Horrenbestez, proiektuaren lehen faseari ekin zaio. Fase horrek Irun eta Basauriko zentroen irekierarekin jarraituko du, aurreikusten diren 30 bulegoetara iritsi arte.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte sailburu Joseba Azkarragak LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lehen bulegoa inauguratu du gaur goizean Arabako Agurain herrian.
Aguraingo lehen zentro horrekin hasiera eman zaio lehen faseari, eta horren barruan aurreikusten da, baita ere, beste bi bulego irekitzea, Irunen eta Basaurin. Horren ondoren, ebaluazio bat egingo da, pixkanaka beste 27 bulego ireki baino lehen, proiektu estrategikoan jasotzen diren 30 bulegoak osatu arte, proiektu hori baita Sailak enplegu arloan duen politikaren zutabe nagusia.
Azkarraga sailburua ziur zegoen Lanbide lagungarria izango dela enplegua sortu dadin eta enplegu hori kalitatezkoa izan dadin. Adierazi zuenez,´berria den guztiak, politika aurrerakoietan oinarritzen den guztiak, aitzindaria den guztiak oztopoak eta errezeloak gainditu behar izaten dituen arren, tresna hau berezitua da, enplegurako jarduketak modu osotu, pertsonalizatu eta berezituan kudeatzeko balio izango duena, eta horretaz gainera, arlo horretan erabiltzen diren baliabideak ordenatzen lagunduko duena, haren jarduketen ardatz nagusia pertsona dela kontuan harturik´. ´nahierarako´ enplegu zerbitzua izango da, pertsona bakoitzaren beharrei egokitua.
Gaur Agurainen inauguratu dena bezalako bulego sarearen bidez bateratuko dira Eusko Jaurlaritzaren enplegu-arloko politikak, betiere leihatila bakarreko eskemari jarraituz, eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzeko xedearekin.
Sailburuak iragarri zuenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu politikak garatu eta sustatuko ditu, langabezia tasa handiena daukaten giza taldeei zuzenduta: gazteak, 45 urtetik gorakoak, ezintasunak dituzten pertsonak eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonak. Gainera, enpresak sortzeko edo norbere enplegua sortzeko aukera duten langabetuentzako neurriak ere aurreikusten ditu.
Halaber, Azkarragak azpimarratu zuen 2004-2006 Enplegu Planak toki-mailari ematen dion garrantzia ´betiere adostasunaren ikuspuntutik´. Horren ildotik, adierazi zuen Lanbidek egiteko bikoitza beteko duela: kudeaketarena eta estrategikoa. Kudeaketari dagokionez, Enplegu Planaren programa publikoak gauzatzeaz arduratuko da, lurraldeko langabetuen beharrei erantzuteko. Alderdi estrategikoari dagokionez, Lanbide lankidetzan arituko da toki-mailako eragileekin, eta enplegu politiken sustatzaile-lanak egingo ditu lurraldeko toki-erakundeek garapen-maila nahikorik ez baldin badute.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak bere poza adierazi zuen Lanbiderekin gauzatuko delako Eusko Jaurlaritzak enplegu-politika aktiboei buruz 23 urtetan izan duen jardunaren aldaketa nagusia, eta iragarri zuenez, Euskal Enplegu Zerbitzua ´haziz, helduz eta hobetuz joango da, gure herrikideei ongizate handiagoa emateko, hori baita, finean, bere helmuga eta izateko arrazoia´.
Ziurtasunez esan zuen horrek guztiak balio izango duela are eta argiago uzteko enplegu eskuduntza oso-osorik, zatitu gabe, transferitzeko egiten dugun eskaera ´ongizateari eta gizarte justiziari begira´ bidezkoa, logikoa eta komenigarria dela. Izan ere, adierazi zuen, ´gure eraginkortasuna optimizatu nahi badugu -eta horixe nahi dugu, horrela herritarren bizi-kalitatea hobetzen delako- baliabide guztiak eduki behar ditugu, eta modu ordenatu eta koherenteagoan erabili´.
Azkarragaren ustez, Jaurlaritzaren apustu estrategikoa ez ezik, guztiontzako erronka ere bada. ´Helburua zera da -gaineratu zuen-: enplegu eta prestakuntza arloan gauzak hobeto egitea´, helburu horretarako ´inor ez da ezinbestekoa, nahiz eta asko garen beharrezkoak´. Izan ere, Jaurlaritza beharrezkoa da, noski, gainerako erakundeak, zentro laguntzaileak, enpresaburuak eta sindikatuak bezala.
Jatorria: Joseba Azkarraga