Foru Hobekuntzari eta esparru aldaketari buruzko eztabaida «abiatu» behar dela dio Erraztik Nafarroan autogobernuaz hitz egiteko «koldarkeria» dago, Begoña Errazti EAko presidentearen aburuz. Katalunian eta EAEn esparru aldaketaz hasiriko eztabaida Nafarroan ere «abiatu» behar dela azpimarratu zuen atzo Iruñean eginiko agerraldian.
Erraztiren iritziz, autogobernuaren eta esparru aldaketaren eztabaida «orokortu» egin da, eta Katalunia eta Andaluziako autonomia erkidegoetan, adibidez, dituzten estatutuen aldaketa eskatzen ari dira. Alta, Foru Erkidegoan eztabaida saihestu eta eragotzi nahi dela salatu zuen Erraztik: «Nafarroako gizartea lokartuta eduki nahi dute. Esparru aldaketaren eztabaida orokorretik atera nahi dute».
EAren irudiko, egoera horrek Nafarroako alderdi nagusien «koldarkeria» adierazten du. «Autogobernuaren eztabaidari ekiteko koldarkeria ikaragarria erakusten dute Nafarroako alderdi nagusiek. Foru Hobekuntza ez da garatu, blokeatu baizik», kritikatu zuen. Ildo horretan, UPNk autogobernua garatu ez izana salatu zuen. «Bere hartan Nafarroa ongi dagoen ustea zabaldu nahi dute: bertan goxo egin dute».
Hori bakarrik ez: Erraztiren ustez, Nafarroako Legebiltzarrak, PSNk proposatuta, Eusko Jaurlaritzaren plana kentzeko exijitzea beste erkidego bateko eztabaidan «esku hartzea» da, eta «errespetu falta» adierazten du.
Bestalde, PSNk eta CDNk egin dituzten adierazpen «kontrajarriak» kritikatu zituen bereziki Erraztik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren plana Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu aurretik CDNko presidente Juan Cruz Allik esan zuen planak «Nafarroa errespetatzen» zuela, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko harremanak sakontzearen alde agertu zen.
Aldiz, Nafarroako Parlamentuan onartu zuen testuan kontrakoa esaten ari dela azpimarratu zuen Begoña Erraztik. Gisa berean, PSE-EEk egin duen Estatutua, are gehiago proposamenarekin bat datozen galdegin zion PSNri Erraztik. Aipaturiko proposamenean bi erkidegoen arteko harremanak sakondu egin behar direla esaten da, ez bakarrik ondoan daudelako, harreman historiko eta kulturalak ere badituztelako baizik. Horrenbestez, Erraztiren irudiko, Eusko Jaurlaritzaren planaren aurka bi alderdiok adierazitakoak «ez du logikarik».
Halaber, Begoña Erraztik gogor salatu zuen hainbat adierazpenetan nazionalismoa indarkeriarekin nahastea: «Gure apustu politikoa eta indarkeria nahita nahasten dituzte. Jarrera antidemokratikoa eta zitala da hori», salatu zuen Eusko Alkartasuneko buruzagiak.
Jatorria: Begoña Errazti