Madrilgo Gobernuak euskal autogobernuarekiko duen errespeturik eza salatu du, eta ´ez-Euskadi´ deiturikoaren kostua 62,3 milioi €-tan kalkulatu du; Gasteizko gobernuak finantzatu beharko du diru-kopuru hori EAErenak izaki baina transferitu ez diren eskume

Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburu Joseba Azkarraga Legebiltzarrean agertu da gaur datorren 2004rako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Aurrekontu-proiektua aurkezteko; adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bere politika ekonomikoa eta soziala oinarritzen duen hiru zutabeekiko berak zuzenduriko Sailak duen konpromisoa berresten du proiektuak, hau da: EAEren ekonomiaren hazkundea eta lehiakortasuna sendotzea, elkartasuna eta euskal kohesio soziala.

2004ko ekitaldian 385,6 milioi euro izango ditu guztira Sailak, hau da, 2003ko aurrekontua baino %10,70 gehiago. Zifra horiek tarteko, politika sozialak sendotu egingo dira Azkarragaren hitzetan; Sailak garrantzi handia ematen die horiei, ereduzkoak baitira gizarte bidezko eta orekatuago baterako bidean.

Sailburuak nabarmendu duenez, ´garrantzi berezia eskaintzen diogu Justiziari zerbitzu publiko gisa, ahalik eta baldintza onenetan eman beharrekoa; baztertzearen aurkako ekimenak garatzea, erabateko enpleguaren helburu ukaezina, edo desberdintasunak luzatu gabe gutxitzea biltzen dituzte helburu gisa kontu hauek´.

• 73,9 milioi euro langile-gastuetarako dira, 2003an horretarako baliaturikoa baino %7,75 gehiago. Egungo plantillaren soldata-igoerarako %3 barne hartzen du portzentaje horrek, 65 lanpostu berri sortzeaz gain, gehienak Zumarragako Ibaiondoko Adingabekoen Ikastetxe berrian lanbide-zerbitzuak betetzeko.

• Funtzionamendu-gastuen %14ko gorakada, 31,9 milioi guztira, Justizia-arloan izandako igoerei zor zaie gehienbat.

• Ohiko gastuetarako diru-laguntzen epigrafearen %10,96ko igoera Gizarteratze – Oinarrizko Errenta- Arloari dagokio gehienbat.

• Inbertsio errealen igoera, %6,5, enplegu-programan bilduta dago, eta Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua, dute helburu inbertsio horiek.

• Bestalde, kapital-eragiketetako transferentzien %42,2ko igoera autoenpleguko diru-laguntza programarako da, nahiz eta kapitulu hori apenas iristen den guztizkoaren %1era.

• Aktibo finantzarioen %9,5eko igoera Egailan sozietate publikoaren kapital-zabalkuntzarako da.

Era berean, ekitaldi honetan onarturiko Gizarteratzeko, Enpleguko, eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Erakunde arteko Planen ondoriozko premia finantzarioak biltzen ditu 2004ko Aurrekontuak.

Arloen araberako banaketak erakusten duenez, GIZARTERATZE-ARLOA da garrantzitsuena zenbatekoa eta izan duen igoera kontuan hartuta. 182,2 milioi euroz ari gara, aurten baino %13,24 gehiago. Izan ere, Oinarrizko Errenta datorren urtean Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %83ra iristea dago aurreikusita. Aurrekontuaren guztizkoaren %47,2 hartzen du Gizarteratze-arloak.

JUSTIZIA-ARLOAK ere %9,71ko igoera du, zerbitzu hau modernizatzeko, berritzeko eta euskalduntzeko ahaleginaren etengabeko konpromisoaren, eta adingabekoen zigorra betearaztearen adierazgarri. Horretaz gain, Giza Eskubideen arloko jarduera garrantzitsu eta inoiz ere ez behar nahikoek ere izango dute euren tartea aurrekontuan, %27,8 baitira.

LAN ETA GIZARTE-SEGURANTZA arlorako fondoen %7,57ko igoera, 89,3 milioi euro, Enplegu, eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lanbide arteko Planen ondoriozko jarduerei zor zaie gehienbat, familia zein lan-bizitza bateragarri egiteko neurriei dagokien finantzaketaz gain. Guztizko aurrekontuaren %23,1 dira fondo horiek.

EGITURA ETA BABES arlorako aurrekontuaren igoera, berriz, apalagoa da; 2003an izan zituen zifren antzekoak ditu, 6,6 milioi euro eta aurrekontuaren %1,7.

JUSTIZIA-ARLOA

Sailburuak azpimarratu duenez, Sail honek eta Gobernu honek etengabeko konpromisoa izan dute Justizia bezalako oinarrizko zerbitzu publiko batek behar bezala funtzionatzeko. 2004rako aurrekontuan bilduriko 107 milioi euro luze bi programa handitan banatzen dira: Justizia Administrazioa, 74 milioi eurotik gora eta aurrekontuaren %69,2 dituela –Donostiako San Martin Jauregia birgaitzeko Inbertsio Ekonomiko eta Sozialen Plan Bereziaren 5,3 milioi euro barne hartuta- eta Justizia, %22,9ko igoerarekin 2003. urtearekiko, dagozkion 33 milioi euro arloaren guztizkoaren %30,8 direla kontuan izanda.

1.- JUSTIZIA-ADMINISTRAZIO programak transferituriko langileen kudeaketa-gastuak zein egoitza judizialen mantentze eta hobetze gastuak barne hartzen ditu. 74.284.780 euroko hornidura du. Zenbateko horretatik ia %77, 57,1 milioi, justizia-administrazioaren zerbitzupeko langileen gastuetarako da.

Aktibo finantzarioen igoera-epigrafearen %42,6ko gutxitzearen isla bakarra justiziako langileentzako mailegu-partidaren dekrementua da. Aurreko urteetako betearazteari jarraiki kalkulatu da datorren urterako finkaturiko zenbatekoa.

Funtzionamendu-gastuek, 9,6 milioi, ia %15eko gorakada izan dute aurten erabilitako zifrarekiko, eta hiru partidatan banatuko dira:

• Justizia Jauregien zaintza (3,5 milioi)

• Egoitza judizialen mantentzea (3,7 milioi)

• Eraikin judizialen garbiketa (1,8 milioi)

Inbertsioei dagokienez, eta egoitza judizial berrien Plana amaitu denez, 7,3 milioi euro izango ditugu erabilgarri 2004an, eta kopuru horretako zatirik handiena, 5,3, Donostiako San Martin Jauregia birgaitzeko izango da. Amurrioko Justizia Jauregia birgaitzeko ere 371.000 euro inbertitzea aurreikusita dago, eta beste 100.000 euro Azpeitiko egoitza judizialaren lanei hasiera emateko. Landako adingabekoen Ikastetxea berritzeko 700.000 euro erabiliko dira.

2.- JUSTIZIA-programak 33 milioi euroko hornidura du, iaz baino %22,96 gehiago. Modernizazioa, informatizazioa, euskalduntzea eta Justiziarekin lankidetza garatzeko hornidurak biltzen ditu zifra horrek, baita Giza Eskubideen alorreko jarduerak ere.

Programa honi dagokion langile-gastuen gorakada –aurreko ekitaldian baino %92 gehiago– “Ibaiondo” Adingabekoen Ikastetxe berria artatzeko sorturiko lanpostu berriei zor zaie gehienbat; Sailak gazte arau-hausleen heziketa eta gizarteratzearen aldeko apustu garbia egin du Ikastetxe horrekin.

Funtzionamendu-gastuak, 17,5 milioi euro, iazkoak baino %17,38 gehiago dira, eta sare informatiko judizialaren mantentzearen euskarri dira, baita biktimari laguntzeko zerbitzuarenak, atxilotuari laguntzeko zerbitzuarenak, eta zigorra betearazte eta gizarteratzeko zerbitzuarenak ere. Adingabekoentzako neurri judizialak betearazteko ereduaren kudeaketarako gastuak batu behar zaizkie gastu horiei, 4,7 milioi euro.

Bestalde, ohiko gastuetarako transferentzien eta diru-laguntzen atalari dagokionez, 8,1 milioira iristen dela kontuan izanda, bake-Epaitegien funtzionamendu-gastuei, doako laguntza juridikoagatiko Abokatu eta Prokuradoreen Kidegoei, eta bake eta giza eskubide ekimenei dagozkienak hazten direla egiazta dezakegu.

Kapital-eragiketetarako inbertsio errealak eta transferentziak %5,59 eta %18,36 gutxitu dira, hurrenez hurren.

33 milioi euro horiekin bildu beharreko jarduera garrantzitsuenen artean ondokoak daude:

• Justizia Administrazioaren informatizazioa (5,7 milioi)

• Euskararen normalizazioa (1,3 milioi)

• Bulego judizialetako kalitatezko proiektuak (194.000 euro)

• Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea (280.210 euro)

• Bake Justizia (1,3 milioi)

• Prestakuntza (781.213 euro)

• Adingabekoentzako neurri judizialak betearaztea (4,7 milioi)

• Justiziarekin lankidetza atxilotuari eta biktimari laguntzeko zerbitzuen bidez (1,05 milioi)

• Doako laguntza juridikoa (4,4 milioi)

• Bake eta Giza Eskubide Ekimena (1,2 milioi)

LAN ETA GIZARTE-SEGURANTZA ARLOA

Lau aurrekontu-programa biltzen ditu arlo honek; 89,3 milioi euroko guztizko hornidura du, aurten baino %7,73 gehiago. Lan eta Gizarte Segurantza, eta Laneko Osasun-arloa %12,2 hazi da, eta guztizkoaren %23 da. Enplegu-arloak %10,8ko gorakada du, eta aurrekontuaren %47ra iristen da. Prestakuntza eta Gizarte Ekonomia arloek iazko zifrei eusten diete kasik, eta %23,5 eta %6,4ko pisua dute, hurrenez hurren, arlo osoa kontuan hartuta.

Azkarragaren ustez, igoera hori bere Sailak enplegua sustatzeko neurriei ematen dien lehentasunen adierazgarri da, betiere ´enplegu egonkorra eta kalitatezkoa bada, eta laneko istripuen zifrak gutxitzeko eragiteko dugun kezkaren adierazgarri ere bai´.

1.- LAN, GIZARTE-SEGURANTZA ETA LANEKO OSASUN arloak 20,5 milioiko hornidura du, eta birbanatzeko ahalegina burutu da hornidura handiagoa bermatzeko laneko istripuen kopuru kezkagarria gutxitzeko. %12,2an handitu du arlo horri dagokion aurrekontua egungo ekitaldiarekin alderatuta.

Gastu arruntetarako transferentzien gorakada OSALANen diru-laguntzetarako hornidura handiagoak justifikatzen du, hain zuzen, organo eskuduna baita Laneko Osasun eta Segurtasuneko Plan Zuzendarian aurreikusitako ekintzak kudeatzeko. Ia 15 milioi euro dira guztira, %17,3ko igoera tarteko, arloaren guztizkoaren %72,6. Langileen gastua neurrian hazi da, %3, eta guztizko aurrekontuaren %25 da. Hiru kapituluk nabarmen gutxitzen dute euren portzentajea 2003. urtearekin alderatuta, nahiz eta ez diren diru-kopuru esanguratsuak: funtzionamendu-gastuak, inbertsio errealak eta kapital-eragiketetarako diru-laguntzak.

Ondokoak ditugu jarduera azpimarragarrienak:

• Sindikatuak babestea lan-harremanen alorrean dagozkien jarduerak garatzeko, 1.610.710 euroko hornidurarekin.

• Talde behartsuenentzako lan-baldintza hobeak lortzeko bultzada, horretarako 204.000 euro baliatuta.

• Gizarte-aurreikuspeneko euskal sistema sustatzea, horretarako 812.240 euro baliatuta.

• Eta OSALAN erakunde autonomoaren finantzaketa, horretarako 12,4 milioi euro baliatuta.

OSALAN

Laneko Segurtasun eta Osasun arloko politikei Sailak ematen dien garrantziaren eta zorroztasunaren adierazgarri da Institutu horri dagokion aurrekontu-igoera, 13.593.000 milioi euroko aurrekontua izango baitu 2004an, ekitaldi honetan baino %25,5 gehiago. Langileen gastuetarako baliatzen den %47,5 azpimarratu behar da; %35,7, berriz, funtzionamendu-gastuei dagokie, eta %12,9 ohiko diru-laguntzetarako da.

Ondokoak dira bere jarduera nagusiak, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Plan Zuzendarian bildurikoak:

• Lan Arriskuen Prebentziorako ikastaroak egitea, eraikuntzaren sektoreko langileentzako, horretarako 700.000 euro baliatuta.

• Lan-arriskuetarako Prebentzio Kanpaina ezartzea, horretarako 346.000 euro baliatuta.

• Azterlanak eta ikerketa garatzea, horretarako 483.000 euro baliatuta.

• Laneko Segurtasun eta Osasuneko zentroak zaindu eta konpontzeko jarduerak, 346.000 euroko hornidurarekin.

2.- ENPLEGU-programak okupazio eta jarduera tasak hobetzea du helburu, langabetuei euren okupagarritasuna handitzeko beharrezko dituzten tresnak ahalbidetuz. Talde behartsuenei dagokienez ahaleginak indartzea ere planteatzen du. 2003-2006 Erakunde arteko Enplegu Plana da programa honen ardatza; banakako arretaren aldeko apustua egiten da bertan, langabetuari lanpostu bat eskuratzeko bidean orientatzeko egokiena dela uste baitugu.

42 milioi euroz ari gara hitz egiten, hau da, 2003an baino %10,8 gehiago. Ohiko diru-laguntzen kapituluak %7,6ko igoera du, aurrekontu ia osoa, guztizkoaren %93,5 baita. Kapital-eragiketen %44,3ko gorakadak autoenpleguko proiektuak finantzatzeko igoeran du iturburua, nahiz eta ez den esanguratsua zenbaki absolutuetan. Inbertsioen epigrafeak eta 2003ri zegozkion Aurrekontuetan bilduta ez zeuden aktibo finantzarioen igoera urte amaieran abiarazitako jarduerak finantzatzeko dira osorik, LANBIDE, Euskal Enplegu Zerbitzua, esaterako.

Egun indarrean dauden dekretuen konpromisoengatiko gastu-partida 10.843. 246 eurokoa da. Beste 10 milioi euro familia zein lan-bizitza bateragarri egiteko neurriei eusteko aukera finantzatzeko izango dira.

Azkenik, 13.153.914 eurotan baloratu da enpleguari laguntzeko araudi berriari aurre egiteko beharrezkoa izango den gastua; bost jarduera biltzen ditu gastu horrek:

• Kontratazio mugagaberako eta behin-behineko kontratuak mugagabe bihurtzeko laguntzak, kontratu bakoitzeko 6.000 euro horretarako baliatuta; zifra hori %25 igoko da kontrataturikoak emakumeak badira.

• Plantillak berritzeko babesa, txanda-kontraturako diru-laguntzen bidez.

• Lan-denboraren banaketa sustatzeko aukera babestea; aparteko orduak kentzea defendatzen du, ordu horiek betetzeko beharrezkoak diren langabetuen kontratazioa diruz lagunduta.

• Kontratuetarako diru-laguntzak enplegu-prestakuntza programaren barruan, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten langabetuei zuzendutakoa.

• Enpresa sortzeko babesa, horretarako bazkide langile bakoitzeko 6.000 euro baliatuta.

Bestalde, Egailan sozietate publikoaren finantzaketarako (4.999.297 euro) eta Egailanen bidezko lankidetza-hitzarmenetarako (1.658.250 de euro) partidak ere bilduko dira kontuetan.

EGAILAN

5,8 milioi eurokoa izango da sozietate horretarako aurrekontua 2004an. Horrela, eta datorren urtean LANBIDE martxan hastea aurreikusita dagoela kontuan izanda, 400.000 euroko inbertsioa kalkulatu da instalazioak prestatu, beharrezko ekipo informatikoak erosi, beharrezko altzariak eskuratu edo egungo aplikazio informatikoak proiektu berri honetara egokitzeko, baita 716.000 euroko gastuak ere.

Gainerako aurreikuspen ekonomikoa, 4,7 milioi euro, langileen gastuak finantzatzeko da; 55 lagun dira guztira, 1.834.443€-ko aurrekontuarekin; zerbitzu zentralen eta bulego berrien errentamendua; Arlo bakoitzeko proiektuak abiaraztea (Euskal Lan Zerbitzua, Behatokia, Ebaluazioa); bulego pilotuen eta zerbitzu zentralen arteko komunikazioak; aholkularitza-etxeak (ISO 9002, datuak babestea, laneko arriskuak..); ekipoen eta aplikazio informatikoen mantentzea proiektuak garatzeko; bestelako gastuak, esate baterako, horniketak, publizitatea, bulegoko materialak eta abar.

3.- PRESTAKUNTZA-programa langabetuek gaitasunak ikasi eta berenganatzeko aukera indartzera bideratuta dago, lanpostu bat eskuratzeko egoera hobean egoteko moduan. 21 milioi euroko hornidura izango du 2004rako, aurtengoaren antzeko zifra. Ohiko gastuetarako diru-laguntzek programa honetako ia kreditu guztiak hartzen dituzte, %97, alegia.

Okupagarritasuna hobetzeko neurriak finantzatzea eta Enplegurako Orientazio Zerbitzuetatik laneratzeko aukera sustatzea ahalbidetzen du aurrekontu honek. Zerbitzu hauek prestakuntza-ekintzen multzo interesgarrira bideratuko dituzte enplegu-eskatzaileak:

• Lanerako prestakuntza: 13.888.000
• Enplegurako Orientazio Zerbitzuak: 1.944.396
• Enpresaburu berrien prestakuntza: 1.120.763
• Hitzarmenak enpresaburu-elkarteekin eta sindikatuekin: 1.202.600
• Txandaketako prestakuntza-praktikak: 605.000
• Iraupen luzeko langabetuentzako prestakuntza: 1.165.000

4.- GIZARTE-EKONOMIA programak 5,7 milioi euroko hornidurari eusten dio, eta babes eraginkorra eman nahi du enpresak sortzeko -kooperatibak edo lan-sozietateak direla-, giza kapitala prestatzeko eta euskal gizarte-ekonomiaren balioak zabaltzeko. %73,4 ohiko gastuetarako diru-laguntzei dagokie, eta %17,12 kapital-eragiketetarako diru-laguntzei.

Programa honen zati handiena, 4,2 milioi, ohiko gastuetarako diru-laguntzari dagokio, eta ondokoak aipa daitezke horien artean; gizarte-ekonomiako prestakuntzarako laguntzak (1.051.000), asistentzia tekniko eta enpresa-arlokorako laguntzak (578.000), langabetuak bazkide gisa hasteko emango diren laguntzak (1.820.038), gizarte-ekonomian ekimenez jokatzeko laguntzak (619.969), elkarren arteko lankidetzarako diru-laguntzak (456.000), gizarte-ekonomiako enpresen elkartze-egituretarako babesa (280.675), eta kooperatiba berrien lurralde-sustapena (360.304).

GIZARTERATZE-ARLOA

Babes gutxien duten gizarte-sektoreen mesederako, familiaren babesa sustatzeko, eta gizarte programak eta prestazioak ebaluatu eta etengabe hobetzeko jarduerak biltzen ditu arlo honek. Kapitulu garrantzitsu hau indartzeak Gobernu honek gizarte-barneratzearen alde irmo jokatzeko adierazi duen erabakia du ardatz. Gizarteratzeko Euskal Planak gauzatu du borondate hori, eta horren garapenak adierazten du Sailak arlo honi zein garrantzi ematen dion. Izan ere, aurten esleitzen zaion aurrekontua 182,2 milioi eurora iristen da, aurtengo 2003an baino %13,24 gehiago.

Gizarteratze-programari dagokio portzentaje-igoera handiena, %14,5, arlo honen guztizkoaren %89,4. Familiarentzako laguntzen programa %3,1 hazi da, ia 19 milioi euro. Familia zein lan-bizitza bateragarri egiteko laguntzak batu behar zaizkio horri, hau da, guztira 29 milioi euro xede horretarako.

1.- GIZARTERATZE-programari dagokionez, langileen gastua eta funtzionamendu-gastuak txiki-txikiak dira, eta ohiko diru-laguntzen gastuak, berriz, igoera nabarmena izan du, baztertzearen aurkako borrokaren funtsezko jarduera barne hartzen baitu, Oinarrizko Errenta, alegia; Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %83 izango da 2004an. Azkarragaren ustez, beste urrats bat da Gobernu-programan harturiko konpromisoaren bidean, 2006rako OE LGSren %86 izatea lortu nahi baita. Horretarako, ohiko diru-laguntzen kapituluak %12,7 igoera du, oso garrantzitsua, arlo honetako aurrekontuaren %98,5 dela kontuan izanda. VII. kapituluari esleituriko milioi bat euroko diru-kopuruaren helburua gizarteratze eta laneratzeko enpresentzako laguntzen bidez laneratzeko aukera errazteko proiektuak sustatzea da. Gizarteratzeko Euskal Planaren programa eta prestazioen ebaluazio jarraitua eta etengabea planaren beraren ardatz estrategikoa da.

Oinarrizko Errentarako 135 milioi euroko diru-kopuruaz gain, Gizarte Emergentziako Laguntzetarako beste 20 milioi euro izango dira, 25era ere zabal daitezkeela.

Auzolan-programak 8 milioi izango ditu datorren urtean, eta beste 4,5 milioi gizarteratzeko hitzarmenetako izango dira, eta, azkenik, beste 3 milioi gizarteratzeko enpresetarako. Prebentzio eta gizarteratzeko lankidetza-hitzarmenek 1.2 milioi euro izango dituzte.

Familientzako laguntzen dekretuak 18,1 milioi euroko hornidura du, egun indarrean dagoenak baino %3,17 gehiago, eta seme-alabentzako Familien Babeserako Plana burutzea ziurtatuko du.

EGITURA ETA BABESA

Azkenik, Egitura eta Babes programak 6,6 milioi euro ditu, eta Sailak kudeaturiko gainerako programak garatu ahal izateko oinarria osatzen duten jarduerak eta funtzioak biltzen ditu. Langileen gastuek 3,2 milioiko hornidura dute. Funtzionamendu-gastuak 2,9 milioira iritsiko dira, eta hainbat arloren hedapen eta sustapen kanpainak, azterketa estatistikoak egitea, eta aplikazio eta ekipo informatikoen mantentzea hornitzen dituzte. Aktibo finantzarioen hazkundeko ia %58ko dekrementuak Sailaren langileentzako kreditu-partidan du iturburua.

EZ-EUSKADIREN KOSTUA

Azkarragak amaitzeko zera adierazi du: bere Sailak kudeaketa-erreminta funtsezkoa baliatzeko aukera izan gabe jarraitzen duela. ´Madrilgo Gobernuak euskal autogobernuari aurre egiteko duen errespeturik ezak zauri larria eragin die, eta eragiten die, herrialde honetako herritarrei´. Dena den, ´ezin diegu uko egin, eta ez diegu uko egin behar, gizarte-interes nabarmena duten hainbat jarduerari, Estatutuak EAEri aintzat hartzen dizkion eskumenekin loturikoak, nahiz eta oraindik ez dituzten transferitu´.

Hori dela-eta, 62,3 milioi eurotan ebaluatu ditu sailburuak gure herritarrei ongizate hobea eskaintzeko jarduerak, eta horrek baliabide finantzario propioen kargurako gastua eskatzen du, nahiz eta dagokion transferentziak Jaurlaritzaren esku behar zuen egon dagoeneko. Zehaztu duenez, 42 milioi dira Enplegu-arloan eta 19,8 Prestakuntza-arloan. Justizia-arloari dagokion balorazioa 545.000 eurokoa da, espetxeetako gizarte esku-hartzerako (300.000 euro), espetxeetarako lege-laguntzako txandarako (110.000), espetxeetako zigorra betearazteko azterketarako (75.000) eta Ametzagaña fundaziorako (60.000).

Jatorria: Joseba Azkarraga