Abenduko bilkuran gizartean prestigioa duten pertsonak egotea dute xede

Martin Aranburu EAko zuzendaritzako kide eta legebiltzarkideak nazio eztabaidaguneak epe motzera dituen erronka nagusiak jakitera eman zituen, atzo, ETBn egindako elkarrizketa batean. Eztabaidaguneko talde sustatzaileak Aranburu bozeramaile izendatu zuen, Antton Izagirre eta Maite Aristegirekin batera.

Aranburuk esan zuenez, eztabaidaguneak abendura bitarte dituen helburu nagusiak batetik, sentsibilitate ezberdinetako ahalik eta jende gehiena biltzea da; eta bestetik, Euskal Herriaren diagnosi bateratua egin ostean, «arazoak eta hutsuneak zeintzuk diren identifikatzea». Horretarako, nazio eztabaidaguneak foro irekia egingo du azaroaren 29an, Leioan. Bertan, ahalik eta eragile gehienak bildu eta ekarpenak jasoko dituzte. Ekarpen horiek uztartu eta Euskal Herriaren diagnosi bateratua aurkeztea izango da, gero, talde sustatzailearen lana. Txosten hori, abenduaren 20an egingo duten Osoko Bilkuran onartzea da lehen erronka nagusia.Aranburuk jakinarazi zuenez, euskal gizartean «nolabaiteko izen ona edo prestigioa» duten jendea Osoko Bilkuran egotea lortu nahi dute, «euskal gizarteari adierazteko nazio eztabaidaguneak ibilbide serio eta garrantzitsu bat abiatu duela».«Egoeraren diagnosi bateratua lortuz gero, konponbideak zeintzuk diren pentsatzen hasiko gara», esan zuen Aranburuk.

BERRIA – DONOSTIA

Jatorria: Martin Aranburu