Sabin Intxaurraga. Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua.
Abuztuaren 26an, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Goi-bileraren irekitze ofizialean izango da. Bertan izango gara, Johannesburgon, gure etxeko, gure planetako gaietan hitza izan nahi duen herri txiki bat ordezkatuz. Jakin badakigu txikiak garela -batez ere Munduko Goi-bilera bat bezalako testuinguruetan-, baina garapen jasangarriaren defentsan ditugun konpromisoak ezagutarazi nahi ditugu.
Etxeko lanen zati bat egin dugu
Euskaldunok Johannesburgora hainbat zeregin burututa goaz. Goi-bilera honetan, duela hamar urte Rio de Janeiron egin zen antzeko goi-bilera batean hartutako konpromisoak bete ote diren aztertuko da, eta alde horretatik esan dezakegu, Europako hainbat herrik bezala, gure zereginen zati bat burutu dugula.
Rion, herri-administrazioei agindu nagusi gisa garapen jasangarriaren printzipioak euren politika publikoetan sar zitzaten eman zitzaien. Rion, duela hamar urte, garapen beraren kontzeptua behin betiko eztabaidatu zen, gutxienez planetaren etorkizuneko biziraupenera baldintzatuz. Eta bertatik sortu da herri bakoitzak bere garapen jasangarrirako estrategia prestatzeko -eta aplikatzen hasteko- Europako Batasunak berak ere berea egin duen konpromisoa.
EAEk konpromisoa bere gain hartu zuen, Eusko Legebiltzarrak, jasangarritasunaren printzipioetan inspiratuta, 1998an Ingurumena Babesten duen Lege Orokorra onartu ondoren; eta bertan, gobernuak lau urtetik behin Ingurumen Esparruko Programa egiteko obligazioa izan dezan ikusi da. 2001eko urtarrilean berriz ´Euskal Autonomia Erkidegoak Jasangarritasunaren aldeko Konpromisoa´ adostu zuten, Ibarretxe lehendakaria bera buru zuela; bertan, jasangarritasunean oinarritutako garapen-eredu baterantz joateko erabaki irmoa jaso zen.
Oinarrizko Errentarenak bezalako politikak, ekoefizientzia eta fokatze integrala bilatzen duten plan sektorial ekonomikoak, eta gizarte-kohesioko politikak, garapen jasangarriaren printzipioek -ingurumenarenaz gain oinarrizko beste bi alderdi dituztenak, ekonomikoa eta soziala- Eusko Jaurlaritzaren eta bere aurrekontuen ekintza politikoa iradoki eta egituratzen duten moduaren adibide dira.
Eta duela gutxi euskal administrazio publikoak jasangarritasunaren printzipioak bereak egitea lortu dugu, gizarte-mailako partaidetzako prozesu garrantzitsu baten ondoren eta gure ingurumen-egoeraren diagnostiko osatu batean oinarrituta, Garapen Jasangarriko Euskal Ingurune Estrategia (2002-2020).
Hori oso ekintza-programa zehatza eta argia da. Herri gisa hainbat helburu lortzeko nahia agertu dugu ehun eta berrogeita hamar konpromiso baino gehiagotan zehaztuta. Eta garapen jasangarriaren bidetik ez urruntzearren, konpromiso eta helburu horiek kontrolatzeko eta zaintzeko sistema garden eta osatua erabili dugu. Estrategia Bruselan aurkeztu genuenean, Europako ingurumen-agintariek oso ondo baloratu zuten.
Gure legea dugu, gure ingurumenaren egoeraren diagnostikoa egin genuen, hobetzeko asmoz gure estrategia onartu genuen eta gure kontrol-sistema dugu. Orain aplikatu egin behar dugu. Guztiok, administrazioak, enpresek eta hiritar bakoitzak. Eusko Jaurlaritzak, ekainean bere Garapen Jasangarriko Estrategia onartu zuenean, jasangarritasuna bere politiketan integratzeko prozesua amaitu zuen, eta horrek esan nahi du aurrerantzean EAEn -orain arte, oker bada ere, BPGd-aren gehikuntzagatik bakarrik neurtu dena- erabateko desideratuma izan ez dadin eta jasangarritasunarekin bateragarri izan dadin oinarriak ezarri dira. Hau da, gehikuntza jasangarri, kualitatibo eta kohesionatuari buruz hitz egingo dugu.
Alde horretatik diogu Rion agindutako etxeko lanen zati bat egin dugula (hori adibidez Espainiako gobernuak ezin du esan. Beharbada horregatik Aznar nonahikoa eta autoadeitsua Johannesburgora hurbiltzen ez ausartzeko arrazoia).
Bete ez diren konpromisoak
Hala ere, Rion agintari publikoentzako jarraibideak erakusteaz gain, hirugarren munduko herrialdeei eta ekosistema bezala planeta berari herrialde aberatsen garapenak eragiten zien makrodesbideratzeak zuzendu nahi zituzten beste hainbat konpromiso eta deklarazio ere onartu ziren. Agenda 21ean jasotako konpromisoak, Biodibertsitateari buruzko hitzarmenak eta Aldaketa Klimatikoa -bertatik Kyotoko Protokoloa sortu zen- hitz politen eta bete gabeko konpromisoen adibide dira. Eta ez dezagun pentsa planeta-mailako gaiak izateagatik besteen arazoak direnik. Ez. Lurra, gure planeta, gure etxea, gaixo dago eta bertako biztanle ugari, gure hainbat bizilagun, baldintza bidegabeetan bizi dira, batez ere beste hainbat lagun guztiona den planeta baten baliabide naturalen kontura bizi garela kontuan hatzen badugu. Gizakia, gaur egungo zibilizazio-estadio honetan, berehalako ongizate eta aberastasuna lortzeko gogo horrek zuzenduta, kapital naturala, planetaren baliabideak ustiatzen ari da, mugagabeak bailiran.
Inor ausartzen al da esatera egun hauetan Europako erdialdean hainbeste ongizate suntsitu duten euriteak, gure energia-eralketaren bidez eragiten dugun klima-aldaketaren ondorio ez direla? Immigrazioaren inguruko hainbeste ezbehar eta zorigaitzen aurrean, inor ausartuko al da esatera gure gizarteak guztion giza eskubideak defendatzen dituela? Meategiak etengabe ustiatzen direla eta baso osoak deforestatzen dituztela eta ondorioz biodibertsitatea galtzen ari dela ikusita, inork esan al dezake gure etxea zaintzen ari garela? Inork uste al du garapen teknologikoa eta ondoriozko globalizazioa positiboak direla mundu osorako?
Johannesburgon lotsa pasatuko dugu munduaren erdiak beste erdiari pobreziak, goseak, ur faltak, ustiapenak, osasun eta hezkuntza ezak, bere hartan edo NBEk deituta Rion duela hamar urte munduko herri guztiak bildu zirenean baino okerrago jarraitzen dutela ikusarazten digutenean.
Guztion zeregina, norbanakoarena eta Gobernuarena
Zerbait egin behar dugu. Rion eta bere testuinguruan ´osotasunean pentsatu, toki bakoitzean jardun´ zorioneko espresioa sortu zen. Eta egin behar dugu, egingo dugu, gure neurrian; izan ere, ingurumen-gaietan gauza bat gutxienez argi dago, gutako bakoitzak bidera dezake garapen-eredu hori, eta bakoitzaren jardunak batuz hasten gara gure ´eralketa-eredu´ hori aldatzen.
Gobernu garen aldetik, guri dagokigun erantzukizuna geure gain hartuko dugu.
Alde batetik, arazoa eta bere irtenbideak zeintzuk diren, munduko gainerako herriekin batera, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Beste herri guztiekin batera, Johannesburgon hartuko diren erabaki politikoetan eta gogoeta-prozesuetan parte hartu nahi dugu, han ere ordezkaritza ofiziala estatuei egokitu arren, eurak baitira NBEren aurrean onartutako hizketakide bakarrak.
EAEn ingurumen-politikako gaietan adituak gara eta gure autogobernua, NBEk antolatutako mundu-mailako goi-bileraren testuinguruan Johannesburgon eratuko den mundu-mailako erakunde batean parte hartzeko erabiliko dugu. Gorago aipatu bezala, herri txikia gara eta gure ustez ingurumenari ekarpen egokiena gizaki bakoitzaren eskutik eta eskala txikian dator. Horregatik, azken hilabeteetan ingurumenaren arloan eskuduntzak dituzten gobernu nazionalen eta erregionalen mundu-mailako sarea sortzen bultzatzen ari gara, herri zein planeta-mailan jasangarritasuna sustatzen elkarrekin lan egiteko.
Gobernu bezala, planeta-mailan ere parte hartu nahi dugu.
Lehendabizi, garapen bidean dauden herrialdeekiko oreka eta kohesioaren alde gure BPGd-aren %0,7 eskaintzeko konpromisoa betez. Halaber, nazioartean hartutako konpromisoak betetzeaz arduratuko den nazioarteko erakunde bat lehenbailehen sor dadin ere defendatuko dugu. Heldu da garaia garapen jasangarriko gaietan -belaunaldien arteko eta nazioarteko elkartasunean oinarritutako egungo eta etorkizuneko gure naturaren defentsa- nazioarteko erakunde bat sortzeko, merkataritza, lan edo osasunaren arloetan dagoen moduan. Horrela Rioko goi-bilerako gabezia nagusia saihestu ahal izango da, hots, hitz politak eta betetzen ez diren konpromisoak. Johannesburgon -eta etorkizunean bultzatzen ari garen erakunde berriaren bidez- planetako gizarte osoaren oreka eta kohesioarekin solidarioki konprometitzeko bidean proposatuko den guztia babestuko dugu. Eta gure herrian lan egingo dugu gure gaurko garapena gizarte osoarekin eta gure ingurumenarekin zuzena izan dadin, gaurkoarekin eta etorkizunekoarekin.
Azken finean, hain erraza den hori baita garapen jasangarria.
Jatorria: Eusko Alkartasuna