Unai Ziarreta. Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia
Espainiako gobernu aldaketa euskal gatazkaren konponbiderako «abiapuntu hobea» izan arren PSOE eta PSE-EEren orain arteko politika errotik aldatu beharko dela uste du Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiak
Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia da iazko azaroko kongresutik hona. Mungiakoa da, azken udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten. Bilboko egoitzan hartu gaitu, hauteskundeek eragindako astinalditik indarrak berreskuratzeko atsedena oraindik hartu gabe dagoela.
EA arriskatu zen bakarrik aurkezten joan den igandeko hauteskundeetan. Nola atera dira kontuak?
Gure balorazioa positiboa da. Azken lau urteetan EAJrekin batera koalizioan joan gara hauteskundeetan, eta koalizioetan indar txikienak emaitzetan nabaritu egiten du. Kontuan hartu behar da aurrekanpaina eta kanpaina mediatizatu egin dela gure aulkia Aralarren alde gal zitekeela zioen inkesta batekin. Eserlekuari eutsi izana oso positiboa izan da. Asko geneukan jokoan. Azken lau urteetan lehen aldiz bakarrik gindoazen eta sendotu egin gara. EAJ eta muturreko ezker abertzalearen artean sendotuta dagoen aukera bakarra gara. Hori da gure espazio politikoa eta horren alde lanean jarraitu nahi dugu.
Horren haritik, zer esan nahi duzue zehazki EAren emaitzekin «ezker nazionalaren lidergoa» sendotu dela diozunean?
Gure alderdiak hiru ardatz nagusi ditu. Alderdi independentista gara, gure azken helburua Europako Batasunaren baitan estatu libre independentea eraikitzea da. Bigarrenik, giza eskubideekiko begirune sakona duen alderdia gara. Hirugarrenik, eskubide sozialen alde gaude. Eraikuntza nazionalak alde soziala eduki behar du eta erakunde publikoek bermatu behar dute garapen ekonomikoak garapen soziala ere ekartzea. Hor kokatzen da gure alternatiba, EAJren eta muturreko ezker abertzalearen arteko tokia sendotze aldera.
Nola dago ERCrekin osatu nahi duzuen talde parlamentarioaren gaia?
Harremanetan segitzen dugu. EAk lagunduko du ahal duen heinean ERCk talde parlamentarioa izan dezan. Alderdi sozialistari exijitzen diogu PSOEri ahal duen guztia egin dezan hori laguntzeko, eztabaida ahalik eta demokratikoena izateko asmoz.
Beraz, EA talde horretan egongo da?
Gu beti izan gara ERCrekin batera talde parlamentarioa osatzearen alde. Baina hori araudiaren interpretazioen menpe dago.
ERCren itzalpean estalita egoteko arriskua izan dezakezue?
Hori beti taldekideen borondatearen menpe dago. Hitz eginez eta espazioak banatuz konpontzen dira arazoak.
Zer ikasi du EAk azkenaldian ERCtik, Carod-Rovira eta ETAren arteko bileraz geroztik?
Lortutako emaitzen irakurketa ERCk berak egin beharko du. Edozein modutan, ez digu ezer erakutsi guk orain arte sostengatzen jardun dugunetik aparte: elkarrizketa, denon artean hitz egin behar dela eta bakerako bidea denekin hitz egiten jarraitzea dela. Kataluniako hauteslegoan nola eragin duen, beraiek atera beharko dituzte ondorioak. Guretzat ez du aldaketarik ekarri. Dena dela, ERCren emaitzengatik pozten gara.
PPk porrot egin du eta PSOEk irabazi ditu hauteskundeak. Etapa berria aukera bat da? Bide berriak zabalduko dira?
Aldaketak lasaitu bat eragin du. Inork ez zuen sinistuko duela hamar egun. Gure ustez, inboluzio demokratikoa maila onartezinera iristen ari zen. Nolabaiteko askapena gertatu da. Abiapuntu gisa, balorazioa positiboa da. Beste kontu bat da aurrerantzean zer izango den. PSOE joan diren lau urteetan ez da gehiegi bereiztu PPren politikatik eta segidismo politikoa egin du. Hor dago Alderdien Legea. PSOEk erakutsi behar du. Dena dela, itxaropen gehiago ematen du alderdi sozialistaren garaipenak PPrenak baino.
PPren jarrera ikusita, hauteskundeak galtzea ez duela guztiz onartu, arriskurik ikusten duzu? Zer iruditu zaizu PPren egoitzaren aurrean aste honetan egindako bilkura Raxoiren alde?
Grazia egiten didate bat-bateko bilkura horiek. Badirudi jendea pankartekin doala autoan, gainean idazteko izarak eta guzti. PSOE presionatzeko modu bat da. Hauteskundeak gertaera larri baten ondoren gertatu dira eta baliteke herritarren kontzientziak astinduta egotea. PPren mobilizazio hauek presioa sartzeko dira, baina espero dut dena lasaitasunera itzultzea. Zalantzarik gabeko porrota izan da eta horrela hartu beharko dute.
Gobernu aldaketarekin, hemendik aurrera zer espero duzu euskal gatazka konponbidean sartzeko?
Abiapuntua teorikoki hobea da. Egia da sozialistek lehenago gobernatu dutela. Nik alderdi sozialistari buruz dudan esperientzia PSE-EEri buruzkoa da. PSE-EEk ez dauka zerikusirik Kataluniako alderdi sozialistarekin. Gatazka nazionalaren konponbideari eta eskubide historikoen onarpenari dagokionez aurrerapenik egoteko PSOEren eta PSE-EEren orain arteko politikak 180 gradutan aldatu beharra dauka. Urratsez urrats joan beharko da, gauzak nola bideratzen diren ikusteko. Euskal Herrian aldarri bat dago bakegintzan urratsak egin daitezen eta hitz egin dadin.
Zein gogoeta egin du EAk Martxoak 11-ko atentatuen eraginari buruz?
Gure jarreran ez dago aldaketarik, nahiko argia da. Jokabide batzuekin jarrera ulerbera zeukaten kontzientzia batzuk aldatuko direla uste dut, atentatuen gordintasuna eta ondorioak Ð202 hildako eta milaka zaurituÐ ikusita. Muturreko ezker abertzalearen inguruan aurrerapen batzuk gerta daitezke, elkarrizketa eta jarduera politikoa aurrerapen politikoaren oinarri bakarra direla ulertzeko.
Astelehenean Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proposamena eztabaidatzen hasiko da Eusko Legebiltzarrean. Zein da eztabaida horren etorkizuna hauteskundeen ondoren?
Buruzagi sozialisten adierazpenen arabera, itxikeriarekin jarraituko dutela dirudi. PSOEk edo EAJk behar ahal dituzten sostengu puntualen arabera zenbait mugimendu egon daitezke Jaurlaritzaren proposamenaren inguruan. Edozein modutan, EAtik zainduko dugu Eusko Legebiltzarretik ateratzen den testuak gure nahiak asetzea. Murrizketarik gabe eta beherapenik gabe. EA hori horrela izatearen bermea izango da.
Nazio Eztabaidagunea foroan EAko kide kualifikatuak parte hartzen ari dira. Azken fasean sartuta dago, zer espero duzu?
Herri honen normalizaziora iristeko ildo bat gehiago izatea. Hor egotearen aldeko apustua egin dugu. Sentsibilitate ezberdinen arteko topagune bat da. Espero dugu fruitu positiboa ematea, ez oso epe luzean. Zer izan daiteke? Ez dakit, baina gure herriarentzat positiboa bada babestu egingo dugu.
Eztabaidan dauden proposamenetako bat Gatazkaren Konponbiderako Mahaia osatzea da. Hortik ´euskal Stormont´ bat sor daitekeela esan du Otegik. Ados zaude?
Ez dut entzun Otegik esandakoa. Dena dela, guk aztertuko ditugu foroaren ondorioak EAren nazio zuzendaritzan. Esan dudan bezala, hori Euskal Herriaren normalizaziorako aurrerapen bat bada, ongi etorria izan dadila.
Pello Urzelai. berria.info
Jatorria: Unai Ziarreta