Martin Aranburu. Legebiltzarkidea
Titok zuzendu zuen Jugoslaviaren meritua ez zen hiru erlijio desberdinen elkarbizitza baketsua lortu izana, bizitza ulertzeko ikuskera desberdin biren konbinazioa baizik, Europa mendebaldeko kroaziarra, batetik, eta Europa ekialdeko serbiarra, bestetik. Bi ikuspegi desberdin horien konbinazioaz kudeatzen zuten Estatua, hizkuntza bera bi alfabetotan ikasaraziz eta erlijio sinesmen desberdinak errespetatuz, adibidez. Konbinazio kultural horren ispilu nabarmenena eta aberatsena zen Bosnia-Herzegovina, serbiar eta kroaziar herrien nahasmenari erlijio islamiarra gehitzen baitzion, gainera. Hainbeste elementu desberdinen arteko elkarbizitza horrek Jugoslaviaren ordezkari onena bihurtu zuen Bosnia, bertan baitzeuden ikusgarri estatu osoan nagusi zen elkarbizitza eta aniztasuna.
Herrialde hartan izandako gerren ondorioz aberastasun hori galdu egin du Bosniak ordea, eta, oro har, galdu egin dugu europar guztiok. Jakina, kroaziarrek eta serbiarrek bertan jarraitzen dute, eta bosniarren erlijioa islamiarra da oraindik ere, baina denen arteko elkarbizitza etorkizuneko belaunaldiek berreskuratu beharko dute, gaur egungoentzat erabat ezinezkoa baita.
Kroaziarrak Herzegovinan bizi dira kontzentraturik, Bosnia-Herzegovina deituriko estatua badenik ukatuz. Kroaziako ikurrinez josita dago bertako herri oro, eta kroaziar estatuarekiko batasuna dute aldarrikapen politiko nagusia. Islamiarrak kanporatu dituzte, beren etxeak suntsitu, eta Bosnia eta Kroaziaren arteko mugak ez dituzte ezagutzen.
Serbiarrek Srpska errepublika autonomoa dute bizileku. Bosniaren ipar eta ekialdeko lurraldeez osatua da; kroaziarren eta bosniarren etxeak suntsiturik daude, hara itzul ez daitezen; ez dute alfabeto latinoa inon erabiltzen; eta herrien izenak ere aldatu egin dituzte, kroaziar edo bosniar kutsu txikiena ere ezabatzearren. Kroaziarren hegoaldeko lurrak serbiarrak dira, baina ez dute muga onartzen, eta, aldiz, Sarajevotik bost kilometrora, Bosnia han bukatzen dela argudiatuz, muga fisikoa ezarri dute.
Bosniarrak, hots islamiarrak, geratzen den lurraldean bizi dira. Zeanuri, Errezil edo Otsagabiaren antzeko paisaian minaretea topatzeak sortzen duen harridura ezabatu egiten da suntsitutako eliza katoliko eta ortodoxoak ikustean. Baina aitortu egin behar da Bosnia-Herzegovina estatu normalizatu bilakatzearen aldeko eguneroko lanean diharduten bakarrak berak direla.
Sarajevoz ez naiz gaur arituko, baina, Gasteizko musika talde batek zioen esapidea erabiliz, Sarajevo gezurrezko nazio baten hiriburu singularra dela esango nuke.
Jatorria: Martin Aranburu