Gure ustez askatasun-sistemarekiko konfiantza, demokraziaren onespen soziala eta kultura demokratikoan sakontzeko gogoa politikarien eta alderdi politikoen jokabide zintzo eta gardenean oinarritzen dira.

Gure ustez politikak kontratu sozial bat eskatzen du eta herritarrek kontratu hori bete dadin eskatzeko eskubidea dute, leialtasunez, zorroztasunez, zintzotasunez eta gardentasunez bete behar den kontratu gisa.

Politika jarduera zintzoa dela baieztatzen eta defendatzen dugu, zerbitzu publikoa da eta edozein irabazi-asmo, ospe-asmo edo beste edozein probetxu pertsonal sakrifikatzea eskatzen du, interes orokorrak babesteko egiten den lanean.

Horregatik ondoko Jokaera Kode Etikoa Geureganatzen eta Defendatzen dugu:

LEHENA

Eusko Alkartasunako kargu publikoen edo ordezkarien jarduna honako printzipio hauetan oinarrituko da: herritarrekiko leialtasunean, fondo publikoen administrazioan eta karguaren ondorioz ezagutzen diren informazioen jabetzan zintzotasunez jokatzean, funtzio publikoetan jardutean neutraltasuna eta gardentasunari eutsiz eta zorroztasunez jokatuz.

BIGARRENA

Eusko Alkartasunako kargu publikoek ez dute parte hartuko interes ekonomikoren bat, edo beste edozein abantaila (pertsonala edo bigarren mailarainoko familiarra) eduki dezaketen edozein gaietan, baldin eta gai horrek bere funtzio publikoaren jardunarekin erlaziorik baldin badu. Era berean, ez dute parte hartuko halako gaietan, kasu beretan, azken bost urtetan ordainsariarekin eta etengabe lan egin duten sozietate edo enpresei dagokienez, edo haietan aurreko bost urtetan interesik edo partaidetzarik izan badute.

Halako erlaziorik baldin badago, ez du parte hartu beharko eta bere egoeraren berri eman beharko dio dagokion aginte politikoari, edo administratiboari. Ezein kasutan ezin izango du bere menpeko batek ebatzi.

HIRUGARRENA

Eusko Alkartasunako ezein kargu publiko ezin izango da karguaren ondorioz eskura eduki duen informazioaz baliatu, ez zuzenean ez eta zeharka ere, bere mesederako edo besteren mesederako, ez karguan egon den bitartean ez ezta ondoren ere.

LAUGARRENA

Eusko Alkartasunako kargu publikoek edozein ikerketaren aldeko botoa emango dute, baita euren gaineko ikerketak edo alderdiaren ingurukoak bozkatzen direnean ere, ikerketa horiek ustelkeriagatik edo eragin-trafikoagatiko erantzukizunak aurkitzeko edo orokorrean, etikoki gaitzesgarria den edozein jokabide edo politikaren duintasuna zikin dezakeen edozein portaera argitzeko direnean.

BOSTGARRENA

Eusko Alkartasunako ezein kargu publikok edo ordezkarik ez ditu onartuko ez zuzenean ez eta zeharka ere:

a) Opariak edo dohaintzak

b) Dirua, doako maileguak edo ohikoa baino beheragoko interesa duten maileguak, bere neutraltasuna baldintzatu dezaketenak.

c) Bere funtzio publikoen edo ordezkapen-funtzioen jardunarekin zuzeneko zerikusirik ez duten gonbidapenak edo bidaiak.

SEIGARRENA

Leialtasun-konpromisoa hartzen dugu, politikaren duintasunaren eta zintzotasunaren berme gisa. Beste indar politikoei eta politikariei buruz egiten ditugun aipamenetan duintasun pertsonalarekiko leialtasun eta errespetu konpromisoa onartzen dugu, argi eta garbi bereiziz alde batetik kritika eta desadostasuna eta bestetik ospe onaren aurka joatea edo kalumnia.

ZAZPIGARRENA

Lehia politikoko modu bezala baztertzen dugu, eta salatu ere egiten dugu, aurkari politikoen ospea urratzeko edozein jokabide edo euren bizitza pribatuetan sartzea, euren jarrera politikoekin zerikusirik ez duenean. Indar bereziz baztertzen dugu edozein informazio edo zurrumurru, berri faltsuen edo alderdikoien filtrazioak edo intsinuazioak helburu horiek dituztenean, eta bereziki, informazioaren edozein motatako manipulaziok edo komunikabide publikoetatik neutraltasun ezak dakarren botere-abusua.

ZORTZIGARRENA

Espresuki baztertzen dugu, alderdi politiko gisa, sozietate bat sortzea edo hartan parte hartzea Administrazioak ahalmen diskrezionalak baditu sozietate horretan, edo sozietate horren jardunak Administrazioari zerbitzuak ematen badizkio, edo administrazioko erakunde, organismo edo mendeko sozietateei ematen badizkie.

BEDERATZIGARRENA

Herri kontuen epaitegiei dagozkien kontrolen kaltetan izan gabe, gardentasun politikoak halakorik eskatzen duenean, gure kontabilitatea kanpoko auditoretza edo zentsura pean jartzeko konpromisoa hartzen dugu, baita horren berri emateko konpromisoa ere.

HAMARGARRENA

Eusko Alkartasunako edozein kargu publikok edo ordezkarik bere egoera hori azaltzen badu tratu mesedegarriren bat lortzeko, kargua utzi beharko du eta alderditik botako dugu.

Alderditik botako dugu eta kargurik gabe geratuko da halaber, kode etiko honetako edukia betetzen ez duen edozein afiliatu edo kargu publiko.
Kode Etiko hau praktikan gauzatzearren:

- Kargu publiko eta ordezkari guztiek eta Eusko Alkartasunako hautagai guztiek espresuki onartuko dute aurreko Kode Etikoa, sinatuz eta jakitera emanez.

- Eusko Alkartasunak behar diren legezko erreformak bultzatuko ditu Kode honen muinean dauden printzipioek arau edo lege maila lor dezaten, kargu eta alderdi politiko guztien jokabidean aplikagarriak izan daitezen.

– Gainerako indar politikoei Kode Etiko hau onartzeko gonbidapena egiten diegu, bai eta euren jokabidearekin Kode honen edukian sakontzeko gonbidapena ere.

Jatorria: Eusko Alkartasuna