Martin Aranburu. Legebiltzarkidea
Zer da? Zertarako izango da? Nork hartzen du parte? Nazio Eztabaida Guneak nazio eraikuntzarako planteaturiko tresna berri honen inguruan mahai gainean jarririko galderak dira hauek. Bada, galdera horiei erantzuteko intentzioz eta Nazio Garapenerako Biltzarraren egokitasuna defendatzeko asmoz idazten dut gaur GARAko zutabetxo hau.
Euskal Herriak eraikuntza nazionalerako erabilgarriak izan daitezkeen bi elementu nagusi ditu: urteen poderioz eraturiko sare soziala, batetik, eta autogobernuak emandako erakunde administratiboak, bestetik. Arloka antolatuta dauden eragile sozialak, bakoitza bere esparruan, eskura dauzkan baliabideekin nazio eraikuntza helburu duten hainbat ekintza egiten dituzte: sozio-ekonomian, hizkuntzalaritzan, hezkuntzan, kirolean, kulturan eta abar. Erakundeek, aldiz, nazio eraikuntzaren zerbitzuan erabilgarriak izan daitezkeen baliabide tekniko, juridiko eta ekonomiko asko dituzte, erakunde horien ardura duten alderdi politikoen borondatepean betiere. Egoera hori kontuan hartuta, Nazio Garapenerako Biltzarrak ekarpen xume hau egin du: dagoena ordezkatu gabe osa dezagun nazio eraikuntza.
Erakundeen borondate politikoa gehiengo eta gutxiengo joko demokratikoaren baitan dagoenik ezin uka, baina, helburuak argi izanik eta erakundeen funtzionamendua ezaguturik, euskaldun multzo batek ezin al du erakunde horiek egiten dituzten ekinbideetan zazpi lurraldeko perspektibadun ikuspegi bat proposatu? Jakina, ez dute erakunde horien lana ordezkatuko, baina besteak beste, gure esku dauden baliabideen erabilera hobea egiteko modua azter eta proposa diezaiekete erakunde horiei. Eraginkortasun handia edo txikia izango duen ez dakit, baina erabilgarriak izan daitezkeen zazpi lurraldeetarako planteamenduak jarriko dituzte mahai gainean. Horretaz gain, ezeren aurka jo gabe, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko euskaldunek urtean behin bildu eta ekonomiaz, osasunaz, hezkuntzaz, energiaz eta hainbat alorrez hitz egin behar dugu. Ezin baitugu inon egin debate hori euskaldunok, ez Iruñean, ezta Gasteizen ere. Sor dezagun, bada, elementu berri hori. Komuneko komunitate baten kide garelako. Herri bera baten kide garelako.
Eragile sozialen esfortzua bateratzeko beharra ere badago. Arlo batzuetan, dauden esfortzuak optimizatu behar dira halabeharrezko koordinazioaren bidez, eta erakundeekin bezala, talde askoren planteamenduetan zazpi lurraldeen aldagaia barneratzen saiatu beharko dugu.
Helburu handiak dira zalantzarik gabe. Eragileen baitan lan egin duten pertsona askok egiten du bat Garapen Biltzarrean. Ateek zabalik jarraitzen dute bertaratu nahi duen edonorentzat inori ez baitzaio jatorri politikoaz galdetzen, ezta galdetuko ere. -
Jatorria: Martin Aranburu