Giza eskubideekin bat. Biktimekin bat. Salbuespenik gabe irakur zitekeen pankarta berdean idatzirik. Atzean, Eusko Alkartasuneko ordezkariak Begoña Errazti, Rafa Larreina, Gorka Knörr eta Begoña Lasagabaster, Anjeles Iztueta eta Joseba Azkarraga, Sabin Arana, Tontxu Campos eta Martin Aranburu. Haien inguruan, alderdiaren deialdiarekin bat egin zuten ehun bat lagunek. Egunkariaren azken zenbakiaren azalak zein Eguneroren aleak ikus zitezkeen bildutakoen eskuetan.
Bilboko Udaletxearen aurrean, Jorge Oteizak hiriarentzat aukeraturiko eskulturaren azpian elkartu ziren. ´Azken egun hauetan, Egunkariaren itxiera gertatu da; Argia, Ikastolen Federazioa zein herri honentzat garrantzitsuak diren pertsonei eraso diete; tortura salaketak izan dira; oraindik zenbait pertsona kartzelan daude, eta botere judiziala Jose Maria Aznarren botere exekutiboarekin bat egiten ari da´, zioen Erraztik. ´Testuinguru honetan, demokrazia atzeraka doala ikusita eta eskubide zein askatasunen ukapenaren aurrean, kalera irtetea erabaki dugu´, esan zuen.
Hamabost minutuko agerraldi isila izan zen, egun hauetan jazotakoa salatzeko.
´Indarkeriari ez zaio ezer onartu behar, baina, era berean, eskubideen eta adierazpen askatasunaren urraketaren zein komisarien segurtasunaren inguruan ger- tatzen denaren aurrean ezin ditugu begiak itxi´, zioen EAko presidente Begoña Erraztik, eta aurrerantzean ere giza eskubideen urraketak salatzen jarraituko dutela gaineratu zuen.
Jatorria: Begoña Errazti