Azkarraga sailburuak baieztatu duenez, aurrekontuak gizarte kohesioa eta integrazioa indartuko dute, justizian eta elkartasunean oinarritutako politikak erabilita
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak zuzentzuen duen Sailaren 2005eko aurrekontuak aurkeztu ditu, gaur goizean. Guztira, 399.556.766 euroko kopurura iristen dira, hau da, Aurrekontu Orokorren proiektuaren %5,61.

Legebiltzarrean, Azkarragak nabarmendu zuen bere sailaren kontuek bat egiten dutela datorren urterako Jaurlaritzak ezarritako helburuekin: gure hazkundea berriro piztea, berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta garapen iraunkorraren aldeko apostua berritzea, baita euskal gizartearen elkartasuna eta kohesioa ere.

ILDO OROKORRAK

Gizarteratze-arloa da gehien hazten dena. Guztira, 196 milioi euro, hau da, sailaren gastu guztietatik ehuneko 49,1. Horrela islatzen da egin dugun ahelegina, babes sozialaren sistema bermatzeko eta bazter dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko erabaki zehatzak abian jartzeko zuzendu ditugun baliabideak mugitzeko ahalegina, hain zuzen.

Justizia-arloan, 2005erako guztira 107 milioi euro esleitu ditugu, Sailaren aurrekontuetako ehuneko 26,8. Etapa berriak bete nahi ditugu zerbitzu publikoa kalitatezkoa eta modernoa emate aldera. Gazte Justiziaren programak garatuko ditugu, arauak hausten dituzten gazteak gizarteratzen laguntzeko; gainera, giza eskubideen aldeko lana bultzatuko dugu.

Lan eta Gizarte Segurantza arloak 89 milioi euro izango ditu. Baliabide horiei esker posiblea izango da Laneko Osasun eta Segurtasunaren Planean aurreikusitako jarduerak egitea, baita Enplegua Sustatzeko (2003-2006) Plana garatzea ere. Prebentzio-neurriei lehentasuna emateko asmoa dugu, eta, era berean, enplegu-politikaren ardatz moduan laneko orientazioa bultzatzea, berori talde desberdinen beharretara egokitzea, eta enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bultzatzea. Gainera, gure ustez beharrezkoa da Gizarte Ekonomian trebatzeko laguntza indartzea, eta, horrenbestez, euskal kooperatibak eta lan-sozietateak sendotzeko laguntzei eutsiko diegu.

Azkenik, Egitura eta Laguntzari 6,7 milioi euro zuzendu dira datorren urterako.

Gastuaren banaketa ekonomikoari dagokionez, langileen gastua, 76 milioi eurokoa, aurrekontuetako ehuneko 19,12 da.

Funtzionamendurako zuzendutako 32 milioi eurotik gehienak egoitza judizialak mantentzeko dira, baita adingabeei buruz epaileek hartutako erabakiak betearazteko ere.

Bestalde, ia 280 milioi zuzenduko dira diru-laguntza arruntetarako, Gizarteratze zein Lan eta Gizarte Segurantza arloetan.

Inbertsio errealetarako, 6,7 milioi esleitu dira, hau da, aurreko urteen aldean nabarmen gutxiago. Gutxitze horren arrazoia da egoitza judizial nagusietan obrak amaitu direla.

Kapital-eragiketetarako, berriz, 3,4 milioi euro ezarri dira. Atal horretan nabarmendu behar dugu Gizarte Ekonomiaren programaren laguntzak nabarmen areagotu direla, diru-laguntzen programak berriro bideratzearen ondorioz.

Finantza-aktiboen hazkundeak jasotzen du, batez ere eta ohikoa denez, Egailan elkarte publikoaren kapitalaren hazkundea finantzatzera zuzendutako kredituak.

JUSTIZIA ARLOA

Zuek denok badakizue Justizia zerbitzu publiko modernoa eta eraginkorra izan dadin Jaurlaritzak zer nolako eragina egiten duen, herritarren premiei azkar eta egoki erantzun nahian. Ildo horretan sartzen dira ezarritako 107 milioiak, bi programa handitan banatzekoak.

Justizia Administrazioarena, 73 milioi euroko aurrekontua duena, eta batez ere transferentzietatik ondorioztatzen diren jarduerak egiteko dena, zehatz-mehatz: transferitutako langileen kudeaketa egitea, eta egoitza judizialak eta adingabekoen ikastegiak hobetzea eta mantentzea. Bigarrena (aipatzean bigarrena delako, ez beste zergatik) Justiziakoa da, ia 34 milioi euroko aurrekontua du, justizia-administrazioaren eta Giza Eskubideen arloan jarduteko.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

Programaren guztizko osoa 73,4 milioi eurokoa da, eta horietarik ia ehuneko 80, hau da, 58,7 milioi, Justizia Administrazioko langileentzako gastuak finantzatzeko dira.

Gainerako esleipena, 14,7 milioi euro, gainerako programa gauzatzera zuzenduta dago. Izan ere, 10 milioi gastu arruntak direnez, inbertsio errealak 4,7 milioi euro baino ez dira; beraz, kopuru hori aurreko urteetan baino nabarmen txikiagoa da, eta, esan den bezala, hori horrela da egoitza judizialen plana funtsean amaituta dagoelako.

Dena den, programaren inbertsio-atalean aurreikusita dago 2005ean Donostiako San Martin jauregia zaharberritzen jarraitzea, 2.265.000 euro baliatuta, Landako adingabekoen ikastegia zaharberritzea (1.300.000 euro), eta Azpeitiako Justizia jauregiaren obrak hastea, 200.000 euro baliatuz.

Horretaz gain:
- 18 egoitza judizialak mantentzeko, 1.837.319 euro zuzenduko dira.
- egoitza horiek garbitzeko eta energiaz hornitzeko, egunero funtzionatzeko behar diren beste baldintza batzuen artean, guztira 2.840.955 euro.
-konponketa eta obra txikietarako, 653.000 euro esleitu dira.
-eta egoitzen segurtasunarekin lotutako guztirako, 3.687.000 euro.

JUSTIZIA

Lau dira helburuak, aldez aurretik zehaztu behar direnak. Lehenengoa da Justizia Administrazioa optimizatzea. Bigarrena, Justizia Administrazioan euskararen erabilpena bermatzea, eta hizkuntza juridiko bateratua sustatzea. Hirugarrena, berriz, adingabekoen neurri judizialak behar bezala gauzatzeko behar diren baliabideen sarrea garatzea, eta laugarrena, berriz, giza eskubideen sustapena eta zabalkundea bermatzea, bai bere banakako dimentsioan baita sozialean ere.

Programak 33,7 milioi euroko aurrrekontua dauka. Langileen atalak 6 hartzen du. Dotazio hori batez ere, 2005eko ekitaldia bitartean, Ibaiondo adingabekoen ikastegi eginberrian 63 lanpostu betetzera zuzenduta dago. Zenbatekoa dela-eta nabarmentzeko modukoak dira, ere bai, funtzionamendu eta diru laguntza arrunten gastuak, 17,4 eta 8,3 milioi eurokoak baitira, hurrenez hurren. Diru horri esker egingo diren gauzen artean, lehenengo eta behin, euskara eta informatikarekin lotutakoak aipatuko ditut.

Horrela, 2005ean, Justizia Administrazioaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Osoko Planean jasotako erabaki batzuk ezarriko dira, baita hitzkuntza-eskakizunen esleipenari buruzko ikerketa bat ere. Era berean, gainerako erakundeekin adostuko dira Justizia Administrazioaren zerbitzu publikoan herritarren hizkuntza-zerbitzuak bermatzeko erabakiak. Gainera, epaitegietan euskararen erabilpena bultzatzeko esperientzia berriak ezarriko dira, eta horretarako guztirako 1.198.457 baliatuko ditugu.

2005ean ere Justizianet (intranet zein extranet) arloko garapen informatikoa egingo da, egun epaileek, magistratuek eta fiskalek erabiltzen dituzten ekipoen berrituko dira, sinadura digitalaren sistema ezarriko eta bake-epaitegietan erabiltzeko informatika-aplikazio bat taxutuko. Jarduera horiek guztiak informatika-sareari eusteko egin behar den guztiarekin batera 6.448.104 euro eramango dituzte guztira.

Era berean, aurreikusita daukagu bulego judizialetan, Aginte Judizialaren Lege Organikoaren arabera antolatzeko eredu berria ezartzeko, 200.000 euro inguru beharko ditugula.

Bake Justiziari dagokionez, eta udal-autonomia albait gehien errespetatuz, jarraituko dugu epaitegien funtzionamendu eta inbertsio gastsuak diruz laguntzen. Guztira 1.300.000 euro baliatuko dira horretarako

Gainera, 4.300.602 euro zuzenduko ditugu adingabekoei buruzko epaileen erabakiak gauzatzeko behar diren premiei erantzuteko. Azken urteetan gero eta joera handiagoa dago adingabekoei buruz ingurune irekiko erabakiak ezartzeko, baita adingabekoak barneratzeko eta zigorren iraupena luzatzeko ere, eta horrek guztiak berarekin batera dakar postu gehiago behar izatea, eta, horrenbestez, baliabide gehiago. Horri, hain zuzen, erantzun nahi dio aurrekontuak.

Beste atal oso inportantea dugu etxeko biolentziaren biktimentzat doako laguntza juridikoa eta ofiziozko txanda finantzatzeko zerbitzuarekin lotutakoa. Horretarako, 4.785.927 milioi euroko aurrekontua dago.

Justiziarekiko lankidetzarako zerbitzuek, epaileei eta auzitegiei laguntzeko funtzioaren barruan, 1.059.600 euro eramango dute.

Giza Eskubideen arloan 1.100.000 euroko aurrekontuko aurreikuspena dago. Bake-ekimenen programak finantzatzeko erabiliko dira, eta, baita ere, gobernuz kanpoko erakundeei laguntzeko. Era berean, jarraitzen dugu hilobi komunak aurkitzeko lanei laguntzak ematen, berton lurperatutako pertsonei identitatea ere lapurtu zieten arrazoia galdu eta gerra irabazi zutenek, eta euren duintasuna bueltatu nahi diegu.

Azkenik, programak 410.000 euroko atala jasotzen du Espetxeetako Gizarte Laguntzarako.

LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA ARLOA

89,4 milioi euroz hornitutako atal honetan lau aurrekontu-programa sartzen dira.

Lan eta Gizarte Segurantza programak arloko baliabide guztien ehuneko 22,97 hartzen du, eta 20,5 milioi euroko dotazioa dauka. Hiru arlotan banatuko dira: Laneko Segurtasun eta Osasun Plan Zuzentzailea (2003-2006); lan-harremanen euskal esparruarekin eztabaida soziala bultzatzearekin lotutakoa eta Borondatezko Aurreikuspen Sozialaren Plana agian jartzea definitzen duena, horren helburua gizarte-babesaren formula hori orokortzea delarik.

Enplegu-programak arloko aurrekontuaren ehuneko 47 hartu du. Guztira 42 milioi euro dira, langabezia-mailei eusteko eta lan-tasak areagotzeko, Enplegu Planean jasotako oinarrizko helburuak.

Hirugarren programa, Prestakuntzarenak, 21 milioi euroko hornidura dauka. Aurreko ekitaldietan esleitutako kopuruaren antzekoa da eta justifikatu egiten da gure erkidegoan giza baliabideak Prestatzearekin eta Orientatzerekin lotutako kontuetan sendo esku hartu beharra dagoelako, hori guztia orain lanik gabe dauden taldeak, baina aldi berean enplegurako prest daudenak, laneratze aldera.

Azkenik, laugarren programak Euskal Gizarte Ekonomia laguntzeko eta bultzatzeko jarduerak hartzen ditu, eta ia 6 milioi euro ditu horniturik.

LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA programaren zehaztapenak erakusten duenez, ahalegina egin dela funtzionamendu-gastuen atala gutxitzeko, eta, horrela, 15 milioi euro baliatzeko aukera egongo da, zenbait jarduera zehatzetarako. Hona:

– Sindikatuei laguntzea (1.617.424 euro).
– Ezintasunak dituzten pertsonen lan-baldintzak hobetzeko laguntzak; guztira 142.000 euro.
– Aurreikuspen Sozial Osagarriaren Plana garatzeko, 714.000 euro.
OSALAN organismo autonomoa finantzatzeko dotatzioa handiena da: 12.305.330 euro.

OSALAN
Laneko segurtasun eta osasunerako politikak gure sailaren kezka nagusiak dira. Gure ustez, behartuta baikaude laneko inguruneari datxezkion kausak jatorrian kentzeko, edo gutxienez kentzeko, behar diren balliabideak arbitratzera.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Plan Zuzentzailea onartzea 2003-2006 garairako da gure erkidegoko langileen osasun eta segurtasun baldintzak hobetzeko adierazgarri zehatza.Eta pllan horren garapenean aurrera egiteko, 2005erako, 12.933.000 euroko aurreikuspena egin da.

Atalen araberako aurrekontu-esleipenak erakusten duenez, langileen gastuek 6.740.000 euro eramaten dute (guztiaren ehuneko 52,12), baina funtzionamenduak, berriz, 3.790.000 euro ditu esleituta ( ehuneko 29,31 %). Gainera, diru-laguntza arruntek 2.110.000 euro eramaten dute (ehuneko 16,32); inbertsio errealek 225.000 euro (ehuneko 1,74) eta finantza-aktiboen gehikuntzak 66.000 euro (ehuneko 0,51).

Hona, azaletik, organismoak garatuko dituen jarduerak:
- Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko ikastaroak, eraikuntzako langileentzat prestatuak, 720.000 euroko aurrekontuaz.
- Lan Arriskuei aurre hartzeko kanpaina ezartzea, jarduerak zabalduz, plan zuzentzaileak azaldutakoari jarraiki; guztira, 450.000 euroz.
- Ikerketa eta azterlanak egitea: 90.000 euro.
-Segurtasun eta Osasuneko zentroak mantentzeko eta konpontzeko jarduerak: 300.000 euro.
-Eta, gainera, lan-arriskuak prebenitzeko 7 beka ezarriko dira.

ENPLEGU programak 42 milioi euroko esleipena dauka, eta guztiaren ehuneko 94,52 Enplegua Sustatzeko Erakundeen arteko Planean (2003-2006) jasotako jarduerak diruz laguntzeko erabiltzen da. Gogoratu egiten dut bertan enplegu-aukerak hobetzea eta lan-merkatuan sartzeko arazo handienak dituzten taldeei laguntzea lehentasuntzat jotzen direla. Gainera, gure asmoa da Lanbide sendotzea langabetuengana gerturatzeko eta banakako laguntza emateko eredu berri gisa.

Programa hau taxutzerakoan, aurrekontuaren ikuspuntutik, kontuan hartu dugu langabeziaren arazoa hasiera batean oso zabaldua zegoela, eta gizarte eta ogibide mota guztietako profileei eragiten zuela; orain, berriz, fenomeno murritzagoa da eta, neurri handi batean, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen taldearekin zerikusirik dituen arazo-multzo batekin lotuta dago. Horrenbestez, politika espezifikoak ezartzeko eta garatzeko beharra hartu dugu kontuan. Arazo gehienak dituzten hiru talde batez ere hartu ditugu helmugatzat: emakumeak, gazteak eta luzaroko langabeziak. Dena den, kontuan hartu dugu ere bai sortuberriak diren arazoak dituzten beste talde batzuk badaudela, besteak beste, etorkinak eta ez aktiboak.

Nolanahi ere, funtsezkoa da arazo desberdin horiek aintzat hartzea zer egin behar den erabakitzerakoan. 2005erako aurrekontuan ondorengo hauek sartu dira:
-Enpresentzako zuzeneko laguntzak, laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten taldeei mugarik gabeko zein bitarteko kontratua egiteagatik; guztira, 4.535.052 euro.
-Langile-zerrendak berritzeko laguntza, txanda-kontratuari diru-laguntzak emanaz. Horretarako, 12.373.716 euro aurreikusi dira guztira.
- Lanaldi-banaketa sustatzea, 106.355 euroko esleipenaz.
- Enplegu eta Prestakuntza proiektuen barruan formalizatzen diren kontratuek 754.457 euro izango dute.
- Lana eta familia adiskidetzeko laguntzarako 9.887.769 euro baliatuko dira.
- Eta, azkenik, Egailan elkarte publikoa finantzatzeko, 6.441.101 euro.

EGAILAN
Egailan elkarte publikorarko aurrekontua 6.633.962 eurokoa izango da; horietatik, lehen ikusi dugun bezala, Sailak 6.441.101 euro jarriko ditu. Elkarte horren aurrekontua aztertuz gero, konturako gara Egailani eta bere aurreko proiektuei dagozkien gastu arruntak albait gehien murriztu direla, eta orain gastu osoa Lanbide abian jartzeko eta mantentzeko ezarri dela.

Begi-bistakoa denez, badaude nabarmen handitu diren aurrekontu-atalak, zerikusi zuzena dutelako hiru bulego berri irekitzearekin eta zerbitzua abian jartzearekin. Inportantena da, dudarik gabe, langileen gastuena; izan ere, bulego berriak funtzionamenduan egoteko 15 pertsona behar baitira. Lokalak mantentzeak berarekin batera dakar, era berean, gastua handitzea. Kontuan hartu behar dira, orobat, zerbitzua abian jartzeko informatika-materialean egin beharreko inbertsio handiak (guztira, 756.800 euro).

PRESTAKUNTZA programak Enplegua Sustatzeko Erakunden Planean jasotako printzipioei erantzuten die. Hau da, langabetuei laguntza osoa eman behar zaie enplegua aurkitzeko, eta lan merkatuaren eskaintzei erantzuteko behar besteko prestakuntza edo prestakuntza egokirik ez dutenei falta zaien prestakuntza hori eman. Orobat, lan-munduarekin harremanetan hasten lagundu behar zaie gazteei, eta lan-merkatuan desberdinkeriari aurre egiteko borroka-moduak sustatu behar dira. Programaren dotazioa 21 milioi eurokoa da, eta horietatik ehuneko 96,89 diru-laguntza arruntetarako dira, gainerakoa, berriz, langileen gastuetarako.

Ondorengo jarduerak jaso dira:

- Enplegurako Orientaziorako laguntzak, erakunde laguntzaileentzat, guztira 3.009.160 euroko horniduraz. Erakunde horiek eta Sailak berezkoak dituzten zerbitzuek enplegurako orientaziorako euskal sarea osatzen dute.
- Baliabideak preskribatzeko jarduerei, lana aurkitzeko aukerak hobetzen dituztenei (praktikaldiaren bidezko prestakuntza, eta abar), eta 11.144.100 euro esleitu zaizkie.
- Enpresak berriak sortzeko kultura eta enpresa-sortzaile berriak prestatzeko proiektuak bultzatzeko, 1.144.000 euro zuzenduko dira.
- EQUAL ekimenari 3.304.400 euro esleitu zaizkio.
- Enpresa-elkarteentzako eta sindikatuentzako laguntzak, prestakuntza-planak egin ditzaten, 1.340. 600 eurokoak dira.
-Eta, amaitzeko, junior-enpresarentzako laguntzak 100.000 euro izango du.

GIZARTE EKONOMIA programarekin amaitzen da enplegu-arloa, eta 2005eko kontuetan 6 milioi euro esleituta duena; horietatik, 3,3 (%57,71) trasferentzia arruntak dira, kapital-eragiketei, berriz, 1,9 milioi euro (%32,7) atxiki zaizkie. Gainerako ehuneko %9 langileen eta funtzionamendu gastuetarako dira. Gure ustez, Gizarte Ekonomia bultzatzeko Administrazio Publikoak egiten duen lanak ere malgua izan behar du. Sektorearen ezaugarriak kontuan hartu behar dira, bere beharrak etengabe ebaluatu, eta, horren ondorioz, bere jarduera egokitu.

Sailak programa aztertu du, eskuhartze publikoaren zortzi motatako multzoak osatua, eta adituen iritzipean jarri du, bere gareain lan-taldea osatu zuenena, baita kooperatiben euskal mugimenduaren irizpidepean ere. Horren guztiaren arabera, lehentasunezkotzat jo da 2005a bitartean Gizarte Ekonomia enpresa berrien sustapenaren laguntzan arreta jartzea, eta, horretarako, 1.893.859 euro baliatuko dira.
Logikoa denez, kontua ez da soilik kooperatibak eta lan-sozietateak sortzea, baizik eta, baita ere, enpresa eta lanpostuak sendotzea prestakuntzaren bidez; horretarako, 1.169.570 euro esleitu dira. Laguntza teknikorako 790.509 euro ezarri dira, eta elkarteeen arteko lankidetzarako, 322.338 euro. Gainera, lankidetza ekonomikoak 252.000 euroko esleipena dauka, eta enpresaren kudeaketan eta zuzendaritzan langileak partaidetza eraginkorrak 630.008 euro.

GIZARTERATZE-ARLOA

Gure arlo “kutuna” da. Gizarteratze-arlorako eta familiaren aldeko zerbitzuen multzoa finantzatzeko Sailak dituen 399 miloitik 196 erabiliko ditugu horretan.

Erabilgarri dauden kredituen banaketa ezartzean, Oinarrizko Errenta eta Gizarteratzeko Larrialdietarko Laguntzak indartzearen alde egin da. Interesgarri deritzot Oinarrizko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko gutxieneko soldataren (3/2004 Lege Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoa) ehuneko 84,5 bermatzeko bestekoa izango dela aipatzea. Eta, modu berean aipatu nahi dut arau horrek bideratzen duela Lanbideen arteko Gutxieneko Soldata gizarte eta lan-arlora, eta adierazle berria sortzen duela, Eragin Anitzeko Errentaren Adierazgarri Publikoa (IPREM) izenekoa, lanbideen arteko gutxieneko soldatak gizarte eta lan-arlotik kanpo betetzen ari ziren eginkizunak bere egiteko.

Hori bai, Sail honek berretsi egiten du oinarriazko errenta kalkulatzeko errefentzia Errege Dekretuan ezarritako Lanbidearteko gutxieneko soldataren kopurua hartzen jarraituko duela. Erabaki hori hartzeko, arauaren arabera, autonomiako legegileak berariaz azaldu behar du, eta, horregatik, hain zuzen, 2005erako Aurrekontuen Legean artikulu espezifiko bat txertatu da horren inguruan .

Beharrezkotzat jo dut azalpenak ematea gure jarduera argiroago erakusteko. Era berean, zehaztu nahi dut laguntzen bi lerroek Oinarrizko Errentaren 37.500 hartzaile (29.800 dira 2004an) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen 23.500 hartzaile (aurten 20.000ri lagundu zaie) hartzen dituztela, eta horrek esan nahi duela Sailak 159 milioi euro jarri duela. Nolanahi ere, ondorengo honek argi geratu behar du: laguntza-lerro horiek zabal daitezke, Oinarrizko Errentak ez du aurrekontuetako mugarik, eta, horrenbestez, ekitaldian sortzen diren premiei egoki daiteke.
Familia babesteari dagokionez, datorren urterako 18,8 milioi euro esleitu ditugu. Seme-alabak dituzten familientzako laguntzei eutsiko diegu, baita lana eta familia bateragarri egin behar direla sentikortzeko eta ideia hori zabaltzeko jarduerei zein familiari eta bere beharrei laguntzeko kultura sozialari ere.

Programaren ehuneko 98,43 diru-laguntza arruntak dira. Hona erradiografia:

1.-Oinarrizko Errenta; esleipena 134.000.000 eurokoa da, eta handi daiteke. Termino absolutoetan atal horri 30,6 milioi euro gehitu zaie. Horrela, 2003an hilean 426,38 eurokoa zen, 2004an, berriz, 435,17 euro eta 2005ean 502,78 euro izango direla aurreikusten da (hartzaile bakarra egonez gero).

2.- Gizarte Larrialdietarako Laguntzak; aurrekontua: 25.000.000 euro, 30 milioira ere hel daitezkeenak.

3.- Gizarteratzeko Planarekin ( 2003-2005) bat eginez, 4.415.700 euroko aurrekontua ezarri da oinarrizko gizarte-zerbitzuak sendotzeko. Ez da ahaztu behar gizarteratze-politiken antolaketa, hein handi batean, gizarteratzeko hitzarmenaren inguruan dabilela, eta hori zerbitzu horien eta hartzaileen artean ituntzen dela.

4.- Auzolan programarako 7.820.000 euro ezarri dira, eta gizarteratzeko enpresek 2.967.329 euro jasoko dute guztira.

5.- Gizarteratzeko eta Prebenitzeko hitzarmenek 1.214.000 euro izango dituzte erabilgarri. Irabazteko asmorik ez duten erakundeek eta udalek beraiek kudeatutako programak sustatu nahi dira, gizarteratzeko hitzarmenei edukia emate aldera.

6.- Azkenik, seme-alabak dituzten familientzako laguntzak hartzen dituen atala 17.578.373 eurokoa da eta, gure aurreikuspenen arabera, 13.000 familia inguru onuradun izango dira.

EGITURA ETA LAGUNTZA

Sailaren azken arloak, Egitura eta Laguntzakoak, 6,7 milioi euroko aurrekontua du. Haren jarduerek eta funtzioek sailaren jarduera guztiak garatzeko oinarria osatzen dute. Langileentzako gastuak 3,2 milioikoak dira, eta funtzionamendukoak, berriz, 2,8 milioi euro. Kopuru hori arlo desberdinak zabaltzeko eta sustatzeko kanpainetarako zuzentzen da, argitalpenak egiteko, estatistika-ikerketak egiteko eta informatika-ekipoak mantentzeko. Inbertsio-atalak 361.000 euroko dotazioa dauka, informatika-ekipoak eta garapenak erosteko dena.

FINANTZATUTAKO BAINA EZ TRANSFERITUTAKO GAIAK:
“EUSKADIRI UKO EGITEA”REN PREZIOA

2002an, Eusko Jaurlaritzak honako konpromiso hau hartu zuen: Estatuak onartutako eskumenak izanik oraindik transferitzeke dauden eta EAEko aurrekontuen kontura finantzatzen diren gaien gastuetarako, aurrekontu-esleipenak egiteko konpromisoa, hain zuzen. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bete egiten du konpromiso hori eta, horrela, aurreikusita dauka 2005ean 62.198.410 euro gastatzea transferitu ez diren eskumenetan.

Zuek ondo dakizuenez ─aldika-aldika salatu dugulako─, kudeatze-lanetan funtsezkoak diren baliabideak lapurtzen ari zaizkigu. Izan ere, Estatutua, lege organikoa izanik ere, ez betetzea erabaki dute politikoki behin eta berriro gobernu zentral guztiek, eta, hori konpentsatzeko, ezinbestez, beste erabaki bat hartu behar izan dugu ─eta hori, berriz, bada legearen araberakoa─: herritarrentzat oso garrantzitsuak diren gaietarako baliabideak esleitzea. Dena den, ez dugu, inola ere, pentsatu behar jarduera horiek, finantza ahalegina dakartenek, betetzen dutenik egiteke dauden transferentzien eskabide zuzena. Gure eskumenak hartu behar ditugu eta haien gainean erabaki.

Gai horiek finantzatzeko bailabideak honela banatzen dira: Enplegurako (programaren osoa), 41.965.922 euro; Prestakuntzarako (programa osoa sindikatu eta enpresa-elkarteak diruz laguntzeko atala kenduta), 19.822.488 euro; eta Justiziarako (espetxeko lege-laguntzaren txanda eta espetxeetako gizarte esku-hartzea), 410.000 euro.

ONDORIOA

Nire azalpena amaitzeko, berriro ere azalduko dizuet agerraldiaren hasieran adierazitako nahia: murgil zaitezten proiektuaren azterketan eta eztabaidan, eta zuzenketak eta ekarpenak egin ditzazuen. Entzun egin nahi dizuet, eta poztu egingo nintzateke, kohesioa eta integrazio soziala sendotzen dituzten kontuak onartzera helduko bagina. Ez dira hitz onak soilik. Zenbakiek erakusten dute EAEko gastua babes sozialean estatuaren batez bestekoa baino ehuneko 20 handiagoa dela. Oinarrizko Errentaren hazkundea gogorazten dizuet: 2005ean, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren 84,5koa izango da, eta Gizarteratzeko Larrialdietarako Laguntzetarako atala ehuneko 25eraino ere handitu da. Kontuan har dezazuen Oinarrizko Errenta kalkulatzeko erreferentzitzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata, eta ez Eragin Anitzeko Errentaren Adierazgarri Publikoa (IPREM), hartzea erabaki dugula. Justizia eta elkartasuna oinarri duten politiken alde egin dugu, aurrekontuak berresten duen bezala. Jakin badakigu garapena ez dela soilik zenbaki markoekonomikorik hoberenak eta lehiakorrenak erakustea, baizik eta gizartea eraldatzea, herritar guztiengana eskubide sozialak hel daitezen lortzea, eta desberdintasunaren eta diskriminazioaren kontra lan egitea. Gure sailak laguntza ematen du herritarrek bizi duin, autonomo eta kalitatezkoa lor dezaten. Izan ere, oso argi daukagu ez dagoela nazioa eraikitzerik gizartea eraiki barik, eta lehentasun politikotzat jotzen dugu hala bazterketaren aurka behar besteko baliabideak jartzea, nola laguntza behar handiena dutenen bizia hobetzea. Errealitatea, ez besterik, dugu hizpide. Guztira, 37.500 pertsona dira Oinarrizko Errentaren onuradun, 23.500 Gizarte Larrietarako Laguntzena, eta 13.000 familiek, seme-alabak hazteko laguntzak hartzen dituzte. Dena den, ez zaigu nahikoa iruditzen. Badakigu oraindik egin gabe dagoen lana handia dela, eta, nolanahi ere, aurkeztu berri dizuet aurrekontuari esker badugu justizia zerbitzu publikoaren hobekuntzan erantzukizunez aritzea, baita bazterketaren aurkako borrokan eta enpleguaren sorkuntzan ere.

Jatorria: Joseba Azkarraga