Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak inauguratu zuen, Bilbon, ezgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko erakundeen planaren zirriborroa eztabadaitzeko jendaurreko entzunaldia. Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak egiaztatu duenez, Ezgaitasunak dituzten pertsonak lan merkatu arruntean sartzeko erakundeen Planak, berak zuzentzen duen sailak bultzatutakoak, kolektibo hori laneratzea bultzatzea du helburu, ´gizarte-bazterketaren aurka egiteko modurik eraginkorrenetariko bat, baita ondradua ere´ delakoan.
Aipatutako planaren entzunaldi publikoa inauguratzeko hitzaldian sailburuak jardunaldion garrantzia nabarmendu zuen; izan ere, esan bezala, aukera ezinhobea ematen baitute planean jasotako irtenbideek ea ezgaitasunak dituzten pertsonen beharrei erantzuten dieten ebaluatzeko, betiere pertsona horiek lan-merkatu arruntean sartzeko helburuaz. Horrela, sailburuak agindutakoaren arabera, ´foro honetan lortzen diren emaitzak behin betiko zirriborroan jasoko dira´, eta zirriborro hori aurki aurkeztuko da Gobernu Kontseiluan, bertan onartzeko eta ondoren plana gauzatzen hasteko.
Azkarragak ezgaitasunak dituzten pertsonen kezka ugariak azaldu zituen, besteak beste: arkitektura eta hirigintza-oztopoak, etxebizitzarako sarbidea, laguntza goiztiarra, benetan gizarteratzeko balio duen heziketa, egoitzetan bitzeko aukera, eta dudarik gabe, lan merkatu arruntean sartzea. Ildo horretan, gogoratu zuenez, zuzentzen duen sailean ´abiapuntua hauxe dugu: talde horiek guztiek zerbitzu guztiak eta garatzen ditugun programak eskurragarri izan ditzaten laguntzea, eta, kasu batzuetan, ekintza positiboko neurriak planteatzen ditugu´. Horien artean sailak araututako zenbait arau aipatu zituen, talde hori laneratzen laguntzeko neurriak eskaintzen dituztenak, esate baterako, ezgaitasunak dituzten pertsonak enpleguratzeko laguntzak; mugarik gabeko kontratuak sustatzera zuzendutakoak; lanaldiaren banaketaren eta autoenpleguaren aldekoak; lanbide-heziketarako laguntzak; Gizarte Ekonomia arloan enplegu-sorgune berriak, edo Europako programetarako laguntzak, lehen Horizon izenekoarekin gertatu zen bezala, edo gaur egun Equal izenekoarekin.
Hain zuzen ere, erakundeen planaren proiektua ingurumaria honetan kokatu zuen: lan merkatu arruntean sartzeko pertsona horiek dituzten zailtasunei aurre egiteko beharrean. ´Nire ustez, plan honek elementu bat gehiago izan behar du ezgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna sustatzeko lanean, eta, horrela, pertsona horiek aukera izango dute gizartean parte hartze aktiboa izateko inolako trabarik gabe. Izan ere, denok dakigu gizartea antolatzeko eragatik, maiz, pertsona horiek ez dutela euren funtsezko eskubideak erabat gauzatzerik izaten eta horren ondorioz gizartetik bazterturik geratzen direla´, esan zuen.
Azkarragaren iritziz, irisgarritasuna honela ulertu behar da: ´eskubide pertsonala eta unibertsala, inguruneak eraginkortasunez, seguru eta era normalean, diskriminaziorik gabe, erabiltzea bermatzen duena, horixe baita oinarrizko eta aurretizko baldintza gizartean eta ekonomian aukera berdinekin parte hartzeko. Ikuspegi horretatik, bazterketari aurre egiteko funtsezko kontua da, hain zuzen, enplegu bat izatea´.
Horrela, talde horrentzat enpleguaren sustapenak ´politika aktiboa izan behar du, eta ez, ordea, politika pasiboa; izan ere, politika pasiboen bidez diru-sarrera batzuk emanda etorkizuna ziurtatzen da, baina pertsonek ez dute euren autoestimua hobetzen, eta ez zaie autonomia pertsonala, ekonomikoa eta familiarra ahalbidetzen, gizartean aktiboki parte hartzeko oinarria dena´.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak azaldu zuen, orobat, planean bestelako kontu sektorialez gain genero ikuspuntua ere kontuan hartu dela. ´Darabilzkigun datuetatik egiazta daitekeenaren arabera, ezgaitasunak dituzten emakumeek maiz diskriminazio ugari jaso beharra dute, bat egiten baitute ezgaitasunak eragindako diskriminazioak eta generok eragindakoak. Ez dugu ez ikusirik egiterik egoera horren aurrean, errealitate hori kontuan hartu behar baitugu politika publikoak taxutzean´, adierazi zuen.
Azkarragaren ustetan, ezgaitasunak dituzten gizonezkoak eta emakumezkoak enplegu arruntera sartzearen aldeko apustua era berean ´erronkarik eraginkorrena, zintzoena, koherenteena, eta, batez ere, solidarioena da, persona horien duintasuna bera sendotzeko´.
Jatorria: Joseba Azkarraga