Joseba Azkarraga (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua)
Trantsizioa deitutako garai itxaropentsuetan, inork gutxik uste zuen diktaduratik demokraziarako bideak atzera-buelta izango zuela. Pesimistenak ere ez ziren ausartuko iragartzen Espainiako demokrazia gaztea izenekoa hainbeste desitxuratuko eta gaur bizi dugun askatasun-sistemaren atzerakada itzela nozitzen amaituko zela.
Askatasun-murrizte horien demokrazia-gainbehera Aznarrek ekarri digu, paradoxaz paradoxa, legezkoa dena ilegal bihurtzen tematurik, eta norbanakoaren eta taldearen eskubideak urratzen dituen Estatuaren arrazoiaren legez kontrako adierazpena legitimo bilakatzeko ahaleginetan.
Demokraziaren degradazio horrek batere ilustratua ez den despotismo honetaraino, non denak balio baitu, bideratu gaitu; eta, funtsean, gobernuan dagoen alderdiaren sorreraren isla da, Espainiako Konstituzio-sistema usteltzearen erantzule. Konstituzio hori Euskal Herriak errefusatu zuen, eta demokrazia-defizit nabarmena du, ez baitu onartzen euskaldunok gure etorkizuna aukeratzeko eskubidea; hala eta guztiz ere, behintzat politika-jokoari legaltasun eta zabaltasun marka bat emateko balio izan zuen. Orain, berriz, hori guztia alferrik galdu da.
Konstituzioa, batez ere haren aldeko botoa eman ez zuen Espainiako eskuinarentzat -beste paradoxa bat-, baina, baita ere, Erreforma ahalbidetzeko hainbat aldarrikapen alboratu zituen ezkerrarentzat, jaurtitzeko arma bilakatu da, eta ez da egia bertan ideia guztiek lekurik dutenik.
Paradoxa ankerra da, dudarik gabe, arrazoiaz eta merezi duen irmotasunaz ETA bezalako erakunde bati gisa eskubideak urratzea eta joko-arauak apurtzea leporatzen dionak berak, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakia harturik, arauak ez ezik, joko-taula osoa ere apurtu eta herritarren askatasun guztiak deuseztatu nahi izatea, baita, hitzaren bidez eta konbentzimendutik, PPk inposatu nahi digun bestelako ideologia edo herri-proiektua defendatzen duenaren legezkotasuna ukatzeraino ere. Besteak beste, ideologia-aniztasuna errespetatzea edozein demokraziaren oinarria delako. Eta hain zilegia da euskal nazionalista zein nazionalista espainola izatea; sozialdemokrata zein eskuin zaharkituenetakoa.
Sistema demokratikoak batik bat eskubideen eta askatasunen bermatzailea izan behar du. Baina Aznarrek bestelako bidea aukeratu du. Izan ere, Espainiako Gobernuko buruak, Estatuko hauteskundeak bi aldiz irabazi dituenak (azkenak gehiengo osoz), jakin beharko lukeenez, egia bada ere hautestontziek eta botoek demokrazia-legezkotasuna eta zilegitasuna ematen dutela, egia da ere boterea zapalkuntza bilakatzen dela, baldin eta herritarren zati baten eskubide zibilak eta politikoak zapaltzeko erabiltzen bada. Historian adibide ugari ditugu. Batzuek komunismoaren arriskuen aitzakia erabili zuten, eta beste batzuek, berriz, aberriaren batasuna edo terrorismoaren aurkako borroka darabiltzate.
Zein demokrazia mota da, baina, hauteskundeetako interesei begira bi alderdi ideologia politika bat zelan hondatu eta beste alderdi politiko bat legetik kanpo zelan utzi hitzartzeko elkartzen direnean? Zelan izendatu sistema, bada, botere judizialak -legeak betetzea eta betearaztea eta defentsaren printzipioaren eta errugabetasun-presuntzioaren babeslerik handiena izatea helburu eta obligazio duenak-, gobernuaren aginduetara makurtuta, botere-banaketa baztertzen duenean, eta Barne eta Justizia ministroek epaileen bozeramaile aritzen direnean? Nola deituko diogu, orduan, herri bati, oso froga-oinarri eskasa, baliogabea ez bada, erabilita egunkariak itxiarazten direnean, beste komunikabide batzuk, tartean publiko batzuk, jaun eta jabe aritzen diren bitartean, iraina, baita ignominia ere, jokabidetzat harturik?
Zelan deitu, baina, bertan Aznarren gobernuak askatasun gabetutako pertsonen eskubide guztiak baliogabetzen dituenean, besteak beste, zigorra euren familia-ingurunetik gertu dauden kartzeletan betetzeko eskubidea edo euskaraz ikastekoa? Edo, nahiko asaldaturik dagoen gizartea gehiago ernegatu guran, promulgatutako lege bat presaz eta bermerik gabe aplikatzean herritarren sektore garrantzitsu bati hautatu ahal izatea eta hautatuak izatea galarazten zaionean?
Benetan ez dirudi demokratikoa denik Aznarren Errepublika hau definitzeko terminorik zorrotzena eta egokiena; Espainiako presidenteak hainbeste miresten duen familiako Bush gobernadoreari parafraseatzea badaukat, Aznarrek beren gerrarako grina eta handikeria inperialisten biktima errugabeen odoleztatutako kromoak trukatzen dituen familiako kideari, hain zuzen. Nolanahi ere, Aznarrek jakin behar du berriro ere bere estrategiak, alegia, Euskadin elkarbizitza dinamitatzeko daukan irrikak, gizarte honen erantzun helduaren eta lasaiaren kontra joko duela.
Jatorria: Joseba Azkarraga