MARTIN ARANBURU – Politologoa

CiU eta PSCren arteko alternantzia garbia zen orain hilabete gutxi, agerian baitzegoen Pujolen ordezkoak ez zuela bere aurrekariak lorturiko atxikimendu bera lortzen. Halere, CiUk hautagai nagusiaren irudia hobetzean zentratu du bere kanpaina, eta irabazteko aukerak gobernu programan baino gehiago, Mas hautagaiaren onarpen sozialean oinarritu ditu. CiUk markatu duen epe motzeko helburua lortuko duela egiaztatzen dute astez aste argitaratu diren inkestek, bi hautagai nagusien arteko aldea hutsera eramatea lortu baitu Masek. Bi hautagaien arteko lehiaz gain, bada beste elementu bat kontuan hartu beharrekoa: espainiarren zale batek garaitzeak sortzen duen izua. Izan ere, Maragallen garaipenak izua ere sortzen dio Kataluniako sektore katalanista askori. Bartzelona eta «gerriko industriala» alde batera utzita, Maragallek ez du bere alderdi eta Espainiako PSOEren arteko lotura nabarmena ezkutatzea lortu, eta ondorioz, hautesleen zati handi batek Masen alde egingo du, PSOEkoa lehendakari izan dadila ekiditeko. Hori kontuan hartuta, nire ustean azken hauteskundeetan gertatutakoa errepikatuko da: PSC bozketan irabazle izango da, eta CiU eserlekutan.

Irabazleak aukera zaila izango du ondoren: beste bazkide baten sostengua lortu edo gutxiengo egoerari eutsi Espainiako hauteskundeek Gorteetako osaera berria determinatu arte. Gobernua osatzeko bazkidea ERCk izan beharko du, PPren aukera alboratuta baitaukate bi alderdi handiek. ERC deserosoa da, ordea, gobernuko bazkide gisa, ezker eta abertzaletasun parametroetan baldintza oso garbiak jarriko baitizkie biei, eta ondorioz, CiU eta PSCren baitan desegonkortasun ugari gerta litezke ERCk planteatuko dituen baldintzak onartzeagatik, batez ere, estatutu berri baten planteamendua eta kudeaketa independentismoaren eskuetan uzteko garaian. Horrez gain, kontuan hartu beharrekoa da ERCk berak egiten duen hautu politikoa, epe motzeko eta epe ertaineko kalkulu asko egin beharko baitituzte independentistek, gobernu berriak Kataluniako gizarteari eskainiko dizkion onura sozialak eta aurrerapen nazionalak ondo neurturik.

Gutxiengo gobernu bat osatuko dela uste dut nik. Presidente berria aukeratu ahal izateko, bigarren itzulian gehiengo sinplea nahikoa denez, eserleku gehien dituen alderdiak bermaturik du bere presidenta. Eta gainera, azaroan gaudenez, aurrekontu berririk egongo ez denez 2004ko negu arte, lasai asko itxaron baharko dute CiUk eta PSCk Espainian gehiengoa duen alderdia zein den ikusi arte.

Igandean Kataluniak berba egingo du. Egin dezala independentzia klabean. Bejondeiela. Bejondeigula.

Jatorria: Martin Aranburu