Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen Planean jasotzen diren neurrien aplikazioak 2003 urtean izan dituen ´emaitza onak´ aurkeztu ditu.

Azkarragak gaur goizean adierazi duenez, ´planaren xedea euskal familiek seme-alabak izaterakoan aurkitzen dituzten zailtasunak arintzea da. Zailtasun horien ondorioz, gure jaiotze-tasa Europako txikiena da oraindik; batez beste ez da ume bat izatera iristen, nahiz eta herritarrek nahi duten seme-alaben batez bestekoa bi izan. Horren halako bia, alegia´

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren mendeko Gizarteratze Sailburuordetzaren bitartez, Jaurlaritza saiatzen da herritarrei seme-alabak izatea zailtzen, atzeratzen edo -batzuetan- galarazten dieten gizarte-, ekonomia- edo lan-arazoak nolabait arintzen, neurri zehatz horiek abian jarriz.

´Bidean dauden oztopoak kentzen saiatzen ari gara -behin baino gehiagotan halaxe adierazi dudalakoan nago´ aukera berdintasunaren oinarrizko printzipioa urratu ez dadin. Gizartean ideia hau errotu behar da: familia bat arduraz sortzeak ez du zertan zigor ekonomikorik ekarri; ez du zertan oztopatu lan- eta lanbide-mailako garapena; eta ez du zertan murriztu gizabanakoaren askatasuna eta bizi-kalitatea. Hori lortzea zaila da. Izan ere, gizarte-, ekonomia- eta lan-testuinguru jakin bat daukagu, baina helburu hori ukaezina da.

Helburu horrekin, Azkarragak gogorarazi duenez, Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen Planaren behin betiko testua onartu zuen, 2002an, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak. Geroztik, plana dekretuen bitartez garatuz joan da. Plan horren bidez, arazoa ikuspuntu global batetik jorratu nahi da, abian dauden beste ekimenekin ahaleginak koordinatuz.

Familiei Laguntzeko Planaren neurriak lau multzo handitan banatzen dira, eta neurrietako bakoitzak bere jarduketak ditu: Lana eta familia bateragarri egiteko neurriez ari gara, familiari laguntzeko gizarte-zerbitzuez -horien artean daude ordutegi malguak eta erabiltzaileen ordutegiei egokituak dituzten haur-eskolak bultzatu eta ugaltzea-; neurri ekonomiko eta fiskalez eta, azkenik, sentsibilizazio neurriez.

Aurrekontua

Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko Planerako 2003 urtean gastatutako kopuru osoa, -langile eta enpresei zuzendutakoak eta laguntza ekonomiko zuzenak barne- 29.993.001 eurokoa izan zen, 2002an baino 8,9 milioi gehiago.

Atalka, lana eta familia bateragarri egiteko Neurrien Programarako 14.204.368 euro erabili ziren, 2002ko kopuruaren halako bia.
Subentzio bidezko Diru-laguntzen atalerako, bestalde, 15.788.633 euro erabili ziren, 2002an baino 1,8 milioi euro gehiago. Programa horretan aurrekontuaren zati handiena bigarren semea edo alaba jaio edo adoptatzeagatik ematen diren laguntzetarako erabili zen.
Laguntza Planaren eraginkortasun-maila oso handia izan da, eta esan daiteke ia guztiengana iristen dela. ´Ehuneko ehunaren inguruko portzentajeaz ari gara´ adierazi du Azkarragak.

Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Neurri hauen xedea da gurasoek seme-alabak zaintzen denbora gehiago eman ahal izatea haien bizitzako lehen urteetan, eta horren filosofiaren baitan sartzen da familiaren diru-sarreren galera larririk sortu gabe eszedentziak eta lanaldi murrizketak hartu ahal izatea. Jarduketa horien onuradunak dira, langileak ez ezik entitate pribatuak ere; izan ere, eskubide horietaz baliatzen diren langileak ordezkatzeko langile langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak jasotzen dituzte.

Lana eta familia bateragarri egiteko neurriei dagokienez, adierazi behar dizuet 2003 urtean 6.863 espediente erregistratu zirela (1.444 Araban; 3.213 Bizkaian eta 2.206 Gipuzkoan), eta horien %1,78 (122) baino ez zirela ukatu; horrek esan nahi du 6.741 espediente onartu zirela. Aurreko ekitaldian 2.600 langile inguru baino ez ziren izan programa horretaz baliatu zirenak.

Lana eta familia bateragarri egiteko neurrietan 2003. urtean 14.204.368 euro gastatu ziren guztira, lehen esan bezala (Araban 2.963.382; Bizkaian 6.677.536; eta Gipuzkoan 4.563.450 euro).

1.960 espediente onartu ziren eszedentziengatik (54 gizonezkoek eskatuak eta 1.906 emakumezkoenak). Era guztietako lanaldi-murrizketengatik onartutako espedienteak, ordea, 4.781 izan ziren (279 gizonezkoenak eta 4.502 emakumeenak). Lana eta familia bateragarri egiteko programaren filosofia ardurak banatzeko eredu berri bat sustatzea den arren ´horretarako gizonezkoentzako ekintza positiboko nolabaiteko neurriak jasotzen zituen´, errealitatea zera da: neurri horietaz baliatu direnen %6,7 baino ez ziren gizonak. 2002. urtean gizonak ozta-ozta izan ziren %5 baino gehiago.
Lana eta familia bateragarriak egiteko neurriez baliatu nahi diren langileek hartzen dituzten diru-laguntza zuzenez gain, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak badauka beste laguntza-multzo bat, eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileak ordezkatzea erabakitzen duten enpresentzat.
2003. urtean 988 lanpostu sortu ziren programa horren ondorioz, 2002an baino hiru aldiz gehiago, orduan 290 sortu baitziren.

Subsidio bidezko diru-laguntzak

Neurri horien xedea gizarteko errenta birbanatzeko eragile berri bat sartzea da, horrela, familia-ardurak dituzten unitateei laguntza emateko. Laguntza hauei ez zaie, inola ere, sorospen-izaera eman nahi; aitzitik, familiari laguntzeko benetako tresnak izan daitezen lortu nahi da.

2003. urtean izandako jaiotze edo adopzioengatik 7.663 eskabide aurkeztu ziren urte horretan bertan; hau da, %2,7ko igoera izan zen 2002 urtearekiko, 7.458 aurkeztu baitziren orduan. Eskabide guzti horietatik, 7.332 onartuak izan ziren, %96 alegia.

2003an izandako gertakariengatik familiei emandako subentzioen guztizko kopurua 8.650.000 eurokoa izan zen.

Eskabideen arrazoiak aztertzerakoan, ikusten da eskabide gehienak, 7.588 (%99) jaiotzeengatik izan zirela, eta gainerakoa, 75 eskabide (%1) adopzioengatik. 2002an, jaiotzeengatiko diru-laguntzak 7.370 izan ziren eta adopzioengatik 88, hau da, %1,2.

Horren ildotik, eskabideen %82 bigarren jaiotze edo adopzioagatik izan dira, %13 hirugarrenagatik eta %5 ume bat baino gehiagoko erditzeengatik. Kontzeptu horiek guztiak batera aztertzen baditugu, aipagarria da adopzioen erdiak bigarren haurrarengatik izan direla, hirutik bi ume bat baino gehiagoko adopzioagatik eta seitik bat hirugarren umearengatik.

Eskabide berrien banaketa ez da gehiegi aldatu 2002 urtekoekiko, ondoko datu esanguratsuekin: adopzioetarako eskabideak %15 jaitsi dira, eta %15 ere igo dira, bestalde, ume bat baino gehiagoko erditzeetarako eskabideak, goranzko joerari eutsiz.

Eskabideen lurraldeen araberako banaketari dagokionez, ondoko aldaketak izan dira, laburbilduz: Bizkaian jaitsi dira, Gipuzkoan igo dira nabarmen eta Araban ere igo egin dira, maila apalagoan bada ere. Hortaz, %48,5 Bizkaiari dagokio, 3.736 eskabideekin, %1,20ko jaitsierarekin 2002 urtearekiko; Gipuzkoak eskabide guztien %37,7 izan zuen (2.803), %7,56eko igoerarekin. Azkenik, Arabari %13,8 dagokio (1.124), eta %4,64 igo zen aurreko ekitaldiarekin alderatuz.
Probintzia bakoitzean izan den diru-laguntza motaren arabera, ondorioztatu dezakegu hiru lurraldeetan antzeko banaketa izan dela jaiotzeengatik.

Hala ere, adopzioei erreparatuz, ikusi dezakegu Bizkaian bigarren umearen adopzioak pisu txikiagoa daukala beste bi lurraldeetan baino (%45, Araba eta Gipuzkoako %52aren aldean). Aitzitik, Bizkaian handiagoa da adopzio anizkoitzen ehunekoa (%41, Arabako %24 eta Gipuzkoako %39ren aldean). Proportzioan, Araban eskatu dira gehien hirugarren seme eta alabentzako diru-laguntzak.

Diru-laguntza eskabidea sorrarazi duten seme-alaben amaren jatorriari dagokionez, ondoko datuak eman ditzakegu: %82 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan jaio dira; %12, hau da, zortzitik bat Estatuko beste erkidego batean; eta %6 Estatu espainiarretik kanpo jaioak dira.

2002n Estatutik kanpo jaiotako ama horien kopurua 351 izan ziren guztira, eta 2003an 411. Amerikatik zetozen amak %22 igo ziren eta Afrika edo Asiatik etorritakoak %44.

Hirugarren semea edo alaba jaiotzeagatiko laguntzak guztizkoaren %13 ziren. Mota horren barruan, munduko beste lekuetatik zetozen amak dira ordezkatuenak, eta gutxienak EAEn jaiotakoak dira, bigarren umearen jaiotzan ez bezala.

Ume bat baino gehiagoko erditzeetarako diru-laguntzak guztizkoaren %5 dira. EAEko eta Estatuko amak dira diru-laguntza horretaz gehien baliatzen direnak.

EAEko eta Estatuko amek baino ez dute tramite hori egin adopzioengatik. 2002 urtean bezala, ez dago Estatutik kanpoko emakumeek egindako adopzio kasu bakar bat ere.
Nahiz eta, lehen esan bezala, 2003ko eskabide berriak 7.663 izan, ekitaldi honetan beste 5.399 familiak ere laguntzak jaso zituzten (723 Araban; 2.707 Bizkaian eta 1.969 Gipuzkoan), hirugarren umeengatik eta erditze anizkoitzengatik urteetan ematen diren laguntzen ondorioz. Jaurlaritzak 7.138.633 euro ordaindu zituen 2003. urtean aurreko ekitaldietan onartutako laguntzengatik.

Hori dela eta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak subentzio bidez banatutako diru-laguntzen guztizkoa
´2003ko gertakariak eta lehendik onartutako baina ekitaldi horretan ordaindutako laguntzak barne´ ia 16 milioi eurokoa izan zen, 15.788.633 euro zehatzago; 2002an baino 1,8 milioi euro gehiago. Era berean, 12.731 familia izan dira planaren onuradun, 2002an baino 466 gehiago.

Amaitzeko, Joseba Azkarragak adierazi zuenez, ´datu hauek demostratzen dute Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Plana emaitza onak ematen ari dela 2002ko uztailean onartu zenetik. Eta horren adierazgarri da bere eraginkortasun maila izugarria, horrek demostratzen baitu laguntzen balizko onuradun guztiak ari direla horietaz baliatzen´.

Sailburuaren ustez, ´abian jartzen ari garen familia-politikak koordinatuz eta sustatuz zera lortu nahi genuke -lortzen ari garela ere esango nuke-: seme-alaben kopuruarengatik familiak nozitu dezaketen kaltea saihestu, eta horrela, aukeratzeko askatasuna babestu. Horretaz gainera, karga handienak dituzten familien aukera-berdintasuna bultzatu beste herritarren maila berean jartzeko, eta gizarte-bazterketaren arriskua ekiditeko. Helburu horiei begira ari gara lanean, eta bide onetik goazela uste dut?.

Jatorria: Joseba Azkarraga