Haritza Camblong
Gure Euskal Herri maitea 7 lurralde historikok osatzen dute. Beste ikuspuntu batetik 3 parte administratibo desberdinetan zatiturik da. Lurralde guziek elkarrekin, izate kultural bat osatzen dute, bainan euskal nortasunaren kontzientzia, ez da denetan berdina. Euskal Erkidego Autonomoan, tokiko gobernuak erakusten duen gisan, kontzientzia hori beste bi zati administratiboetan baino handiagoa da. Horretarako, lurralde horretatik Iparraldean euskal nortasuna gal ez dezagun egiten den ahalegina ulergarria da. Bainan ulergarria izan arren, Iparraldean euskal nortasun kontzientzia dugunak, laguntza horrekiko esker txarrekoak girela iduritzen zaut. Horregatik, Iparraldeko lagunen izenean, Euskal Erkidego Autonomoko anaiak bereziki, eta hegoaldekoak orokorki, eskertu nahiko nituzke zutabe huntan.
Milesker duela gizaldi bat baino gehiago, euskal nortasuna galtzen ari zela ohartu, eta nortasun hori gizartean azkartzen hasi ziren hegoaldeko aitzindariei. Milesker Espainiako gerla zibilaren ondoren, trantsizio garaia arte, Iparraldean egon diren errefuxiatuei, gure lurralde huntan euskal nortasun horren kontzientziaren altxagarria izaiteagatik. Milesker eusko jaurlaritzari, hemen ikastolak, irratiak, kazetak, eta elkarte eta enpresa andana bat, emaniko diruarekin bizirauten eta azkartzen laguntzeagatik. Milesker Herri Urrats eta antzeko festak, urtero hegoaldeko milaka lagunek sustengatzeagatik, haien lana, dirua eta presentziarekin. Milesker hegoaldeko gazteei, haien izerdia emanez, Iparraldeko auzolandegien bidez, eraikuntza ainitz altxatzen eta moldatzen laguntzeagatik. Milesker Udalbitzari, gure elkarte pobreak diruz ornitzeaz gain, Ipar eta Hegoaldeko anaien arteko elkar trukaketak bultzatzeagatik. Milesker Euskal Erkidego Autonomoko biztanle guziei, haiek emaniko zergen bidez, euskal telebista bakarra guk ere ikus dezagun eta bertan parte har dezagun bermatzeagatik. Milesker hegoaldeko laguntzaile guztiei, haien laguntzaren truke, guri ezer ez galdetzeagatik. Milesker laguntzaile horiei, guk haiekiko elkartasunik kasik ez erakutsi arren, guk haiek ez eskertu arren, eta gainera askotan kritikatu arren, horiek Iparraldeko euskaldunak laguntzen segitzeagatik. Hegoaldeko anai-arrebak, milesker, zueri esker, Iparraldean ere, euskal nortasuna ez dela hilko eta berriz indartuko dela sinesten dugulako…
Jatorria: Haritza Camblong