Rafael Larreina, Eusko Alkartasunako bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Orain dela 25 urte, Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrak kontsultatuak izan ziren eta Eusko Kontseilu Nagusiak, Carlos Garaikoetxea buru zelarik, proposatzen zien Gernikako Estatutuaren proposamena martxan abiatzearen alde gehiengoaz agertu ziren.
Gernikako Estatutua diktadura frankistatik Demokraziara oraindik sendotu gabeko transizio prozesuak karakterizatutako testuinguru politikoan jaio zen. Inguruabar haietan Estatutua zen euskal gizarteak behar zuen tresna egingarria Herriak zituen larrialdiei erantzun azkarra emateko: euskara desagerpenera eramaten zuen sistema hezigarri eta kulturaleko defizitak; Barne Ekoizkin Gordineko erortze iraunkorra; Gipuzkoan eta Bizkaian, Kontzertu Ekonomikoa ez izateagatik, zerga-espoliazio iraunkorra; oinarrizko azpiegituretan defizit ikaragarria.
Herriaren larrialdi horiei erantzun eraginkorrak eman ahal izateko Eusko Jaurlaritzak neurriak abian jarri zituenean, hain justu, hasi zen Estatutu-Itunetik Estatutu-Iruzurrerako iragaitea. Prozesu Autonomikoaren Harmonizaziorako Lege Organikoaren (LOAPA) onartzearekin, bere jatorria O-23ko Estatu-Kolpean dagoena, hasi zen euskal herritarrek erreferendumean onartutako Estatutuaren aldaketa –estatutu-testuan bertan aurreikusitakoa errespetatu gabe-. Estatu-Kolpe horren fruituak gaur arte iritsi dira: hogeita hamar eskuduntza transferitu gabe, PPren eta PSOEren gobernuen adierazpenak eskuduntza zehatz batzuk ez direla inoiz transferituko esanez, eta Oinarrizko Lege multzo batek urtean-urtean gai ordurako transferituak murriztuz eta 1979ean erreferendumean onartu genuen Estatutua ezagutezin bihurtuz. Eta hau ez dugu guk soilik esaten, Maragall buru den gobernuko gobernamendu-akordioan Kataluniako Alderdi Sozialistak baieztu du: “autogobernu katalaniarraren gaitasuna trenkatu duten oinarrizko legeak banan-banan berrikusi behar dira”.
Gaur, egoera honen aurrean, Europako Batasunean gure integrazioak karakterizatutako testuinguru politikoan eta Estatu-kolpe berrien arriskurik gabe, euskal gizartearen gehiengodun borondateak estatus politiko berri bat eskatzen du gure herrirako. Marko politiko berri horrek ez du soilik 1979ean onartutako Gernikako Estatutuaren autogobernu-gaitasuna gainditu behar, baizik eta gainera euskal gatazka politikoaren sustraiak diren bi gai nagusiei ekin behar die: subiranotasuna eta lurraldetasuna.
Orain dela zortzi urte EAk bakarrik eskatzen zuen marko politiko berriaren beharra, gaur Eusko Legebiltzarrean dagoen ordezkaritza politikoaren %60ak–gutxienez- iritzi bera du. Etapa politiko berri bat ireki da: adostasun berriarena, euskal gizartearen erabakitzeko eta kontsultatua izateko eskubidean oinarritua.
Horregatik Eusko Alkartasunarentzat Urriaren 25a ez da iragana begiratzeko eta euskal herritarrei iruzurra ospatzeko data, baizik eta geroari begiratzeko euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea eta bere erabakia errrespetatua izateko eskubidea aldarrikatuz.
Jatorria: Rafael Larreina