Begoña Errazti Barakaldon jaio zen, 1957an, baina aspaldian Iruñean bizi da. Historiako lizentziaduna da, eta Enpresa Kudeaketarako masterra du. Politikan buru-belarri sartu aurretik, Nafarroako Ikastolen Federazioko kudeatzaile izan zen.
ETA bigarren aldiz agertu da kanpainan, eta su-etenik ez dagoela esan du.
ETAk euskal gizartearen aurrean porrot egin duela berretsi du. Gizarteak indarkeria bukatzeko exijitzen dio, baina ez dio erantzuten. Indarkeria da zentralismo espainiarrak gure eskubide nazionalak ukatzeko erabiltzen duen argudioa. ETAk parte hartu nahi du hauteskundeetan, baina ez dugu haren ordezkaritza onartzen. Gure bidetik segituko dugu, gure herriari subiranotasunaren aldeko aurrerapausoak eskainiz, eta epe laburrean landu beharreko gaiak bakegintza eta normalizazio politikoa direla kontuan hartuz. Gainera, komunikatuak PPren estrategiari, ETA dena delako argudioari, arrazoia ematen dio, eta Batasunaren mundua inplikatzen du.
AuBri botoa emateko eskatu du. Zer eragin izanen du horrek ezker abertzalean?
Txarra. Batasuna ETArekin inplikatu du, PPri arrazoia emanez. Hori erantzukizun falta izugarria da.
Eta zuengan?
ETAk gu etsai moduan ikusi gaitu beti, eta etsaiak izaten jarraitzen dugu. Gure bidea da irtenbideak bilatzea eta gure eskubide nazionalak eta subiranotasuna lortzeko pausoak ematea, baina inolaz ere indarkeriarekin.
Ilegalizazioak UPNren mesederako direla esan duzu egunotan. Erregionalistek lor dezakete gehiengoa?
UPNk gehiengorik lor ez dezan saiatu behar dugu. Baliogabeko botoa ematerakoan, pentsatu behar da boto hori UPNren egoitzara bidaltzen dela zuzenean. Ardura handia eduki behar da hauteskundeotan, eta botoa eman erakundeetan ordezkatua egoteko. Salbuespen egoera batean gaude eta botoak behar dira, baina ez baliorik gabeko botoak. UPNk Nafarroa bakarra defendatzen du, eta apurtu egiten da askotariko Nafarroa. Euskal nortasuna duen Nafarroaren aurka doa, eta apurtu egin nahi ditu Nafarroak Euskal Herriko beste lurraldeekin eduki ditzakeen harremanak eta elkarlanak. Ezin dugu ahaztu UPN PP dela, eta PPren estrategiarekin indarkeriak bere hartan jarraituko lukeela. PPren hitzaldian ETA apena agertzen den; abertzaletasuna da etsaia.
UPN-PPk gizarteratu nahi duen «euskal nazionalistekiko izuaren mezua» gauzatuko da?
UPNk PPren estrategia berari jarraitzen dio. Abertzaletasuna da etsaia eta gauza guztien errudun, eta Miguel Sanz frankismo garaiko hizkera erabiltzen ari da, pertsona eta siglekinmehatxatuz. Horrek esan nahi du ez duela argudiorik nolako Nafarroa nahi duen azaltzeko. Gainera, indarkeria egoera erabili nahi dute euren mesederako. Politikariei eskatu behar zaigu herritarren arazoak moldatzeko zer eginen dugun esatea, eta haiek alderantzizkoa egiten dute: erantzukizunik gabe jokatzen ari dira.
Juan Jose Lizarbek UPNren alternatiba izateko ezinbestean zuen laguntza behar duela esan duzu asteon. Ordainean zein akordio eskatzen duzue?
Nafarroa askotarikoa dela onartu behar du PSNk, euskal nortasuna duela eta autogobernua garatu egin behar dela. Baina autogobernua ez da bakarrik falta zaizkigun eskumenak lortzea: eskubide historikoak ere aldarrikatuko ditugu. Ongizate gizartea bermatzeko eskubide horiek garatzea behar-beharrezkoa da. Era berean, hizkuntza politikan aurrerapausoak eman behar dira. Arlo guztietan garatu behar du euskarak, eta lan munduan ere bai.
Zer lortzeko asmoa du EA-EAJk?
Gora egingo dugu. Ez dut kopururik jarriko; ez dut inoiz egin eta ez dut orain egingo. Inkesten arabera asko igotzen gara, eta asmoak oso onak dira, baina ikusi behar.
Hala ere, Gobernuak eta Parlamentuak ez dute ordezkatuko Nafarroako gizarte osoa.
Ez. Hauteskundeotan ordezkaritza politiko bat falta da, eta gabezia demokratiko batean gaude. Baina, ez bakarrik ilegalizazioengatik, baita indarkeriak bizitza politikoa baldintzatzen jarraitzen duelako ere. Hauteskunde nahasiak dira, eta legegintzaldia ere nahasia izango da. Saiatu behar dugu gizartearen dauden planteamendu ezberdinak zein diren ikusten, eta erakundeetatik kanpo utzi duten arren Batasunaren ordezkaritza kontuan hartu beharko dugu. Hurrengo urteak oso zailak, baina oso garrantzitsuak izango dira normalizazio politikoa lortzeko, eta afera horretan ezinbestekoa da Batasunaren eta bere ingurukoen iritzia jasotzea, eta horretan saiatuko naiz.
Jatorria: Begoña Errazti