Mugaz gaindiko herrien arteko lankidetza nahi du EAk Europan
Eusko Alkartasunak «mugaz gaindiko lankidetzan oinarritutako herrien Europa» aldarrikatu zuen atzo Irungo Ficoba erakustazokan egindako agerraldian. Hain zuzen, Ipar eta Hego Euskal Herriko muga aukeratu zuten EAkoek atzo «Europan estatuek ezarritako mugak» gaitzesteko. Bertan izan ziren Europako Legebiltzarrerako Herrien Europa koalizioaren hautagai Mikel Irujo, Europako Aliantza Libreko presidenteorde Begoña Lasagabaster, Nafarroako EAko presidente Maiorga Ramirez, Iparraldeko EAko presidente Manex Pagola, Instituzio Harremanetarako Gipuzkoako diputatu Fernando Tapia eta alderdiko Iparraldeko Antolakuntza idazkari Haritza Camblong.
Egun, estaturik gabeko nazioek elkarlanean aritzeko dituzten oztopoak aipatu zituen Irujok. «Herri bat gara, eta herri bezala beste herriekin lankidetzan aritu nahi dugu. Egun, hori posible izateko, gure kasuan, adibidez, beharrezkoa da bi Estatuek elkarren artean nazioarteko itun bat sinatzea», salatu zuen. «Frantziak edo Espainiak ezin dute Euskal Herrian bertan izan dezakegun lankidetza hau mugatu», gaineratu zuen Irujok.Ildo horretan, Europako Batzordeak urte amaierarako kaleratuko duen Mugaz Gaindiko Lankidetzarako lehen Liburu Zuria deritzona aipatu zuen Irujok, eta bertan, EAk naziorik gabeko herrien lankidetza ahalbidetzeko zuzenbide publikoko tresnak ezartzeko eskatuko duela iragarri zuen, «estatuek ezarritako mugen gainetik». Azken batean, «herrien Europa eraikitzeko, eta muga hitza betiko desagertzeko» eskatu eta «Europaz gaindiko politika» gauzatzearen beharra aldarrikatu zuen Irujok, «guretzat Europan mugak ez baitira existitzen. Muga hitza erabat desagerrarazi behar da», esan zuen.Halaber, azken lau urteetako Espaniako Gobernuak egindako politika gaitzetsi zuen Irujok, «europarrak garela ahaztu eta AEBri begira egon delako».
EA barne, Europako hainbat herritako alderdi eta kolektibo biltzen dituen Europako Aliantza Librea koalizioko presidenteorde Begoña Lasagabasterrek «EBren sorrerako filosofia» aldarrikatu zuen. Lasagabasterren aburuz, «EB, jatorrian, bake eta oparotasun egitasmo modura sortu zen, azken finean, estatuek mugarik ez izateko eta gatazka gehiago sortzea eragozteko; herrien batasunaren defentsan».
Duela 50 urte proiektu honi sorrera eman zion gogoeta hori egun guztiz indarrean dagoela iritzi dio Lasagabasterrek
Jatorria: Unai Ziarreta