Begoña Lasagabaster. EAkoko diputatua eta EAL-eko presidenteordea
Bartzelonatik etxera itzuli berritan hartu gaitu Lasagabasterrek. Nekatuta, baina gustura.

EALn presidenteorde izendatu zaituzte. Zer ardura ekarriko du horrek?

Ardura handia eskatzen duen kargua da Europan bosgarren indarra den alderdi bateko presidenteorde izatea. Beraz, batetik, etapa berri bat abiatuko da. Baina, bestetik, EAL osatzen duten alderdiekin 1987az geroztik nabil lanean. Haien lana ezagutzen dut eta hainbat kide lagunak ditut. Lan gehiago ekarriko du, baina gustuko gaia dut eta ez da arazorik izango.

Zer esanahi du EALn izenpetzeak?

Europako alderdien ekimena sortu zenean, alderdiak Europa mailan nola egituratuko diren eta horien finantzaketa zehaztu zuten. Neurri horiek 2004ko ekaineko hauteskundeaz geroztik hartuko zirela jakinarazi zen. Aldaketa horrekin alderdiak Europa osoan antolatzeko modu berri bat abiatzen da. Azken finean, Europa osoan egituratuta dauden beste alderdien baldintza berberetan egon nahi dugu, eta horretara egokitzen ari gara.

EAL osatzen duzuen alderdiak zerk batzen zaituztete?

Bi ardatz nagusi ditugu: batetik, oinarrizko eskubide indibidual eta kolektiboen defentsa, hor barnean dago autodeterminazioaren defentsa; bestetik, aniztasunaren defentsa. Aniztasunaren batasuna izan da EALk egin duen batzarraren lelo nagusia.

EAk eta ERCk hauteskundeetara zerrenda bateratua aurkeztuko duzuela jakinarazi duzue. Zer espero duzue?

EA eta ERC elkarrekin joango gara, baina oraindik zehazteko dago Estatuan beste alderdiren batekin aurkeztuko garen. Bestelakoan, aurreikuspen onak dauzkagu. Mahai gainean ditugun datuen arabera, eurodiputatu bat behintzat lortuko genuke, eta ez da erraza, Aznarren gobernuak estatu osoko alderdi ez direnei bidea zaildu baitzien Europako hauteskundeetan diputatua lortzeko.

Zer gertatu zen, bada?

1999an 64 aulki zegozkion Espainiari, eta Nizako tratatuan Aznarrek egindako negoziazioen ondoren 54. Horrek alderdi handiei egiten die mesede. Eta txikiei aliantzak egitera behartzen gaitu.

GURUTZE IZAGIRRE . berria.info
Jatorria: Begoña Lasagabaster