Martin Aranburu Carrera – Legebiltzarkidea
Politika orokorreko debatea izan genuen iragan ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean. Alderdi bakoitzeko bozeramaileak esango zuenaren zain, lehendakariak esan zuenari ezinbesteko arreta jarri eta gero, arreta berezia jarri nion Sozialista Abertzaleak-eko eta Alderdi Sozialistako bozeramaileek esandakoari, beraien planteamendu politikoetan aldaketaren bat ikusiko nuen itxaropenarekin. Komentatzekoak diren aspektu asko azaldu baldin bazituzten ere, sozialisten buru Lopez jaunak esandako zerbait nabarmendu eta komentatu nahi nuke. Estatutu berri baten bozketa, kontsulta eta negoziazioak pil-pilean zebiltzan unean, Lopez jaunak muga bikoitza jarri zion marko juridiko-politiko berri baten prozesuari: lehendabizi, euskaldunen arteko kontsensua gaur egungo estatutuak duena baino handiago izatea, eta bigarrenik, gaur egungo legedia ez gainditzea. Bestela esanda, PSEk herritarrei hitza emateko eskubidea kontenplatzen duen diskurtso politiko bat asumitu du, hori bai, legediaren mugarekin.
Ez da nire helburua bere iritzi politikoa kritikatzea, berea izanik, zilegi da eta errespetatu beharrekoa. Zalantza izpirik ez horretan. Halere, kritika ekidin nahian, galdera bat darabilkit buruan sozialisten diskurtsoa entzun nuenetik, eta zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta premiazkoagoa sentitzen dut erantzuna. Izan ere, bi muga horiek, herritarren kontsentsua eta legedia, beti bat egin behar dutela asumitzen omen du alderdi sozialistak, kontrajarriak izan daitezkeela kontuan hartu gabe. Baina bi ezinbesteko aldagai horiek egunen batean kontrajarriak badira zer? Hau da, euskaldunen arteko kontsentsuak legedia gainditzera eramaten bagaitu, kasu horretan, zein da errespetatu beharreko kuestioa euskal sozialismoarentzat? Kontsentsua ala legedia?
Adibide konkretu bat mahaigaineratuko dut nire zalantzaren nondik-norakoak azaltzeko asmoz. Gerta liteke, euskaldunen arteko kontsensuaren ondorioetako bat hizkuntza politika berri baten beharra izatea, non, guztien hizkuntza eskubideak errespetatuak izango diren, bai euskaraz bizi nahi dugunona eta erdaraz bizi nahi dutenena ere. Kasu horretan, ezinbestekoa izango da euskara administrazioko eremu batzuetan txertatze politikak abiatzea, zeintzuk, behin baino gehiagotan, legediaren mugak gainditzea exijituko duten. Zein da hor aukera? Kontsentsua ala legedia?
Nortasun nazional desberdineko gizataldeak biltzen dituen gizarte bakarra da euskalduna, eta gizatalde horien arteko elkarbizitza kontsentsuz soilik lor daiteke, hori izan ezean, inposaketa baitago. Eta egia esan, inposaketa zeinek zeini egiten dion gutxienekoa da, berdin-berdin arazo politikoa izango dugu eta. Horregatik, kontsentsua asumi dezagun denok. Hori bai, mugarik gabeko kontsentsua, hori izan ezean, jaiotzaz kutsatutako kontsentsu irreala baita. Eta gero komeriak. –
Jatorria: Martin Aranburu