Kide Ugariko Familien II. Kongresuaren hasiera-ekitaldian, bereziki emakumeei eragiten dien ´etxeko terrorismo´ horren aurka altxatzeko dei egiten die gizonei eta emakumeei

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarraga familia-eredu jakin baten alde ari da: familiako kide guztien eta bakoitzaren eskubideak errespetatuko dituena, eskubide-berdintasuna izango duena, boterea ere modu orekatuan banatuko duena, komunikazio zuzenekoa, etxeko lanak guztien artean egingo dituena, norberaren intimitatea errespetatuko duena, erabakiak denen artean hartuko dituena, eta errespetuan eta konfiantzan oinarritutako diziplina izango duena; eta guztiok familia-eredu horren aldeko apustua egitea nahiko luke sailburuak. ´Egitura solidarioa duen familia lortzeko lan eginez gero prebentzio-lan izugarria egiten ariko gara´ esan zuen, familiaren barruko indarkeriari dagokionez.

Sailburuaren hitzetan, ´ezinbestekoa da gurasoek seme-alabei gatazkak konpontzeko bideak erakustea, baina indarkeriarik gabe, eta tartean dauden pertsona guztiak eta bakoitza aintzat hartuta. Printzipio horrek familiaren barruko praktika demokratikoen oinarri izan beharko luke´, adierazi zuen Azkarragak, Hirukidek Donostian antolatu zuen Kide Ugariko Familien II. Euskal Kongresuaren hasierako ekitaldian.

Familiaren barruko edo kideen arteko indarkeriaren arazoa aipatu zuen espresuki Azkarragak. Emakumeen hilketak eta tratu txarrak hitz gogorrekin salatu zituen, ´etxeko terrorismoa´ salatu zuen; gizonak eta emakumeak ´etxeko terrorismo´ horren aurrean ´zero tolerantzia-maila´ izan behar genukeela aipatu zuen. Halaber, Hondarribiko gaztearen kasua gogorarazi zuen, ikasgelako lagunen erasoen eta gehiegikerien ondorioz, bere buruaz beste egin zuen gaztearena. ´Horrelako egoeren aurrean, gizarteak, oro har, eta familiek, batik bat, ezin dute ezikusiarena egin. Guztiok erantzun egin behar dugu eta indar edo botere gehiago dutenek ahulenak edo urrakorrenak menderatzen dituzten kasu guztiak salatu behar ditugu, eremu guztietan, eta indarkeria-mota edozein izanik´, jarraitu zuen.

Kontseilariak nabarmendu zuenez, gizarteratze-lan zaila eta konplexua eragile baten gain uzten du gizarteak, familiaren gain, hain zuzen; eta banakoek egin behar dutena egin nahi izatea lortzeko prozesu hori behar bezala aurrera eramatea familiaren egitekoa da. Ildo beretik, gurasoek erantzukizun partekatua dutela esan zuen; emakumea lan-munduan sartzen hasi zenetik bikotearen barruko eta gurasoen rolak aldatu egin direla ziurtatu zuen Azkarragak, eta familia-harremanak, seme-alaben heziketak eta etxeko lanen banaketak garrantzia hartu dutela, baina, hala ere, aitortu zuen etxeko lanen banaketen kontu horretan bidea hasi besterik ez dela egin.

Sailburuaren hitzaldian argi geratu zen familiaren balioa berriz handitzen ari dela; gaur egungo gizartea pertsonekin gero eta hotzagoa eta agresiboagoa denez, norberaren babesa familiaren baitan aurkitzen da. Horrekin batera, familia-kontzeptu berriak sortzen hasi dira; familia berrietan kide bakoitza den bezala, pertsona gisa baloratzen da, eta banakako eskubideak eta eskubide-berdintasuna indarra hartzen ari dira. Zentzu horretan, ´seme-alabengan inbertitzearen´ baloreari buruzko iritzia aldatu dela azpimarratu zuen. Beste garaietan ez bezala, gaur egun seme-alabak ez dira etorkizunerako inbertsioa, ez dira familiari etekinak ekartzeko egindako inbertsioa, ´gurasoen eta seme-alaben onerako den elkarrekikotasun-ariketa baizik´. ´Baina elkarrekiko konpromiso horrek -Azkarragaren esanetan- zor moral bat dakar, eta zor hori kitatzeko modu bakarra, seme-alabek ere, guraso izatean, irizpide berdinari jarraitzea da; hartara, belaunaldien arteko elkartasunaren katearen jarraipena bermatuko baita´.

53,5 MILIOI – 2003. URTEAN EUSKAL FAMILIENTZAT

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailaren lehentasunetako bat familiei babesa eta laguntza ematea dela berretsi zuen sailburuak, eta EAEk ematen dituen laguntzak Estatu-mailako handienak direla azpimarratu zuen. Azkarragaren hitzetan, Azkeneko ebaluazioko datuen arabera, seme-alabak dituzten familiak babesteko Erakundearteko Planaren baitako laguntzak 53.531.553 milioi eurokoak izan ziren 2003an.

Ia 13 mila familiek jaso zituzten Azkarragaren Sailak zuzeneko laguntzen bitartez emandako 16 milioi euroak; horri beste 16 milioi pasatxo gehitu behar zaizkio, lanaldi-murrizketa edo eszedentzietara bideratu zirenak, bai langileentzat (14 milioi ?), bai enpresentzat; laguntza horiekin familia eta lana uztartzeko neurriak sendotu nahi dituzte, eta iaz ia 7.000 langile izan ziren laguntzen onuradun. Gainerako dirua familiak babesteko zerbitzuentzako ia 21 milioietan (haur-eskolak) eta sentsibilizazio-neurrietan banatu zuten.

Azkarragak aurreratu zuenez, bere Saila Familiak Babesteko Legearen hasierako zirriborroa idazten ari da eta neurri berriak barne hartuko dira zirriborroan, ´betiko ildoari jarraiki: familiei erabakitzeko askatasuna eta gaitasuna emateko aukerak eskaintzea´.

Jatorria: Joseba Azkarraga