´Immigrazioa eta Lan Merkatua´ izeneko txostenaren aurkezpenean
Immigranteek lan-merkatuan duten eraginari buruz Egailan Sozietate Publikoak egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Txostenak 2003ko abenduaren 31ra arteko epea jasotzen du. Sailburuarekin batera agertu dira Adolfo González, Lan zuzendaria, eta Javier Ramos, Egailaneko Lan Merkatuaren Behatokiko arduraduna.
Azken bost urteotan, %68,2 hazi da legezko biztanle atzerritarren kopurua, %18,2 azken urtean, hain zuzen ere. Gogorarazi behar da 90eko hamarkadaren amaieran Euskal Autonomia Erkidegoko migrazioen saldoa negatiboa zela.
2003ko abenduan legezko 28.600 atzerritar zeuden gure artean. Espainiako Gobernuak ematen duen biztanle atzerritar ilegalen %30eko portzentajea ontzat ematen badugu, eta kalkuluan zuzenketa-elementuren bat sartzen badugu —gure erkidegoan Europar Batasunetik kanpoko langileen pisua txikiagoa da— ondorioztatu dezakegu legez kanpoko atzerritarrak 10.000 inguru direla EAEn.
Europar Batasunetik kanpoko legezko biztanle atzerritarrak herritar guztien %2,6 dira Estatun, EAEn berriz, %0,7 baino ez. Etorkin gutxien jasotzen duten Europako hamar zonaldeetako bat gara.
EAEko immigranteen banaketa nahiko orekatua da Europar Batasuneko beste estatuetatik eta Batasunetik kanpoko estatuetatik datozenen artean.
EAEn Gizarte Segurantzan afiliatutako atzerritarrak afiliatu guztien %2,2 dira jada, duela bi urte baino putu erdi gehiago. Dena den, Estatu osoan, %5,6ra iritsiak dira dagoeneko.
Atzerritarrak lanerako adinik onenean datozkigu; izan ere, ez dezagun ahantz, lanera etortzen dira. Lanik ez egiteko adinean (haurrak eta erretiroko adinean daudenak) iristen diren etorkinak oso gutxi dira.
Beste puntu aipagarri bat zera da: immigrante gizonezkoen pisua hazi egin da azken 2 urteotan. Afrikatik eta Europako espazio ekonomikotik gizonezko gehiago datozkigu, eta Latinoamerika edo Europa ekialdetik emakume gehiago.
INEMen eta Langairen datuak gurutzatuz gero, enplegua bilatzen ari diren immigranteen honako profila da emaitza: gizon gaztea, oinarrizko ikasketak dituena, Latinoamerikatik edo Ipar Afrikatik datorrena eta eraikuntzan lana bilatzen duena.
Kanpotarrek kualifikazio gutxiko lanpostuak bilatzen dituzte. Eskariaren zati handi bat aldi baterako laneko enpresen bitartez bideratzen da. Eraikuntza, ostalaritza, nekazaritza eta industria dira immigranteek lan egin ohi duten sektoreak.
Legez kanpoko lanaren presentzia handia detektatu da. Emakumeek eta latinoamerikarrek dute joera handiena ezkutuko ekonomian lan egiteko, eta Ipar Afrikakoek, berriz, egoera arautuetan lan egiteko joera dute. Aipatutako lehenengoen kontratuen portzentajea txikiagoa da biztanlerian hartzen duten pisuarengatik legokiekeena baino; izan ere, emakume latinoamerikarren ehuneko handi batek lan egiten du ezkutuko ekonomirako joera handia duten sektoreetan (etxe barruko lanak, ostalaritza…).
Batez besteko datuei kasu eginez, ondorioztatu dezakegu latinoamerikarrak eraikuntza eta merkataritzarako kontratzen direla; iparrafrikarrak, portugaldarrak eta asiarrak eraikuntzarako; txinatarrak ostalaritzarako; eta Saharaz gaindiko afrikarrak eraikuntza, nekazaritza eta itsas sektoreetarako. Hala eta guztiz ere, nabarmenena zera da: gehienak aldi baterako laneko enpresen bitartez kontratatzen dira.
Ehunekoari dagokionez, emakumeak gehiagotan kontratatzen dira ABLEen bidez gizonezkoak baino. Bost gizonetik bi eraikuntzarako kontratatu dira, eta hiru emakumetik bat ostalaritzarako.
2003an EAEn kontratatutako atzerritarren ia erdiak inolako kualifikazio beharrik gabeko lanetarako kontratatu ziren; bostetik bat kualifikazioa eskatzen zuten industria eta eraikuntzako lanetan aritu ziren; eta %14 kualifikazioa eskatzen zuten ostalaritza eta merkataritzako lanpostuetan. Horren ildotik, ondorioa zera da: soldatengatik, zailtasun fisikoagatik edo ordutegi-eskakizun handiagatik okerrenak eta betetzen zailenak diren lanpostuak hartzen dituztela etorkinek. Ezaugarri horiek dituzten lanak dira, hain zuzen ere, bertakoek bere gain hartu nahi ez dituztenak.
Hala eta guztiz ere, bertakoek baino kontratu-errotazio maila txikiagoa nozitzen dute atzerritarrek, dauzkaten lan-baldintza zailak direla-eta.
Atzerritarra izatea, berriz, ez da aldagai erabakiorra lan-kontratuaren iraupena ezartzerakoan. Etorkinek sinatzen dituzten mugagabeko kontratuen proportzioa bertakoenaren oso antzekoa da.
Laburbilduz…
1. Immigranteen etorrera lan-espektatiba onek berriki sortutako gertakaria da, oraindik ere hazteko tarte handia duena. Europar Batasuneko estatu guztiek daukate Batasunetik kanpokoen proportzio handiagoa guk baino.
2. EAEra iristen diren etorkin gehienak Portugaletik, Ipar Afrikatik eta Latinoamerikatik datoz.
3. Etortzen direnen ikasketa- eta kualifikazio-maila oso oinarrizkoa da.
4. Lanpostu okerrenak betetzen dituzte.
5. Kontratua dagoen kasuetan, mugagabeko kontratua lortzeko bertakoen aukera berdinak dituzte, eta errotazio txikiagoa nozitzen dute.
6. Hala ere —eta horrek arau-indarra hartzen du—, lan-baldintza okerragoak dituzte, eta lan-harremanak malgutzeko eragileak dira lan egiten duten sektoreetan.
Ondorio gisa…
Sailburuak adierazi duenez, “gure biztanleriaren piramidean balaunaldien erreleburik ezak sortu duen desoreka ikaragarria konpentsatu dezake etorkinen ekarpenak. Kontuan izan behar da azken 30 urteotan izan ditugun jaiotze tasa eskasek gure egitura kolokan jarri dutela. 16 eta 24 urte bitarteko 125.000 pertsona gutxiago daude, kopuru absolutuetan, 1997an baino”.
“Horretarako —baieztatu du Azkarragak— gure ekonomiak hazten jarraitu behar du, langile horientzat herrialde erakargarria izaten jarraitu dezagun; izan ere, zahartzeari buruzko azterketen arabera, EAEk gizarte lehiakorra izaten jarraitzen badu, immigranteak biztanleriaren %10 izan daitezke 15 urte barru, alegia, 200 mila pertsona inguru kopuru absolutuetan”.
Egoera berri honek, sailburuaren ustez, “erronka garrantzitsuak plazaratzen dizkigu. Horren ondorioz, guztiok planifikazio eta integraziorako ahalegin handiak egin beharko ditugu, eta gaurtik aurreikusi behar dugu balizko kultur gatazkei ere aurre egin beharko diegula (hizkuntza edo ohiturengatik), gizarte eta lan mailako gatazkez gainera. Hortaz, gai horri ikuspegi integral batetik egin beharko zaio aurre, Eusko Jaurlaritza egiten hasia den bezala”.
Era berean, bere ikusmina ere adierazi du ikusteko “zertan gauzatzen den Zapateroren Gobernuak, alferrikakoa bezain ankerra den Atzerritarren Legeari amaiera emateko, ezarri nahi duen immigranteen aparteko erregularizazio-prozesua. Ez dezagu ahaztu PPk onartu zuela lege hori, PSOEren erabateko sostengua izan zuelarik. Espero dezagun aldaketa sakona izatea, eta immigrazioa behin eta betiko erregularizatzea. Lege berriak esplotazioa, diskriminazioa eta ankerkeria ordezkatu behar ditu, giza eskubideetan, justizian eta berdintasunean oinarritutako irizpide errealista eta solidarioagoak erabiliz.
“Finean, denok argi izan behar dugu hemen lana badagoelako etortzen direla kanpotarrak. Haiek gure beharra dute, baita guk haiena ere. Guztien eskubideak bermatzea da erronka nagusia. Ez da erraza izango, baina modu bakarra da”, adierazi du Azkarragak.
Jatorria: Joseba Azkarraga