Elkarrizketa BERRIA egunkarian Mikel Irujorekin
Europan Euskal Herria bezalako estaturik gabeko nazio asko daudela dio Mikel Irujok. Horien guztien hitza entzunarazteko Europako Parlamentuan egotea «ezinbestekoa» dela iritzi dio

Hausteskunde kanpainan murgildurik dabil Mikel Irujo. Kanpaina Euskal Herrian hasi badu ere, Herrien Europa koalizioaren zerrendako bigarrena izanik, Kataluniara ere joan beharko du kanpainan dela. Carlos Garaikoetxearekin batera Lizarrara mitin bat ematera joan aurretik erantzun zion galdetegiari.

Estatuen aurkako herrien Europa aldarrikatzen du zure koalizioak. Nola gauza daiteke hori egungo estatuen Europan?

Aldarrikapen asko ditugu eta gauzatzea eguneroko lana da. Ez da erraza, baina herrien Europa proposatzen dugunean adibide asko jar daitezke. Hizkuntzen adibidea da ulertzeko errazena. Orain zabalkuntzarekin hamar estatu gehiago sartu dira. Aurrerantzean esloveniera edo maltera ofizialak dira Europako Batasunean (EB), bi herrialde horiek estatuak direlako. Estatu hizkuntzak direlako dira hizkuntza ofizialak. Horregatik esaten dugu herrien Europa eratu behar dela.

Zein toki du Euskal Herriak Europan. Nola koka daiteke?

Euskal Herria bezala estaturik gabeko nazio asko daude Europan. Europako Aliantza Librean (ALE) estaturik gabeko 30 nazio ordezkatzen ditugu. Europan euskaldunak ez gara bakarrak. Bakoitzak bere berezitasunak ditu. Adibidez, gurea eta eskoziarren egoera ez dira bat. Han ez dute hizkuntz borrokarik. Galesen hizkuntza aldarrikatzen dute; baina, oro har, ez dute autodeterminazioa eskatzen. Euskal Herria Europan beste edozein herri bezala izatea nahi genuke. Hori izan nahi dugu; euskaldunak eta europarrak izan nahi dugu, hori soilik.

Euskara ofiziala izateko ere eskatuko duzula aipatu duzu. Egiten ari diren Konstituzioan ez da hizkuntza ofizial gisa sartuko. Nola babestu hizkuntza gutxituak, beraz?

Ofizialtasuna eskatzen dugunean hizkuntza guztiena eskatzen dugu. Nafarroan gaudenez, ulertzen dugu gure administrazioan gure hizkuntzan egitea eskubide demokratikoa dela. Printzipio demokratikoa da, eta Europako erakundeak, Nafarroako Gobernua bezala, gure erakundeak dira. Beraz, gure erakundeetan euskaraz egin nahi dugu. Egun Europan 21 hizkuntza ofizial daude eta horietako askok euskara baino hiztun gutxiago dituzte. Katalana Europako seigarrena da hiztun kopuruan, eta ez da ofiziala.

Merkatarien Europaren aldean, Europa soziala eskatzen duzue. Ekonomia globalizatu batean, non multinazionalek estatuek baino indar handiagoa duten, nola da posible hori?

Egun EBn politika ekonomiko bateratuan asko aurreratu da, eta gai askotan integrazioa askotan da erabatekoa. Euroa horren adibide da. Baina gizarte arloko gaietan ez da horrelakorik gertatu. Estatuek ongizate sozialeko politiketan beto aukera dute oraindik. Eman dezagun oinarrizko errenta onartu nahi dela Europan. Kontseiluan aho batez onartu beharko litzateke; ekonomia gaietan, aldiz, gehiengo indartua nahikoa da. Bateratze ekonomikoa ez ezik, soziala ere beharrezkoa da, eta hori bultzatu behar da. Multinazionalen kasuan uste dut EBk Estatu Batuen kontrapisua izan beharko lukeela. Estatu Batuek, aurretik inori galdetu gabe, gerra bat hasteko prest daude dituzten multinazionalen mesedetan. EBk NBEn aulki bakarra izan beharko luke eta europarrak bezala hitz egin beharko genuke.

Nafarroari bere berezitasun ekonomikoak eta fiskalak zuzenean defendatzeko eskumena onartzeko eskatu duzu. Zergatik ez da orain artean egin?

Estatu espainolak ez daukalako inolako borondaterik. Herrien Europa eta autodeterminazioa eskatzen ditugu, eta beste Europa bat posible dela esaten dugu. Baina gaur egun daukagun lege esparruarekin eta Espainiako Konstituzioa aldatu gabe ordezkaritza zuzena genuke Kontseiluan. Kontseilua estatuek osatutako erakundea da eta hor guri dagozkigun gaiak aztertzen direnean ordezkaritza izateko aukera genuke. Alemaniako, Belgikako, Erresuma Batuko eta Austriako eskualdeek badute ordezkaritza, mugatua den arren. Hor erabakitzen dira gero hemen kudeatu behar ditugun hainbat gai. Interesagatik egon beharko genuke. Zerga arloan bereziagoa da. Lau euskal aldundiek erabateko eskumenak dituzte arlo horretan; estatuen eskumen berberak ditugu. Europako Batasunak 25 estatu ditu baina 29 sistema fiskal. Hori argi utzi behar da, eta Ekofinen ordezkaritza izan beharko genuke. Ekofinen inork ez duela ordezkaritzarik esaten dute, baina gogoratu behar zaie Europan gurea bezalako fiskalitate berezirik ez duela beste inork. Beste estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek ez dute horrelako eskumenik.

Koalizio batean partaide zara. Zure aurkari UPN-PPko Javier Pomesek esan du hautatzen bazaituzte ere ez duzula legegintzaldi osoa emanen Legebiltzarrean. Nola lan eginen duzue Europan?

Inkesten arabera, ekainaren 14an Bruselan egonen naiz, baina hori herritarrek erabaki behar dute hilaren 13an. Ez dut uste inork pentsatuko duenik Javier Pomesek benetan Nafarroa ordezkatzen duela Europako Parlamentuan.

Zergatik?

Espainian Alderdi Popularra handia da, baina Europan kristorena da. Pomes talde handi horretan sartuta dago. Gure taldeak, Europako Aliantza Libreak (ALE), helburu herrien Europa lortzea dauka, baina estaturik gabeko nazioak ordezkatzea du lehentasuna. Azken Legegintzaldian ERCrekin banatu genuen legegintzaldia. Baina argi dugu ERCk gure interesak defendatzen dituela. Europan 30 naziorik gabeko estatu daude ordezkatuak ALEn eta askok eta askok ez dute ordezkaritzarik izan Europako Parlamentuan, baina guk ordezkatzen ditugu. Hauteskundeotan zabaldu behar dugu zertxobait gure ikuspegia. Gure lana ez da bakarrik Euskal Herria Europan defendatzea. Europari buruz ari gara eta Europako estaturik gabeko nazio guztiak ordezkatu behar ditugu. Azken finean, baten erronka gure erronka da eta baten garaipena ere gurea izango da.

Zer eragin izanen du Europaren hedatzeak orain arte Europan zirenentzat?

Askok diote kide berriekin diru gutxiago etorriko zaigula. Europa ez da bakarrik dirua. Lehenik eta behin, Europa elkartasuna da eta pozik gaude herri gehiago sartu direlako. Bigarrenik, eta hemen doa kritika, zabalkundeak diru kontuak murrizteko aitzakiatzat erabiltzen dituzte estatuek. Hori argi ikusten da nekazaritza eta abeltzaintzan. Zabalkundearekin dirua banatu behar dela esaten da, eta batzuei kendu besteei emateko. Hori ez da egia. EBn finantzaketarako diru iturriak hiru dira: muga-zergak, BEZrekin jasotzen den portzentaia bat eta estatu bakoitzak jarri behar duen BPGren %1,27a, baina azken hori ez da inoiz betetzen. Hori beteko balitz, dirua sobera egonen litzateke. Baieztapena Europako Batzordeak egiten du eta ez guk. Are gehiago, gure programan kopuru hori %1,46a arte igotzeko eskatzen dugu. Europako zabalkuntzak ez luke arazorik eragin behar. Hamar estatu dira, eta egon den zabalkunderik zailena da. 35.000 milioi euro dira orotara. Europako Batasunaren biztanleria %20 bakarrik hazi da.

Baina nola konponduko dira estatuen arteko desorekak?

Hamar estatu gehiago sartu dira eta haietako asko Europa hegoaldeko eskualde asko baino aberatsagoak dira. Arazoak egonen dira eta irtenbideak ere. Baikorra naiz. Europak elkartasuna izan behar du. Azkeneko zabalkundea ez izatea espero dut.

Hala ere, herritar askok urrutiegi ikusten dute Europa. Zein garrantzi du Europako Parlamentuan egoteak erabaki handienak Europako Batzordeak hartzen baditu?

Europako Batzordeak proposatzen du eta Parlamentuak eta Kontseiluak erabakitzen dute. Egun politiken %70 Parlamentuaren eta Kontseiluaren artean erabakitzen dituzte. Eragina handia da. Beste parlamentuetan bezala, han ere egon behar dugu. Lehenenik, gure ahotsa entzunarazteko eta, bigarrenik, politika guztiak han erabakitzen direlako. Ez da hemengo Parlamentua bezalakoa: mugatua dago, ez duelako proposamenak egiteko eskumenik; baina Kontseiluarekin batera erabaki behar du. Guk Kontseilua desagertzea nahi dugu. Onartezina da bi erakunde nagusi egonik, horietako bat estatuek bakarrik osatzea. Hori ez da benetan Europa bateratzea, estatuek beren botereari eutsi eta areagotu egin dutelako. Kontseilu hori kendu eta herrien senatua jarri behar da.

«Europan herri honen alde gauza asko egin daitezke»

Zuzenbide lizentziaduna, Iruñeko enpresa batean lan egiten du EAko ordezkariak. Lana eta kanpaina ezin uztarturik dabil.

Nola daramazu kanpaina?

Lanpetuta nabil, baina moldatzen naiz. Egun batean Gasteizen, bestean Iruñean, gaur goizean Tafallan, gero Lizarrara joanen naiz… Nagusia ez daukat oso pozik, baina tira.

Europan baduzu eskarmentua. Gorka Knörren aholkularia izan zinen 1999tik 2002a arte. Zergatik egin duzu politikarako jauzia?

Europako erakundeetan lan egin nuenean oso gustuko izan nuen. Droga bezalakoa da. Europaren ideia barruan sartzen zaizu eta zaila da kentzea. Gorkarekin asko ikasi nuen. Herri honen alde zenbat gauza egin daitezkeen ikusi nuen. Herri txikiok Europan egon behar dugu, gauza asko ikasten direlako. Eraiki nahi den herri bat bezala, zenbat gauza ditugun ikasteko ikusteko aukera dugu eta, era berean, asko dugula eskaintzeko.

Zu ez zara Europan parlamentari izan, baina batekin lan egin duzu. Europarlamentariak hegazkinetako lehen kategorian astelehenean joan eta ostegunean itzultzen diren gorbatadunak zaretela entzun dut. Egia da?

Hori mitoa da. Hori baino askoz ere gehiago da Europan egin beharreko lana. Herritar asko irudiarekin gelditzen da, baina parlamentari gehienek lan handia egiten dute. Lan eta kilometro asko egiten dituzte, astero. Europako Parlamentuan lan asko egiten da. Oso erraza da lan nork egiten duen eta nork ez jakitea. Parlamentuko webgunean sartu eta, parlamentari bakoitzaren lana ikus daiteke: zenbat txosten, galdera edo bilera izan dituen jakin daiteke.

Eta soldata?

Soldatari dagokionez, Espainiako senatarien soldata bera irabazten dute. Ez dakit kopuru zehatza. Ongi irabazten da, baina ez, komunikabideren batean irakurri dudan bezala, bost urtean 40 milioi pezeta. Hori irabaziko balitz, asko elkarri muturka ibiliko lirateke. Bidaiari dagokionez, Bilbotik Bruselara ez dago lehen kategoriarik.

Ea zer dakizun sartu berri diren 10 herrialdeez. Zein da Estoniako hiriburua?

Arraioa! Oraingoan ederki harrapatu nauzu. Ez dut ideiarik.

Eta Maltako hizkuntza ofiziala?

Maltera. Gainera, egun semitikoa den hizkuntza ofizial bakarra da.

Eta Zipreko biztanleria?

800.000 lagun inguru dira. Geografian ez naiz ona, baina beste datuekin nahiko ongi moldatzen naiz.

Irene Arrizurieta – berria.info

Jatorria: Mikel Irujo