Maiatzaren lehena, munduko edozein puntutan, lan eta bizi baldintzak duintzeko beharra exigitzeko eta aldarrikapena kaleratzeko eguna da. 1889Ko maiatzatik hona egoera asko aldatu da. Hala ere, lan baldintzen hobekuntza, enplegu osoaren lorpena eta enplegu engonkorrago eta kalitate handiagokoa, egun, XXI garren mendean bagaude ere, erabat egunean dauden aldarrikapenak dira. Bestalde exigentzia hauetan langile guztiak bat datoz, edozein delarik lana burutzen duten jarduera ekonomikoa edo enpresa.
Tenporalitateak, soldaten murrizketak eta lan ezbeharrak, lan baldintzak kaltetzen dituzte, egoera hau ekonomiaren hazkundearen zikloarekin batera egonkortzen joan delarik. Eusko Alkartasunak egoera hau salatu nahi du, giza injustiziaren erakuslerik nabarmenetako bat delako. Are gehiago, aldi baterako kontratuekin lan egiten dutenen pentsioetan, prekarietate egoera honek izango duen eraginez gogoeta egin nahi dugu. Izan ere etorkizunean, pentsioak jasotzeko unean, langile hauek ez dute behar adina denbora kotizatuta izango edo oso soldata baxuen araberakoa izangoa da. Beraz, egoera honek etorkizunean ere ondorioak izango ditu.
Egoera hau areagotuz doa gainera, enpresen kokapenaren aldaketari aurre egiteko beharra aitzaki hartuta, geroz eta enpresa gehiago dago, soldata baxuagoak, lan merkatu malguagoak eta etekin fiskalen bila, beraien enpresentzako mozkin gehiago lortzearekin obsesionatuta, enpresa hauen kokapena, Europako Ekialdera edo Txinara eramango dutela mehatxatzen dutenak. Egoera honi aurre egiteko aurkezten diren iradokizunen oinarria, lehiakortasuna mantentzeko, kostuak murriztu eta ekoizpen sistemen modernizatzea da. Honek, praktikan, soldaten murrizketa eta lan baldintzen malgutasuna esan nahi du, hau da, prekarietate gehiago. Eta ez dute aintzat hartzen, enplegua ezinbesteko baldintza dela garapen ekonomikorako eta gizarte garapenerako.
Egoera hau aldatu eta saihesteko beharrezkoak diren neurriak onartu ahal izateko, erabakiak, errealitatetik hurbilen dagoen eremuan hartzea ezinbestekoa da, hau da, euskal erakundeek, enplegu, heziketa eta gizarte babesa garatzeko eskuduntzak izatea garrantzitsua da. Bestalde, Euskal Herrian, gehiengo sindikal desberdindua eta patronal egitura propioa existitzen dela onartzea ezinbestekoa da, eta demokrazia parte-hartzaileak errealitate hau errespetatzera behartzen du.
Kontsiderazio guzti hauek aintzat hartuta, Eusko Alkartasunaren aldarrikapenak honako ardatzetan oinarritzen dira:
- Erabakiak hartzeko euskal eremua errespetatzearen beharra exijitzen dugu, lan baldintzak gure borondatearen arabera ezar daitezen. Hau da, lan harremanetarako marko propioa eta gizarte segurantza sistema propioa definitzeko ahalmena eskatzen dugu. Honek, enplegu alorra, heziketa eta gizarte babesa arautzeko gaitasun osoa esan nahi du.
- Gizarte eskubide guztiak defendatu behar direla aldarrikatzen dugu, batez ere enplegu duina, bai eta enplegu osoaren lorpena, eta hau geroz eta egonkorragoa, ziurragoa izan dadila.
- Enplegu politikak aberastasuna sortu eta banatzeko balio dutela uste dugu. Horregatik lanaldiaren banaketa, berrantolaketa eta lanorduaren aldeko apustua egiten dugu.
- Garapen ekonomiko eta gizarte garapenerako, langileen diru sarreren ziurtasunaren aldeko ekimenak beharrezkoak direla uste dugu. Honela, kontratazioaren egonkortasuna, soldaten erosmen ahalmena mantentzea eta gizarte babesaren duintasunaren aldeko ekimenak exigitzen ditugu. Zentzu honetan, pentsio kontributibo eta ez kontributiboak pobrezia mailaren gainetik finkatzea ezinbesteko a dela deritzogu eta lehentasuna ematen diogu gutxieneko soldata, progresiboki, bataz besteko errentaren %60ko mailara iristeari, pobrezia soldatak saihesteko eta lana, ongizatearen eta gizarteratzearen berma izan dadin.
- Pertsona oro gizarte eta enplegu eskubideen onuradun da. Horregatik aukera berdintasunaren aldeko ekimenak beharrezkoak izango dira, ahulezia egoeran edo bazterkeria egoeran dauden gizataldeak lan merkaturatu eta gizarteratzeko. Eta eskubide hauek langilea edonongoa delarik ere errespetatu beharrezkoak dira, denok Euskal Herriko hiritar garelako eta langileen eskubideen defentsa eta babesa berdina delako mundu osoan, inolako desberdintasunik gabe
- Ekimen hauen arrakasta lortu nahi bada, aldarrikapen guzti hauek gauzatzerakoan, gizarte eragileen adostasuna ezinbesteko da. Horregatik gizarte eragileen arteko elkarrizketa eremuak bideratze ezinbestekoa dela deritzogu.
Guzti honengatik, ardatza hauekin bat datozen Euskal Herrian antolatutako mobilizazioekin Eusko Alkartasunak bat egingo du.
Jatorria: Eusko Alkartasuna