Laneko arriskuen Prebentzioari buruzko VII. San Prudentzio Foroari hasiera eman dio sailburuak
Laneko segurtasuna eta osasuna lege-mailako eskakizun huts gisa ez ezik, zerbait gehiagotzat ere hartzeko eskatu die Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak euskal enpresaburuei, izan ere, baieztatu duenez, “arauak betetze hutsarekin konformatzen bagara, nekez irtsiko da izatera prebentzioa gure nortasunaren ezaugarri”. Sailburuak azpimarratu duenez, ezinbestekoa da enpresaren gainerako helburuei adinako balioa eta garrantzia ematea segurtasunari eta osasunari.
Laneko arriskuen Prebentzioari buruzko VII. “San Prudentzio Fundazioa” gizarte eta lan-Foroaren inaugurazio ekitaldian, Gasteizen, Lan sailburuak adierazi duenez, “administrazio-betekizun hutsak nola edo hala kudeatzea baldin bada gure helburua, prebentzioaren mundu anitzaren zati bat baino ez dugu gauzatuko, garrantzi gutxienekoa agian, eta, zalantzarik gabe, epe luzean laneko arriskuarekiko jarreren, jokabideen eta ohituren aldaketan eragin txikiena izango duen zatia.
Azkarragak azpimarratu duenez, gainera, arriskuak behar bezala kudeatzeko “beharrezkoa da enpresa osatzen duten gizabanako guztien partaidetza eta ekarpena bermatuko dituen lan-giroa ezartzea”.
Segurtasunean inbertitzeak dituen abantailak garbi ikusten ez dituzten enpresaburuei hitz eginez Joseba Azkarragak adierazi duenez, “prebentzio-politika egokia ezarri duten enpresek, langileen segurtasuna zaintzeak dakarren onuraz gainera, produktibitatearen eta kalitatearen hobekuntza izan dute; enpresaren mozkinen igoera bat, finean”.
Lan sailburuak, amaitzeko, adierazi du laneko ezbeharren aurkako borroka ez dela egun batetik bestera irabaziko, baina, gaineratu duenez, “etsipenik onartzen ez duen lasterketa luzea da”. Hala, azpimarratu zuenez, Osalanen tutoretzapeko enpresetan ezarri diren aurrez aurreko neurriei esker, ehuneko 36,99 jaitsi ziren heriotza eragindako istripuak 2003. urtean, eta ehuneko 47,63 istripu larriak enpresa horietan.
Jatorria: Joseba Azkarraga