Nazioarteko Aliantza Kooperatibaren Itunaren 92. Jardunaldi Kooperatibaren hasiera-ekitaldian
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak esan duenez, funtsean komeni da Gizarte Ekonomitzat jotzen denaren formak globalizatzea, eta horren ondorioz, printzipio eta balioen multzo erkidea dutenek ez lukete nortasuna galduko, betiere, balio horien errespetua abiapuntutzat hartuz gero.
Azkarragak inauguratu zuen, atzo, Amorebietan, Nazio Batuen Erakundearen Kooperatiben X. Nazioarteko Egunean, hain zuzen, Nazioarteko Aliantza Kooperatibaren 92. Jardunaldi Kooperatiboa.
Sailburuak azaldu zuenez, Gizarte Ekonomiako enpresek ´eta zehazkiago kooperatibismoak´ errealitate bihurtzen dute enpresaren gizarte-erantzukizuna, gaur egun moda-modan dagoen kontzeptua.
Azkarragak adierazi zuenez, behin baino gehiagotan kooperatibismoaren konplexutasuna enpresa garatzeko zailtasuntzat edo ahultasuntzat hartu izan da, baina, aitzitik, justu kontrakoa da konplexutasun hori: izugarrizko indarra, hain zuzen ere. ´Kooperatibismoaren bertute eta funts nagusietariko bat da, hain zuzen, bi dialektika, ekonomia-eraginkortasuna eta gizarte-eraginkortasuna, osagarri bihurtzea, nahiz eta hasiera batean itxuraz kontrakoak ematen duten´ , esan zuen sailburuak.
Ildo horretatik, globala eta tokikoa lotzeko beharra azpimarratu zuen; lehiakortasunak globalitatea eskatzen baitu; orobat, beste negozio batzuek ez bezala, kooperatibek ´beti jarraitzen dute euren tokiko komunitateekin konprometituta egoten´, nabarmendu zuenez.
Era berean, Azkarragak eragile publikoen eta pribatuen eginkizunaz aritu zen: ´ezinbestez lankidetzan aritu behar dute, komunitatearen onuraren alde kooperatu behar´, eta, gehitu zuenez, historikoki egon den lankidetza areagotu beharra dago, kooperatibismoa ekonomiaren eta gizartearen eremu guztietan dagoelako.
Jatorria: Joseba Azkarraga