 26.105 izan ziren; 2002an, 21.715, hain zuzen.

· Horrela, istripu-tasa (mila langileko izandako istripu-kopurua) beheratu egin zen: 2001ean, mila langileko 100,44 istripu egon ziren, eta, 2002an, 82,39; betiere urte bakoitzean urtarrila eta azaroaren bitartean pilatutako datuaz ari garelarik.

· Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak babestutako enpresen eta EAEko enpresa guztien estatistikak (urtarrilaren eta azaroaren bitartekoak) alderatuz gero, agerian geratzen da planaren enpresetan ia ehuneko 60 istripu hilgarri gutxiago izan zirela eta enpresa guztiak batera hartuta, ordea, ehuneko 12 gehiago; planaren enpresetan, istripu larriak ehuneko 30 baino gehiago urritu ziren, orokorretan, berriz, ehuneko 4 ugaldu; orobat, istripu arinen beherapena ehuneko 16,82koa izan zen planean sartutako enpresetan eta bestelakoetan, berriz, ia ehuneko 2koa.

SEKTOREKA

· Azaroa arte pilatutako datuak berriro konparatuaz, Sailaren planaren enpresei dagokienez, 2002an, 2001eko datuekin alderatuta, istripu hilgarriak gutxiagotu egin ziren ekoizpen-sektore guztietan, nahiz eta planak langile gehiago hartu zituen. Hala, nekazaritzan, lan istripuek eragindako heriotzak ehuneko 100 gutxitu ziren, ez baitzen hildakorik izan eta aurreko urtean, berriz, 8 langile hil ziren eta. Eraikuntzan, planaren barruko enpresetan, 2001ean izandako istripu hilgarri erdiak izan ziren 2002an (5 istripu, 10 izan beharrean). Industrian, ehuneko 35, 29ko beherapena izan zen; izan ere, 11 langile hil ziren eta 2001ean, denboraldi berean, berriz, 17. Azkenik, Zerbitzuen sektorean 7 lagun hil zen; 2001ean, berriz, 22, hau da, ehuneko 16,96 gutxiago.

· Istripu larriak ere gutxiago izan ziren: ehuneko 63,64 gutxiago Nekazaritzan (200lean, 11; 2002an, 4); ehuneko 29,17, Eraikuntzan (2001ean, 48; 2002an, 34); ehuneko 30,40 Industrian (125 eta 87); ehuneko 25, Zerbitzuetan (72 eta 54). Arinei dagokienez, Eraikuntzan ehuneko 13,49 jaitsi zen kopurua (2001ean, 4.891; 2002an, 4.231); Industrian, ehuneko 18,65 urritu ziren (2001ean, 12.638; 10.281, 2002an); Zerbitzuetan, ehuneko 16,76ko beherapena izan zen (8.307 eta 6.915), Nekazaritzan, berriz, ehuneko 7,06 gorakada (2001ean, 269; 2002an, 288ra).

· Oro har, eta Joseba Azkarraga buru duen sailaren planaren eraginez, lan-istripuak ehuneko 13,72 gutxitu ziren Eraikuntzan; 18,79, Industrian; 16,96, Zerbitzuetan; eta Nekazaritzan ehuneko 1,39 handitu.

LURRALDEKA

· Geografikoki, planean sartutako enpresen istripu-kopurua gutxitu egin zen hiru lurralde historikoetan. Araban, ehuneko 12,97 jaitsi ziren, honela banatuta: Eraikuntzan, ehuneko 26,88 gutxiago; Zerbitzuetan, ehuneko 14,81; Industrian, ehuneko 10,10; eta Nekazaritzan, berriz, ehuneko 7,5 gehiago. Gipuzkoan, ehuneko 20,67 gutxitu ziren: 26,13 Industrian; 17,37, Zerbitzuetan; 11,76, Nekazaritzan eta 6,05, Eraikuntzan. Bizkaian, istripuak ehuneko 16,64 gutxitu ziren: Industrian, 18,31; Zerbitzuetan, 17,42 eta Eraikuntzan 14,01 gutxiago izanik eta nekazaritzan, berriz, ehuneko 3,55 gehiago.

Jatorria: Joseba Azkarraga