JUANJO MARTINEZ LEUNDA

Nire lagunarekin eta txakurrarekin gauetan eman ohi dudan paseoan, minutuak asfalto, belar, itsasadar, zubi, pertsona eta hormen artean igarotzen ditut. Pasealekua zein dotore geratu den gozatuz, hormetan berriak ez diren hainbat pintadek gogoetara naramate. Pintada horien inguruan zenbait lagunekin hitz egin dut eta iritzi kontrajarriak jaso; gehienek han egiten den lotura gaitzesten dute. ETA = PP adierazten duten pintadei buruz ari naiz. Beti lotura hori gaitzetsi dut eta denbora luzez ETA eta PP gauza bera zirela ukatu dut.

Gaur egun, ETA eta PP gauza bera ez direla pentsatuz, asko kezkatzen naute bi talde horiek, zoritxarrez bat datozen gauzekin. Inor harritu ez dadin, mehatxuei buruz ari naiz. Egun hauetan erraza da hainbat hedabidetan honako hauek bezalako gauzak aurkitzea: «PPk enpresaburuei Ibarretxe Plana gelditzeko estrategian konpromiso aktiboagoa eskatuko die», «planak gizartearentzat esan nahi duen ultimatuma gelditzeko ahaleginak eta bi egingo ditugu», «edozein erreferendum egitea eragotziko dut», «Espainiaren batasuna bermatzearren, ez dugu Konstituzioaren xedapenak aplikatzearen aurka egingo», «Konstituzioaren 155. artikulua autonomia kentzea aplikatu behar bada aplikatu egin beharko da», «Eusko Jaurlaritzaren plana gelditzeko Zigor Kodea berritu behar da, desobedientzia, auzi-ihesa eta sedizioko delituak aldatuz».

Bestetik, honako albiste hauek irakurtzen ditugu: «ETAk EITBko zuzendariari eta erredaktoreei mehatxu gutunak bidali dizkie», «ETAk euskal enpresaburuei gutunak bidali dizkie estortsioa egiteko», «ETAk, bere ekuaziora egokitzen ez garen bitartean, bere borrokari eutsiko diola iragarri du», eta beste hainbeste.

Aurreko informazio guztien ondoan, zoritxarrez, zenbait egun geroago hainbat ekintza ematen dira beti. Ekintza horiek Zigor Kodean delitu bezala tipifikatutako mehatxuak ez badira, nola interpretatu beharko lirateke? Seneko norbait, esparru demokratikoan, gai al da aurreko adierazpenen artean mehatxua zer den eta zer ez den bereizteko? Erreferentzia bezala Zigor Kodean tipifikatutakoa dago; 169. artikuluan mehatxu-delitu bezala definitzen da, pertsona batek beste bat, honen familia edo beste hainbat pertsona lesionatu, bere ondasunak kaltetu eta abar egingo dituela mehatxatzen duenean; eta 170. artikuluan dio «delitu izango litzatekeen gaitza eragiteko mehatxuek herri bateko biztanleak, edo jende-talde zabal bat beldurtuko balituzte, eta hori lortzeko adinako larritasuna izango balute, zigor handiak ezarriko lirateke…».

Aurrekoaren arabera, argi dago batzuek eta besteak herritarrak mehatxatzen ari direla. Beraz, nor arduratuko da bi aldeei Zigor Kodea aplikatzeaz? Logikaz kanpo al dago zenbaitek alde batekoak eta bestekoak elkarren artean lotzea? Objektiboki ikusita, ez al gara fede oneko hainbeste euskaldunen ahaleginaren ondorioz erdietsitako autogobernuaren lorpenak hankaz gora jartzeko helburu berarekin sakoneko estrategia partekatu baten aurrean izango? Jada ezagutzen ditugu ETAren metodo bizkorrak eta ondasun eta pertsonen aurka xantaia egin eta atentatzeko moduak.

Baina esan behar dut gero eta argiago dagoela demokrazia eta askatasunaz, Konstituzio eta Estatutuaz hitz egiten ari diren beste hainbatek nola diharduten herri osoa mehatxatzen; erreferenduma egitea, aurrea hartzeko metodoak erabiliz eragotziko al dute? Guardia Zibilaren prozedura bizkorraren bidez, duela zortzi hilabete Euskaldunon Egunkaria itxiz, eta egun hauetan Berria, Zabaltzen eta abarren aurka ekinez izango al da? Hala eta guztiz ere, berberak ez direla uste dut.

Dena den, gero eta argiago dut haien estrategia, mehatxu, xantaia eta eskubideen urraketek gu guztiongan eragiten dutela eta horregatik esan daiteke, alde batetik zein bestetik, euskaldun gehienok mehatxatuak gaudela, eta ez bakarrik horrela daudela esaten dutenak, hala baitaude, bai eta irtenbide demokratikoari eusten dion gehiengoa ere. Ikusiko dugu, datozen urteetan, benetako politika demokratikoak zer ekarriko digun, bai eta batzuen eta besteen mehatxuek ere.

Konstituzio eta Estatutuaz hitz egiten ari diren beste hainbatek nola nahi duten herri osoa mehatxatu

Jatorria: Juanjo Martinez Leunda